Igelaren nahasmena

Igelaren nahasmena –

Nahasmena eragin du atzo Igela argitaletxeari buruz Lander Majuelo editoreak eta Berria egunkariak plazaratutakoak, eta azalpenak eman ditu nafar argitaletxearen jabe den Ereinek, Igela gelditzea erabaki dutela ukatuz.

Lander Majuelo (Igelako editoreak):

.

Erein argitaletxeak:
Igelaren nahasmena
Argazkia: BERRIA.

Harridura osoz irakurri dugu gaurko Berria digitalean Uxue Rey Gorraiz kazetariak sinatuta izenburu hau: «Igela argitaletxea gelditzea erabaki dute haren jabe diren enpresariek». Berri hori eta ondoren ageri diren afirmazio batzuk ikusita, behartuta sentitzen gara kontu batzuk argitzera. Igelaren «jabe diren enpresariak» enpresa bakarra da eta bere izena da Erein argitaletxea, orain hiru urte, orduko jabeak jubilatzera zihoazela eta, argitaletxe hori erosi baitzuen, Nafarroan eta Euskal Herri osoan argitaletxe horren beharra dagoela iritzita.

Orain dela hiru urte Erein argitaletxeak pentsatu zuen langile bat hartzea Iruñean –gizarte hartan sortua eta garatua baitzen Igela argitaletxea ordura arte– eta hari autonomia guztia ematea. Langile hari soldata bat esleitu zitzaion eta errentagarritasunaren gaineko helburu eta eginkizun batzuk itundu zituzten hiru urtean, urtero-urtero, errebisatzekoak. Langile hori Lander Majuelo zen, eta uneoro izan du egoeraren gaineko berri zehatza eta lan egiteko askatasun osoa. Hiru urte pasatu direnean, eta besteak beste, aurrez itundutako helburu eta eginkizun horiek bete ez direnez, langile horren gaineko kontratua bertan behera utzi behar izan du Erein argitaletxeak.

Erein argitaletxeak ez du erabaki Igela argitaletxea gelditzea. Aurreneko kasua izango litzateke munduan kaleratutako langile batek erabakitzen duena enpresaren jarduna noiz gelditzen den. Erein argitaletxeak hitzartuta dauden liburu horiek argitaratzeko asmoa du, eta gero erabakiko du aurrerantz zein modutara jarraituko duen argitaletxeak. Aurreratu dezakegu, irakurleen eta euskaltzaleen lasaitasunerako, noski, Igelaren katalogoa eskuragarri egongo dela eta Ereinek ahal duen guztia egingo duela proiektu editoriala aurrera ateratzeko orain arte egin duen bezala.

Igelaren nahasmena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude