Donostiako Protokoloa ekitaldia
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa EKITALDIA (HEBP)
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (HEBP)
…
EKITALDIA amaitu da
(streaming)
Abenduak 17 larunbata 11:30 Kursaal
https://protokoloa.nirestream.com/external/488/percent
…
Proiektuaren helburuaz
…
Hizkuntza eskubideak gizakiaren oinarrizko eskubideetan kokatu behar ditugu, zalantzarik gabe. Hizkuntzek komunikatzeko balio dute, baina hizkuntza errealitatea ezin zaio lotu bakarrik dimentsio komunikatiboari; hau da, hizkuntzak ezin dira kulturetatik bereizi. Hizkuntzen eta kulturen arteko harremana ukatzen denean, hiztunen eta herritarren duintasunari muzin egiten zaio. Hartara, hizkuntza aniztasunaren aldarrikapena pertsonen eskubide guztien defentsarako ekarpen gisa ulertzen dugu.
Horrexegatik, garatu nahi dugun dinamikak tresna bat eskaini nahi du bide honetan; hain zuzen ere, gizarte ongizatean eta elkarbizitzan laguntzeko ekarpena; bai eta bakean ere. Izan ere, hizkuntza komunitateekiko jardun demokratikoen bilakaerak giza baldintza guztiekiko errespetuaren bermea ekarriko du.
Europa osoan zehar hizkuntza komunitateak euren berezko hizkuntzetan bizi ahal izateko antolatu dira. Ehunka dira hizkuntza gutxituen garapenean, hainbat eremutatik, lan egiten duten gizarte erakundeak.
Proiektu honek horien bilgune izan nahi du, Europako gizarte zibilak hizkuntza aniztasunaren garapenerako proposamena gauzatzean lidergoa izan dezan. Proiektu honen bidez gizarte eragileen, antolakundeen eta adituen arteko prozesu bat zabalduko da, hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko protokolo bat jorratzeko eta horren ondorioak nazioarteko goi bilera batean aurkezteko.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (HEBP) hainbat lantaldek aurreko urteetan garatutako adoste prozesuaren emaitza izango da eta ikuspegi zientifikoa, akademikoa eta gizartearen ikuspegia bilduko ditu. Hizkuntza gutxituen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako Europa eraikitzeko tresna. Hortaz, proiektutik sortutako ondarea, protokoloa, nazioarteko foro eta instantzietara eramango da izaera anitzeko erakundeek hizkuntza aniztasunarekiko duten konpromisoaren arautzaile gisa erabil dezaten.
Gauzak horrela, protokolo hau osatzeko prozesuan lau helburu nagusi bete nahi dugu:
1. Hizkuntza aniztasuna bermatzea eta hizkuntzen garapena ziurtatzea, elkarbizitza eta bakerako oinarri funtsezkoak direla aldarrikatzea.
2. Hizkuntza berdintasunaren alde eta desabantaila egoeran dauden hizkuntzen garapenenerakotresna eraginkorra sortzea.
3. Hizkuntza komunitateak prozesu honetan subjektu gisa agertzea eta gizartea kudeaketa justuhorren berme dela aldarrikatzea.
4. Donostia eta Europako Kultur Hiriburua prozesu honetan mugarri izatea.
Eta, honekin guztiarekin, bost balore edo printzipio jorratzea aurreikusten dugu: elkarbizitza eta bakea, aniztasuna, berdintasuna, …
…
Zergatik Protokolo bat ?
…
Normalean “protokolo” hitza “itun” edo “hitzarmen” bezalako adierazpenak baino formalagoak ez diren akordioak izendatzeko erabiltzen da. Egia da, bai, Protokolo mota asko dagoela. Baditugu, esaterako, sinadura-protokoloa, hain zuzen ere, aldeek idatzi duten itun baten tresna subsidiarioa. Emendakin-protokoloa ere badago, aurretik onartutako itunak moldatzeko xehapenak jasotzen dituena. Protokolo fakultatiboa itun bati eskubide eta betebeharrak eransten dizkiona. Edota protokolo osagarria, aurretik onartutako itun bat osatzeko xehapenak biltzen dituen tresna. Halere, guk jorratu nahi dugun Protokoloa Itun batean oinarritutako Protokoloa izango da. Hau da, aurretik onartutako itun edo hitzarmen baten helburua erdiesteko betebeharrak jasotzen dituen tresna bat.
