LABen batzar-elkarretaratzea, Administrazioa euskara ikastaroetarako baimenak ukatzen ari delako

LABen batzar-elkarretaratzea, Administrazioa euskara ikastaroetarako baimenak –

LABen batzar-elkarretaratzea, Administrazioa euskara ikastaroetarako baimenak ukatzen ari delako

Foru Administrazioko hainbat langile ari dira beren departamentuetan jarrera euskarafobiko berri baten biktima izaten. Horregatik, batzar-elkarretaratzea egingo dugu azaroaren 3an, ostiralean, 11:00etan, Hezkuntza departamentuaren aurrean.

Egun berean irekiko da Euskarabideak Nafarroako administrazio publikoetako langileei urtarriletik aurrera eskainiko dizkien euskara ikastaroetan izena emateko epea. Baina arazoak sortzen ari dira 2023ko azken hiruhilekoan. Izan ere, Administrazioa eragozpenak jartzen ari zaie langileei ikastaroetara joan ahal izateko.

Hezkuntza-Laguntzako Espezialisten kolektiboa da ugariena. Langile horiek badute beren ikastetxeetako zuzendaritza-taldeen baimena, baina Hezkuntza Departamentuak ukatu egin die prestakuntzara joateko baimena. Horretarako aipatzen dituzten arrazoiak askotarikoak eta zentzugabeak dira: kasu batzuetan, ezezkoaren oinarria da pertsona horrek betetzen duen lanpostuak ez duela hizkuntza-eskakizunik behar; beste batzuetan, berriz, HLE kolektiboko langileei irakasleei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatu behar zaizkiela (ez da egia); beste batzuei esan diete baimen hori lortzeko behar besteko euskara-maila egiaztatzen ez dutela… Burugabekeria galanta.

El Vergel egoitzan bi pertsonak eskatu dute intentsibo batera joatea, eta zentroko zuzendaritzak erantzun du pertsona bakar bati emango diotela baimena; hortaz, bietako nor joanen den erabakitzeko modu harrigarri bat proposatu du: zozketa egitea.

Euskararen sustapenaren aurkako jarrerak eta erabakiak testuinguru askotan eta oso desberdinetan daude Nafarroako administrazio publikoen barruan: irakasleei duela hamarkada bat euskara ikastaro trinkoak egiteko aukera kendu zitzaien, Osasunbidean baimenak ematen dituzte baina zerbitzuaren kalitatea mantentzeko beharrezko baliabiderik ez dute jartzen, euskara eskakizuna duten plazak oso urriak dira Administrazio osoan (eta plaza batek euskara eskakizuna duenean ere, batzuetan hizkuntza-eskakizunik gabeko pertsona batek betetzen du postu hori; Iruñeko Udalean, esaterako)…

Egoera horren aurrean, LABek salatzen jarraituko du, eta ahalegin guztiak egingo ditu jarrera erabat euskarafobikoak bultzatutako gertaera horiek geldiarazteko eta zapuzteko; izan ere, ekintza horiek langileek prestakuntza jasotzeko duten eskubidearen aurka egiten dute, formazioa jasotzen baitute gizarteak euskaraz ere artatua izateko eskaerari erantzun ahal izateko.

Horregatik, datorren ostiralean goizeko 11:00etan Hezkuntza departamentuaren aurrean batzar-elkarretaratzea egingo dugu eta animatzen zaituztegu bertan parte hartzera. Hori dela-eta, batzar-orduak eskatu ditugu 10:30etik 12:00etara, mobilizaziora joan ahal izateko.

Hizkuntza eskubideak errespetatu!
Euskarafobiari STOP!

LABen batzar-elkarretaratzea, Administrazioa euskara ikastaroetarako baimenak ukatzen ari delako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude