Hitz baten bila
Gaur pare bat minutu kenduko dizkizun kontu batekin nator: hitz bat behar dut, kontzeptu bat izendatzeko. Eta nahi nuke zuk zeure proposamena egitea hemengo iruzkinetan bertan, otoi eta arren. Seguru irudimen handikoa zarela, eta euskaraz ere badakizula neuk baino gehiago. Egin, beraz, proposamena.
Azken denboretan, EXPOSICIÓN hitza gainbehera dabil. Dena ez dela ERAKUSKETA, alegia. Orain, jendeari DISPOSITIVO bat eskaintzen zaio lehen EXPOSICIÓNzen lekuan. Erran nahi baita, ingurugirori eskainitako ERAKUSKETA batez ari bagara, esaterako, edo XVI. mendeko burdinolei buruz, erakusketa multimedia edo dena delako bat egiten dela eta horrexi esaten zaiola DISPOSITIVO, izan ez baita ESPOSIZIO soila, baizik eta tresna egoki bat, ikuslea gaiaz jabe dadin. Interaktiboa edo delakoa. ERAKUSKETA terminoak adierazten duen pasitibitaterik gabekoa. Eta horixe da galdera, nola esan behar genuke euskaraz DISPOSITIVO hori?
Hiztegietara jota GAILU aterako zaizu, eta M.M. lagunak Osakidetzan erabiltzen duten ANTOLAMENDUA aipatu dit. Baina biak iruditzen zaizkit batere poetikarik gabekoak. Neuri ere ez zait gauza handiegirik otutzen baldin ez bada AUKERAKOA edo halako zerbait. Segur zuri baietz.
Mertzi.
Kontua da, hasier, DISPOSITIVO kastillanozkoa ez dela nere ustez aproposa zeuk proposaturiko erabileran. Arte alorrean, Foucaulten DISPOSITIF neologismoaren influentzia banalizatu baten ondorioz hautatu dela lirudike, ingelesez zuzenago DISPLAY hitzak definitzen duen portaera ordezkatzeko. Azken honen ordezkoa bilatzea gomendatuko nizuke beraz, ezertarako baliagarri bazaizu hori. Nire aukera, EXPOSICIÖN-ERAKUSKETAren gainbeheraren arrazoien funtsa aurkitu ezinda, hauexek mantentzea.
Asier, eskerrik asko, benetan. Hala ere jakinarazi nahi dizut horraino iritsi eta gero egin dudala galde. Hara MM lagunak emana zidan erantzuna:
“Interneten begiratu diat DISPOSITIVO horren ingurukorik ba ote zegoen eta askotan azaltzen dela egiaztatu diat. Scenic device inglesez, dispositif… frantsesez… Weborri batzuetan antzerkiarekin lotzen ditek, artearekin beste batzuetan… Dirudienez, espazioaren antolaketarekin zerikusia dik, antolaketa horretan parte hartzen duten hainbat elementurekin… Ingelesezko DEVICE hori erruz erabiltzen ditek industrian, informatikan… Hortik, beharbada, euskaraz “gailu” hautatu izana. Guk –esana diat- “antolamendu” aukeratu genian, esaterako, Kilometroak eta antzeko jaietan osakidetzak antolatu ohi duen “dispositivo” sanitarioa itzultzeko. Errazena guretzat “gailu” huan baina halako dispositivo bati ez genion gailu, aparatu, tresna eta halakoen batere tankerarik hartzen. Horregatik hobetsi genian ANTOLAMENDU. Dena dela, modako hitza baino gehiago balitz, Arte Ederretako eskola batera jo beharko genuke, eta euskaraz nola ematen duten galdetu. Izan ere, adituek jakin beharko lukete, inork jakitekotan.”
Kontua da, beraz, ERAKUSKETA hitzak ez didala balio, DISPOSITIVO darabiltenei EXPOSICIÓN hitzak balio ez dien antzera. Eta esango duzu gaztelaniak sortutako premia alferrikakoa dudala hori, baina ez da hori bakarrik (hori ere badaitekeen arren). ERAKUSKETA niretzat, kontu pasibo bat da, beti hala ez izanagatik. DISPOSITIVOak, ostera, norberak hala nahi izatera, aukera ematen du gaian sakontzeko. Ez dira kideak, zentzu zehatz batean ERAKUSKETA eta DISPOSITIBOA. Tamainan ere, ERAKUSKETAk handiagoa behar duela dirudi… Horregatik otu zait AUKERAKO, nahiz eta neu ere konturatzen naizen ez dela batere egokia.
INSTALAZIO hitza ez da oso iradokitzailea, ez da oso zehatza, jator-jatorra ere ez da. Interaktibotasuna ere ez du adierazten, baina instalazio artistikoak izendatzeko erabilgarria bada, honetarako ez legoke hain txarto.
Esan behar da erdarazko “dispositibo” hitza ere nahiko hitz zatar, orokor eta poetikarik gabekoa dela.
Galderak holako helburu poetiko-literario badu, aaa, beste kontu bat da.
Tor, esango nuke INSTALAZIO hitza oso loturik dagoela arte espresabide zehatz bati, ESKULTURA, edo PERMORMANCE esaterearen antzeko zerbait, alegia. Nahasmena ekarriko lukeela, ene iritzian.
izendapen berri baten beharrak beti salatzen dik nolabaiteko behar ideologiko bat. ezer ez diat horren kontra. Neurtu behar, ordea, aldaketa ideologiko horiek noiz diren emankor eta noiz garaiaren konbentzioen sintoma huts. Erakusketaren gainbehera (eta ez hitzarena bakarrik) dakianez, modernitatearen tentsio emankorrenen motto izana duk. Azken hogei bat urtetan ordea, arrazoi instrumental konplaziente samar batek arazoa identifikatu nahi izan dik berez arazorik etzegoan tokian: interaktibitatearen kontu hark, teknofilia nahiko axaleko baten ondorio zenak, ikuslearen partehartze aktiboaren irakurketa guztiz banal bat egiten zian, denborak erakutsi ziguken moduan. Diskurtso harek sortu zian ondorio teoriko sofistikatuxeago bat esthetique relationalle hartan, eta harek (gure inguruan indar handiz) ondorio aberrante ugari ere emanak dizkik konturatzeko jada, azkenean, Caravaggio batek, Oteiza batek edo Tiravanija batek berdin eskatzen dikela harreman errelazional bat (erredundantzia edo tautologia duken erabakitzekotan nabilek)
GAILU hori eta zure AUKERAKO ideia horiek uztartuta agian HAUTAGAILUA atera dezakegu. Hor nonbait begiratu dut eta beste testuinguru batzuetan ere DISPOSITIVOren kidetzat erabiltzen dute.
Dudarik gabe, ez da sekulako aukera, baina akaso besteen aldean balio dezake.
Behin neologismotan sartuta, koska bat gehiago estututa, HAUTARTGAILUA izan genezake halaber…
ieeepaa,
nahi gabe bidali diat aurrekoa amaitu gabe, eta kontua zian, aitortu nahi niala lagundu baino nahastu bakarrik egin ahal diadala!
barka beraz nere egoskortasuna,
(azken gauzatxo bat, erakusketarekiko erreparoa era epistemologikoago batetan edo izana diatenak, distantziarako edo, PROIEKTU edo PROPOSAMEN termino jenerikoak erabili izan dizkitek. ideologikoak berdin berdin, baino medializazioaren alde lan egiten ez diatenak)
bale, hire galderara bueltatuta, DISPLAY-ren ordezkoa bilatzearen hura aipatuko diat berriz, erakutsi baino azaldu-tik gertuago.
barka berriz ta ondo izan
berriro eskerrak, Asier, baina esaten duana ulertuta ere, alegia, “harreman errelazional” bat eskatzen duela edozein erakusketak, ni ez nauk ari plastikari buruzko erakusketa bati buruz DISPOSITIVO kontzeptuarentzat hitz bila nabilenean. Jo dezagun, esaterako, bildu ditugula UNIBERTSOAREN SORRERARI buruzko teoria DESBERDIN guztiak, eta horiek bisitariari IRISTARAZTEKO moduko DISPOSITIVO bat jarri dugula: elkarrizketak pantailetan, diapositibak, maketak, Big Bangaren simulazioak… Horrelako DISPOSITIVO bat bi minututan ikus zezakek bisitariak, edo, gehiago nahi badu, egun osoa iragan bertan jakintza eta esperientzia jasotzen. Halako zerbaitentzat izen bila nabil, eta ez arte erakusketa soil batentzat.