Dena dela, kontuan hartuta Protokoloak 1996an onartutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (HEDU) izango duela oinarri, kasuren batean osagarria ere izango dela aurreikusten dugu, hain zuzen ere, hogei urteetan gizartea aldatu egin delako eta duela bi hamarkada aurreikusi ez ziren elementuak gure eguneroko bizitzan ohiko bihurtu direlako. HEBP zehaztu behar izan dugunean ere, egun indarrean dauden hainbat Protokolo izan dugu gogoan. Egia da, ingurumenarekin lotutakoak izan direla gureari gehien hurbiltzen zaizkionak, hain zuzen ere, protokolo horietan neurri zehatzak jasotzeko bokazioa izaten dutelako. Bestalde, interesgarria iruditu zaigu behin Protokoloa onartuta hurrengo urratsak edota bertan jasotzen diren neurrien monitorizazioa nola egiaztatzen duten baloratzea, eta akaso, horregatik gure helburuak betetzeari begira ezaugarri interesgarrien biltzen dituena Ozono-geruza Agortzen duten Substantziei buruzko Montrealgo Protokoloa izan da, eta, ondorioz, hori izango dugu ardatz nagusi.
…
Erreferentziak
…
2015eko martxoan Talde Antolatzaileak Protokoloa prestatzeko erreferentziak zein ziren zehaztu zituen. Behin eta berriz gogoratzen ari garen moduan, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1996) izango da Protokoloari norabidea jarriko dion ituna. Halere, azpimarratu nahiko genuke ebaluazioadierazleak zehazterako orduan UNESCOk onartutako Hizkuntzen Bizitasuna eta Desagertzeko Arriskua txostena (2003) dokumentua ere izango dela oinarrietako bat. Bi dokumentu horietaz gain, honako Itun edo dokumentu hauek ere izango ditu erreferente Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak:
NAZIO BATUEN ERAKUNDEA
- Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (1948)
- Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna (1966)
- Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna (1966)
- Teherango Aldarrikapena (1968)
- Haurraren Eskubideen Aldarrikapena (1989)
- Gutxiengo Nazional, Etniko, Erlijioso eta Linguistikoen Eskubideei Buruzko Aldarrikapena (1992)
- Vienako Aldarrikapena eta Ekintza Programa (1993)
- Herri Indigenen Eskubideei Buruzko Aldarrikapena (2007)
EUROPAKO KONTSEILUA
- Giza Eskubideen eta Oinarrizko Eskubideen Babeserako Hitzarmena (1950)
- Gutxiengo eta Erregio Hizkuntzen Europako Ituna (1992)
- Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen markoa (1994)
UNESCO
- Kultur Aniztasunari Buruzko Aldarrikapen Unibertsala (2001)
- Adierazpen Kulturalen Aniztasunaren Babes eta Sustapenerako Hitzarmena (2005)
SEGURTASUN ETA LANKIDETZARAKO EUROPAKO ERAKUNDEA
- Gutxiengo Nazionalen Hezkuntza Eskubideei Buruzko Hagako Gomendioak (1996)
- Gutxiengo Nazionalen Hizkuntza Eskubideei Buruzko Osloko Gomendioak (1998)
- Gutxiengo Nazionalen Bizitza Publikoan Parte Hartze Eraginkorrerako Eskubideei Buruzko Lundeko Gomendioak (1999)
EUROPAKO BATASUNA
- Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna
- Lisboako Ituna
- Europako Batzordearen Txostena erregio edo gutxiengoen hizkuntzetarako ekarpenekin aniztasunaren eta kulturaren hedapenerako testuinguruan
- Europako Parlamentuaren 2013ko irailaren 11ko Ebazpena, arriskuan dauden Europako hizkuntzen eta Europako Batasuneko hizkuntza aniztasunari buruzkoa
PEN INTERNATIONAL
- Hizkuntza Eskubideen Gironako Manifestua
NPLD – HIZKUNTZA ANIZTASUNA SUSTATZEKO SAREA
- Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria
…
Sustatzaileak
…
Proiektuaren sustatzaileak Kontseilua eta DSS2016 Fundazioa dira. Haien ekimenez sortua da eta haiek arduratuko dira garapen zuzena izan dezan zaintzeaz.
