“Hitzen kulunka” ikastaroa egingo dute Igerabidek eta Mutuberriak

“Hitzen kulunka” ikastaroa egingo dute Igerabidek eta Mutuberriak –

"Hitzen kulunka" ikastaroa egingo dute Igerabidek eta Mutuberriak

Hitzen kulunka” formakuntza saio trinkoa egingo dute Juan Kruz Igerabidek eta Maite Mutuberriak azaroaren 25ean, 09:00etatik 14:00etara, Donostiako San Telmo Museoko didaktika gelan. Orain 15 urtetik abian dugun Haur eta Gazte Literaturako Irakurketa Mintegiaren barruan antolatutako saioa da. Aurten, haur-poesia izango da saioaren ardatza, bai hitzaren aldetik, baita ilustrazioaren aldetik ere. Izen-ematea azaroaren 17ra arte zabalik egongo da.

Zehazki, Igerabidek eta Mutuberriak honako galderen bueltan ehunduko dute saioa: nola erabil dezakegu haur poesia eskolan eta liburutegietan? Zer estrategia dauzkagu eskura? Haur poesiaren historia osatu bat egiteke dago, baina batez ere haur poesiaren erabilera praktikoaz jardungo gara. Nola jolastu poemekin? Nola sortu giroa poema intimoak ere (ez soilik jolasekoak) irakurtzeko? Ikastaroaren bigarren zatian irudi poetikoei egingo diete lekua. Irudiek menderatutako egungo jendartean, irudiena ohiko hizkuntza da haur, nerabe zein gaztetxoentzat. Irudiak irakurtzen dituzte etengabe eta irudi bidez adieraz ditzakete ideiak, emozioak eta istorioak. Baina ba al dago poesiarik irudietan? Hitzak bezala, ilustrazioak ere irakurtzen dira. Eta bertan baliabide erretorikoak aurki ditzakegu. Ilustrazioa gazteak eta haurrak poesiara erakartzeko baliabide ezin hobea izan daitekeenez, bitartekariei xede horretan laguntzeko, ikastaroaren bigarren zatiak irudiak irakurtzeko trebetasuna lantzea du helburu.

Irakurketa Mintegian ari diren irakurleez gain, saioa haurren eta gazteen heziketa literarioa lantzen duten eta irakurzaletasuna sustatzeko interesa duen edozein bitartekariri zuzenduta dago: irakasleak, bibliotekariak, editoreak, kultur teknikariak, irakurketa proiektuetan parte hartzen duten begiraleak edo animatzaileak eta literatur kritikariak, besteren artean.

Izena emateko inprimaki hau bete behar da eta diru-sarrera egin. Mintegiko kideentzat doan da, elkarteko bazkideek 35 euro eta bazkide ez direnek 50 euro ordaindu beharko dituzte. Gehienez 28 ikaslek parte hartu ahalko dute eta onarpena izen-emate ordenaren araberakoa izango da.

Animatu! 

“Hitzen kulunka” ikastaroa egingo dute Igerabidek eta Mutuberriak

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.