Beloaz, burkaz eta gona luzeaz

MjIyMA==

Espainiar estatura zabaldu da beloaren auzia, denon ahotan edo buruan egon da noizbait kontua itzulipurdika. Ez da ez samurra gero, pentsatzekoa da. Niri behintzat zer pentsatua ematen dit Isabel San Sebastian, emakumeen eskubideak defendatzen eta beloa gaitzesten entzutea telebistako tertulietan. Hor zerbait arraroa dago ezta? Noiztik agertzen da espainiar eskuina berdintasunaren alde borrokan?

Beloaren aurkako gurutzadaren oinarrian, Josu Amezagak gaur Berrian ondo dioen moduan, xenofobia eta anti-islamismoa dago. Are gehiago, kristau-anti-islamismo xenofoboa. Ni ez naiz erlijioen defentsan aterako, ez horixe, baina bai kultur aniztasunaren eta tolerantziaren defentsan. Beloa, ez al genuke errespetatu  behar kultur adierazpen bezala? Nola jakin belo hori ez dela inposatuta jarri? Zer tresna jarri daitezke inposaketa horiek ekiditeko?  Baina adi! Beloaren inposaketa debekatzen dugun eran, ez al dugu gona luzearen inposaketa debekatu behar? Hortaz Opusekoak asko dakite. Edo ez litzateke zilegi izan behar hondartzan, kalean edo edozein esparru publikotan biluzik joatea? Hori ere onartu beharko dugu noizbait, kristau/musulman ez garenok ere eskubidea nahi dugu gure kanonak ezartzeko janzterako orduan.

Inposaketarik ez dagoen bitartean, beloa edo beste edozein jantzi erabiltzeak, zilegi behar luke izan. Zilegi eskoletan, esparru publikoetan, hondartzan edo edozein lekutan… kulturen arteko elkarbizitza eta tolerantzia nahi badugu behintzat. Berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraiki daiteke, kultura bakoitzaren berezitasunak onartuaz, ez gaitezen erori ultraeskuinak sustatutako gurutzadetan.

Irudia | Beloaren auzia | Margot LeNin (Flickr) | Creative Commons By SA

Ekaitza bainuontzi batean

4 pentsamendu “Beloaz, burkaz eta gona luzeaz”-ri buruz

  • Ados nago, “normal”tzat jotzen ditugun gauza asko berez kristautasunetik datoz, eta batzuk oso modernoak dira. Esan ohi da gure zibiliziazioaren oinarrian Grezia dagoela, baina Grezian normalak ziren hanbat gauza onartezinak izango liratteke guretzat. Hona hemen horietako batzuk, baita geroagoako beste ohitura batzuk ere:
    -Biluztasuna: ia derrigorrezkoa zen zeharo biluztea kirola egiteko. Imajinatzen al dituzue Joku Olinpikoen inaugurazioaren ekitaldian, atleta guztiak larru gorritan desfilatzen?
    -Grezian normala zen adin bateko gizonezko batek 12, 13, 13… urteko mutiko batekin harreman sexualak izatea. Hainbat tokitan, Espartan, kasu, mutilak zigortzen zituzten 14 urte betetzean amorante heldu bat ez bazeukaten.

    -Guretzat pribatsuna ezinbestekoa da behar batzueterako, baina hori XIX. mendeko burgesiaren asmakizun bat da. Erromatarrentzat letrinak sozializatzeko tokiak ziren, eta Frantziako Luis XIV.a erregeak ministroak hartzen zituen komunean eserita zegoela.

    Etab.

  • errespetoa eta tolerantzia gauza bera al dira? nork ematen dio kulturaniztasun-zale bati norbait edo zeozer ‘toleratzeko’ eskubidea-ahalbidea? ez al da horrela posizio goiduna norberarentzat gordetzen?

    islamofobia dela-ta: arrazakeria mota hori zer da: arazo kulturala (ohitura, balio, janskera, erlijio… ezberdinak…) ala arazo politiko-soziala (etorkinen esplotazio ekonomikoa, subordinazio politikoa…?

    argalak esaten zuen bezala: ‘hemen lan egiten duena hemengoa da’. urrats bat haratago:’ hemen bizi dena hemengoa da’ (badiou). eta gaiontzeko guzia kulturalismo ahula da.

  • Amonamantangorri 2010-05-08 19:09

    – Buruan zapia janztea emakumearen menpekotasun sinboloa da. Hala ere, artikuluan ederki esplikatu den bezala, hori ez zen izan neskato musulman hura eskolatik kanporatzeko arrazoia.

    – Nik ez ditut kultur adierazpenak eta ideiak errespetatzen. Nik pertsonak errespetatzen ditut, eta ez guztiak. Ideiak, baloreak eta ohiturak, aztertzeko eta eztabaidatzeko dira, ez “errespetatzeko”. Igual ohitura batzuk “tolerableak” izan daitezke, elkarbizitza baketsu bat bilatze aldera, baina beti haien gainean gure iritzia emateko eskubidea dugu.

    – Herri batean zenbat eta sentimendu erlijioso handiagoa aurkitu, orduan eta pobre eta ezjakinagoa da herri hori. Nik ez dut erlijioa nire herrian zabaltzerik nahi, eta are gutxiago zabalkunde hori eskolen bitartez egiten bada. Ateoa naizen aldetik, nire posizioaren alde mintzatzeko eskubidea dudala uste dut, ideien trukatze libre batean. Eskola publikoetan ez dut ez apaizik, ez imamik, ez artzain protestanterik nahi, eta ez nago eskola erlijiosoek dirulaguntza publikoak jasotzearen alde.

    – Nire ustez bada elementu bat denen gainetik kontuan hartu beharrekoa: Neskato hori eskolara joan beharrean etxean dago. Beraz, gaizki eginda.

  • Eztabaida antzu hau ikusten dudan bakoitzean, Euskal Herrian gainera, Euskal herrian gertatua gogora datorkit. Historia pittin bat ezagutuz gero, gure emakumeek buruan zapia erabiltzen zutela ohartuko gara. Zapi xuria, ile guztia biltzen zuena eta gora begira adar bakar moduko bat zuena, emakume euskaldunen zapia edo tokadoa. Kristautasuna izan zen zapi paganoa debekatu zuena, hain zuzen, adar moduko hori zakilaren irudikapena omen zela esan eta inkisizioaren sorginkeria auziei aurre egin behar izan zieten. Kristautasuna gurera heldu aurretik ere erabiltzen zuten, eta kristautasunak debekatu eta jazarri zuen.

    Debekua askatasunaren etsaia da, amnesia memoriaren aurkako eta ezjakintasuna ezagutzaren oztopo.