Mertzi, Beñat, kontutan izango.
Erakusketa aproposa ez, eta gailua orokorregia bada, biak batu eta ERAKUSGAILUA hitz polit samarra izango duzu.
Bestela, jo ezazu Otto Pette eleberrira, eta hantxe TREPETA hitz berreskuratua izango duzu…
DISPLAYaren haritik eta teknologi usainduna: BISTARAKETA
“Dispositivo de emergencia” eta horrelakoetan erabiltzeko, agian, BALIABIDE
Aurreko proposamen guztiokin hainbat hitz molda liteke:
BALIAGAILU, IKASGAILU, IKASTREPETA,IKASTRESNA…. Dispositivo interactivo: Elkar Hartzeko Tresna (ELHARTRE, hots: El Arte)
NORBERAKUSKETA izan liteke, norberaren parte-hartzeaz ari bagara.
Halako MUNTAIAK (hau ere ez legoke gaizki) osatzen duten elementuek badute helburu amankomu bat. Batzutan didaktikoa, bestetan artistikoa, ez gutxitan kaotikoa. Badute izan, halako antolamendua, azalpena, agermodua edota pantailaratze sistema koherente bat (auniztan hau ere kaotiko itxurakoa).
Hortaz, nik KATE edota SARE kontzeptua proposatuko nituzke:
Katabegiak zein hariak analogikoak, teknologikoak nahiz ilogikoak izanda mugagabeak baitira (bai autoreak bai ikusleak osa dezakete sarea edota izan daitezke katabegi berria).
Hortaz, zuritze poetikoaz gain, aski izanen genuke hitz konposatuaren lehen zatia aldatzea:
Osasungintzan: Antolamendu-katea
Espazioaren erakusketa horretan: Azalpen-sarea
Performance elkarreragile batean: Arte-katea, arte-sarea.
Tira, astelehen goiza izateko aski da, ezta?
Proposatutako hitzetatik, niri egokiena iruditzen zaidana BALIABIDE da, hitz horrekin gailuaren dinamikotasuna somatu bait daiteke, baina garrantzia tresnaren erabilgarritasunari ematen bait dio.
Badira antzeko hitz mordoxka ere: GAILU, APARAILU, TRAMANKULU, TRESNA eta abar. DISPOSITIBO hitza ere erabiltzen da.
"Dispositivo" hitza nola euskaratu…
Hasier Etxeberria hitz baten bila dabil eta bere blogeko kideei laguntza eskatu die. Orain dela gutxirarte erakusketak estatikoak ziren (artistikoak eta bestelakoak), baina azken aldian bisitariari parte hartzeko aukera ematen dioten "dispositivo&…
Dispositivo kontzeptua,
ohiko erakusketen osagarri interaktibo gisa hartzen bada
(componente interactivo moduko zerbait)
agian, OSAGARRI DIGITALAk balio dezake teknología berrien erabilpen hori adierazteko.
[…] Bai, eskerrik asko Hitz baten bila lagundu didazuenoi. Badakizue zein zen kontua, ERAKUSKETA OHIKOA izan gabe, ERAKUSKETA ERE baden DISPOSITIVO kontzeptu horrentzat baliokide bat bilatzea. […]
Konatxe, ea bilatzen duzun zentzuarekin bat egiten dudan; zer iruditzen ERAiKUSBIDE?
Ez duzu hiztegi batuan topatuko baina, tira, i ttiki horrek iradoki lezake proaktibotasun puntua eta bide horrek ez dik zertan gailu-tresna izan behar…
Irits + ekin/egin = “Iritskin”
Soinu polita du hitz elkarte honek, sofistikatua eta esanahiez egokia deritsot. Sobietikoa edo.