EUSKARAREN GIZARTE ERAKUNDEEN KONTSEILUA
KONTSEILUA euskalgintzako 40 eragile nagusienen bilgunea da. KONTSEILUAren helburu nagusia euskararen normalizazio prozesua azkartzea da, eta bere misioa euskara maila pertsonal, sozial eta ofizialean berreskuratzea. Euskalgintzaren ordezkaritza zabalena da eta bere eragin lana hiru esparru nagusitan betetzen du: Herrietan tokiko eragileekin egiten du lan eta maila pertsonaleko konpromisoak sustatzen ditu modu berritzailean. Instituzioetan harremanak izaten ditu administrazioekin hizkuntza-politika egokiak garabidean jartzeko. Nazioartean, KONTSEILUAk bi lan-ildo nagusi jorratzen ditu; batetik, gurea bezalako erakundeekin harreman iraunkorrak jorratu eta , bestetik, nazioarteko instituzioetan gure egoeraren berri eman, Europako Kontseilua edo Nazio Batuen Erakundean. KONTSEILUA onura publikoko erakunde izendatua dago eta lehentasunezkotzat jotzen den jarduera egiten du.
DONOSTIA / SAN SEBASTIÁN 2016 EUROPAKO KULTUR HIRIBURUA FUNDAZIOA
Europako Kultur Hiriburutza Europar Batasunaren ekimena da, Europako herrien arteko hurbiltasunean eta elkartrukean laguntzekoa. Hiru helburu nagusi ditu: Europako kulturen aberastasuna, askotarikotasuna eta ezaugarri komunak nabarmentzea, europarrek elkar hobeto ezagutzea sustatzea, Europako Erkidego bereko kide izateaz jabetzen laguntzea.
2016ko Europako Kultur Hiriburutza aukera handia da kulturaren eta elkarrizketaren aldeko apustua egiteko; hiriak hori aprobetxatzea erabaki du horien bidez elkarbizitza hobe bat eraikitzeko. Gainera, Europako gainerako herrialdeekin harremanak indartzeko eta kulturaren alorrean berrikuntza sustatzeko lan egingo da.
Proiektuak eragin berezia du herritar elkartuagoak lortzeko bideak iradokitzen dituzten alorretan: teknologiaren ezaguera eta erabilera sustatzen du, sormen-prozesuetan bitartekaritzaren garrantzia azpimarratzen du, hizkuntza aniztasuna bultzatzen du, herritarren ahalduntzea eta parte hartzea errazten ditu eta pentsamendu kritikoa indartzen du . DSS2016 fundazioa da proiektu osoaz arduratzen dena.
…
Talde Antolatzailea
…
Protokoloaren lanketari dagokionez, Kontseiluak eta DSS2016EUk Talde Antolatzaile bat izendatu zuen prozesu guztiaren lidergoa hartzeko. Sei erakunde horiek nazioartean eskarmentu eta sona handia dute, eta zeinek bere ikuspegia emateko hautatu ziren: Giza eskubideen, hizkuntza eskubideen, hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen sustapenean diharduten gizarte erakundeen nazioarteko sareek edo gobernuz kanpoko erakundeek osatuko dute Antolatzaile Taldea. Honek, proiektuaren jarraipen zuzena egingo du.
UNPO- ORDEZKARITZARIK GABEKO NAZIOEN ETA HERRITARREN ERAKUNDEA
Nazioarteko erakundea da. Herri indigenetako, gutxiengoetako eta lurralde aitortzarik ez duten edota lurraldea okupatuta duten taldeetako kideek osatzen dute. Horiek guztiek bat egin dute haien giza zein kultura eskubideak edota ingurumena babesteko, eta eragiten dien gatazkei irtenbide baketsuak aurkitzeko. UNPOko kideen helburuak desberdinak izan arren, baldintza batek batzen ditu: Nazioarte mailan ez daude egoki ordezkatuta.
Horrexegatik, UNPOk nazioarteko foro bat sustatzea du helburu, bere kideak partehartzaile eta ekarpen egile eragingarriak izan ahal izateko nazioarteko komunitateari begira. Izan ere, mundu gero eta interdependentean bizi gara eta, beraz, gero eta garrantzitsuagoa da eskubideak ukatuak dituzten horiek zeinek bere egoeraren berri aurkezteko aukera izatea.
UNPOren egoitza nagusia Bruselan dago eta lan handia egiten dute Europako Batasunean. Europako instituzioekin eta Europako Parlamentuko talde politikoekin lana erraztea du helburu. Horrela, bitartekari aktiboa da aholku emaile gisa.
www.unpo.org
LINGUAPAX INTERNATIONAL
Munduko hizkuntza aniztasuna balioztatzeko eta babesteko gobernuz kanpoko erakundea da. UNESCOk 1987an sortu zuen, baina orain erakunde independentea da. LINGUAPAXen arabera hizkuntzek gizateriaren kultur aniztasunaren aberastasuna adierazten dute eta, beraz, horien babesa bakearen eta nazioarteko elkar ulertzearen aldeko oinarrizko ekarpena da. Horretarako, LINGUAPAXek soziolinguistikaren eremuko ikerketa koordinatu eta gizarteratzen du.
Halaber, hizkuntza aniztasuna babesteko prozesu ideologiko, legegile edo politikoetan aholkuak ematen ditu, bai eta hizkuntza-komunitate zehatzen berreskurapenerako programetan ere. LINGUAPAXek urtero nazioarteko saria banatzen du gizarte eragileetako ordezkari edo linguistei hizkuntza aniztasunaren edo hezkuntza eleaniztunaren alde egindako lanarengatik.
LINGUAPAXek aholkularitza lanak egin izan dizkie hizkuntza politikaren eta plangintzaren esparruan hainbat gobernuri, besteak beste, Txina, Brasil, Paraguay edo BolIvia. Halaber, hizkuntzen berreskurapenarekin lotutako proiektuetan lan egin izan du Nigerian, Hego Afrikan, Senegalen, Tanzanian, etab.
www.linguapax.net
PEN INTERNATIONAL – ITZULPEN ETA HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BATZORDEA
Mundu zabaleko idazleen elkarte honek leku guztietako idazleen arteko adiskidantza eta lankidetza sustatzea du helburu, kideek edozein ikuspuntu politiko edo bestelakoa badute ere. Elkartearen jomugak dira adierazpen askatasunaren alde borrokatzea.
Hizkuntza gutxituetan egindako literatura beste hizkuntzetara itzultzeko baliabideak eskaintzeaz gain, hizkuntza txikien arteko itzulpenak ere sustatzen ditu. Estaturik gabeko hizkuntzen defentsan ere aritzen da eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala sustatu egin zuen, bai eta Hizkuntza Eskubideen Gironako Manifestua ere.
100 herrialde baino gehiagotan kokatutako 144 zentrok osatzen dute PEN International eta estatus aholku-emailea du Nazio Batuen Erakundean.
www.pen-international.org
ELEN – EUROPAKO HIZKUNTZA BERDINTASUNAREN ALDEKO SAREA
Europako Hizkuntza Berdintasunaren Aldeko Sarearen helburua hizkuntza gutxiagotuen (gutxiengoen hizkuntzen, hizkuntza nazional txikien, ko-ofizialen, indigenen, erregionalen…) sustapena eta babesa da. Hizkuntza berdintasunerantz lan egiten du, beti ere giza eskubideen markuan eta hizkuntza hauen hiztunen ahotsa darama tokiko, eskualdeko, estatuetako eta nazioarteko mailako erakundeetara. ELEN gobernuz kanpoko erakundea da.
ELEN 2011. urtean sortu zen, European Bureau for Lesser Used Languages’ (EBLUL) erakundean parte hartzen zuten batzordeak eta Eurolang oinarri harturik. Gaur egun, Europa mailan euren hizkuntzen normalizazioan lan egiten duten gizarte zibileko erakundeen gehiengoak bat egin du ELENekin.
ELENen egitekoa 50 milioi pertsonaren ordezkaritza aurrera eramatea da; eskualde hizkuntza bat edo hizkuntza gutxitu bat erabiltzen duen Europar Batasuneko populazioaren %10arena. ELENen biltzen dira Europako 18 estatutako 44 hizkuntza komunitatetako eragileak.
CIEMEN
CIEMEN gizarte zibil katalanaren erakundea da eta bertako errealitate nazionala munduaren aurrean ezagutarazteko eta sustatzeko lan egiten du, bai eta estaturik gabeko herrien eta nazioen ezagutza hedatzeko eta haien eskubide kolektiboak defendatzeko ere.
Hizkuntzaren eremuan, hizkuntza eskubideen defentsaren alde eta hizkuntzaren erabilera sozialaren alde bideratutako hainbat ekintza egin izan ditu. CIEMENen lan arloak hiru dira nagusiki: Ezagutzaren promozioa, nazioen eta gutxiengo etniko guztien eskubideekiko aitorpena eta elkartasuna. Azkenik, aipatu behar da CIEMENek Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren idazkaritza teknikoaren ardura izan zuela.
www.ciemen.cat
ECMI – GUTXIENGOEN GAIETARAKO EUROPAKO ZENTROA
ECMIk praktika eta politikari buruzko ikerketak zuzentzen ditu, informazioa eta dokumentazioa ahalbideratzen ditu eta aholku zerbitzuak eskaintzen ditu gehiengo eta gutxiengoen inguruko gaietan. Europako Gobernuak eta gobernuen arteko erakundeak aholkatzen ditu, baita eta gutxiengoen taldeak ere. Zentroa komunitate akademikoarekin, hedabideekin eta publikoarekin, oro har, lankidetzan ari da informazio puntuala eta azterketak ahalbideratuz. 1996an sortu zen. Instituzioa independentea da eta diziplina anitzekoa. Zentroak harreman aktiboa mantentzen du gatazken konponbidean eta etnien arteko harremanetan inplikatuak dauden beste instituzio akademikoekin eta Gobernuz Kanpoko Erakundeekin. Arlo horietan lankidetza proiektuak burutzen ditu.
www.ecmi.de
…
Batzorde Zientifikoa
…
Protokoloa prestatzeko Batzorde Zientifikoa ere eratu da. Erreferentziazko 17 adituk, intelektualek eta ikertzaileek osatuko dute. Diziplina desberdinetan eskarmentua duten pertsonak hautatu dira, bai eta eremu desberdinetan lanean daudenak ere. Horrelako Protokoloan ikuspegi guztiak jasotzen direla bermatzea izango da Batzorde honen zereginetako bat. Batzorde Zientifikoaren ardura nagusia Protokoloari ekarpen kualitatiboak egitea izango da. Maila honetako dokumentu batek ikuspegi zientifikoa ere izan behar du txertatuta, eta horrexegatik erreferentziazko adituen laguntza eta aholkuak ere izango ditugu.
BATZORDE ZIENTIFIKOKO KIDEAK:
Alexandra Büchler: Literature Across Frontiers (Muga Zeharreko Literatura) erakundearen zuzendaria eta Culture Action Europa eta Erresuma Batuko Itzultzaileen Elkartearen zuzendaritza kidea. Kultura/literaturen ikuspegia
Robert Dunbar doktorea: Edinburgoko Unibertsitateko irakaslea. Zuzenbidean masterduna. Eskoziako Gaelikoan aditua. Hizkuntza, Literatura eta Historia zeltiarrean katedraduna. Arnasguneak eta ikuspegi juridikoa
Ewa Chylinski: Tbillisi, Georgia. ECMI (Gutxiengoen Aferetarako Europako Zentroa) erakundearen lurralde-zuzendaria Caucason. OSCE erakundean hainbat programa garatu izan ditu europako ekialdeko ikuspegia, gizarte eragileen ikuspegia
María Pilar García Negro doktorea. A Coruñako Unibertsitateko irakaslea. Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren Batzorde Zientifikoko kidea eta Deklarazioaren idazleetako bat. Ikuspegi historikoa
Johan Häggman: European Bureau for Lesser Used Languages bulegoko aholkulari ohia eta Europako Parlamentuan eta Europako Komisioan aholkulari. Europako instituzioen ikuspegia
Elin Haf Gruffydd Jones: Hedabide eta sorkuntza industriako irakaslea Aberystwytheko Unibertsitatean, Gales. Mercator Institut for Media, Language and Culture erakundearen zuzendaria, hedabideen eta teknologia berrien ikuspegia
Davyth Hicks doktorea: ELENeko (Europako Hizkuntza Berdintasunaren aldeko Sarea) idazkari nagusia eta Eurolangeko zuzendaria. Europako instituzioak eta gizarte eragileak
Iñaki Martínez de Luna doktorea. Soziologian Doktorea; 1989tik gaur arte UPV-EHUko irakasle atxikia. 1986tik gaur arte Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna.
Conchúr Ó Giollagáin doktorea: Highlands Unibertsitateko Gaelikoaren Ikerketetan irakasle. SOILLSE–Hizkuntza eta Kultura Gaelikoaren biziberritzeko ikerketa sare nazionalaren zuzendaria. Ikuspegi juridikoa, giza eskubideak, arnasguneak
Miquel Strubell: UOC-Linguamón Hizkuntza Aniztasunaren katedraren zuzendari ohia Europako Kontseilurako aholkulari lanak egin ditu. Soziolingustika eta Hizkuntza-plangintza irakaslea. Hezkuntzaren ikuspegia, hizkuntza politiken ikuspegia
Ferran Suay doktorea: Psikologian doktore. Psikobiologia irakaslea Valentziako Unibertsitatean. ACPV erakundeko kidea. Asertibitatea, herritarren ahalduntzea, ikuspegi psikologikoa
Iñigo Urrutia doktorea: Zuzenbide administratiboko irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean, “Hizkuntza-eskubideak eta hezkuntza-sistema” tesia garatu zuen ikuspegi juridikoa eta hezkuntzaren eremua, hedabideen eremua, eremu sozioekonomikoa, zuzenbide konparatua
Fernand de Varennes doktorea gutxiengoen giza eskubideen munduko adituenen artean dago. Gatazka etnikoen, pertsona migranteen,eta beste hainbat gairen inguruan idatzi du. NBErentzat eta UNESCOrentzat ere hainbat txosten prestatu izan du. Giza eskubideak, hizkuntza eskubideak… munduan ospe handien duen pertsonetako bat da
Jaume Vernet doktorea: Zuzenbide konstituzionalean katedraduna Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatean eta Consell de Garanties Estatutàries de Catalunya erakundearen kidea. Egun katalunian ikuspegi juridikoa lantzen duen aditu nagusienetakoa
Durk Gorter doktorea: Giza Zientzietako doktorea Amsterdamgo Unibertsitatean. 30 urtetik gorako ikerketa-esperientzia. Ikerrildoak: eleaniztasuna hezkuntzaren inguruetan; Europako hizkuntza gutxituen konparaketa; hizkuntz paisaia eskoletan. Frisieraren Soziolinguistika katedradun ohia Amsterdamgo Unibertsitatean. Ljouwert / Leeuwardeko Fryske Akademy erakundearen arduradun izandakoa.
…
Gizarte eragileak
…
Protokoloa prestatzeko prozesu honetan aitortu nahiko genuke, Europako hizkuntza komunitateen inguruan eratutako gizarte zibil antolatuaren lana. Bizitza demokratikoago batera jotzeko nahiak gizarte zibilaren aldarrikapena eta bizi gogoa suspertu ditu, eta horri esker lortu egin da herritarren sentsibilitatean eragitea. Horrexegatik, Protokoloaren prestakuntzan gizarte eragileek garrantzi handia hartuko dute. Europako milioika herritarren bozgorailu diren erakundeek eta eragileek adostutako tresna bat sortu nahi dugu. Errealitate desberdinetatik abiatzen gara, zalantzarik ez, baina helburu bertsua dugu geure hizkuntzen normalizazioaren alde lan egiten dugun gizarte eragileok. Hartara, prozesu hau elkarrengandik ikasteko ere baliagarria izango da.
…
Materiala
Materiala hizkuntza ezberdinetan >>