Paradisua

bernardo-atxaga-03.jpg
Kazetaritza karrera hasi dut duela gutxi Leioako Gizarte eta Komunikazio zientzien fakultatean. Idaztea gustuko nuen gaztetatik eta hauturik onena egin dudala deritzot, bai horixe. Aurretik Biologiako karrerako bi urte eginak ditut, eta benetan, orain bezain gustura ez naiz sekula egon. “Zure saltsan sumatzeizut!” esaten didate ezagutzen nautenak, “Biologia ez zen zuria…”
Eta arrazoi dute, 7:00etan unibertsitatera joateko ilusioz jaikitzeak ez du preziorik. Atzo jaiki, esnatzeko dutxatu eta eskatze ondoan dagoen kafetegian kafe bero bat hartu nuen, eguneko prentsa irakurtzeko aitzakiaz. Kafetegi horretan edozein egunkari irakur dezaket 1,20€-ren truke; “El Mundo”, “El Correo”, “Berria”, “Deia”… jada errutina bihurtu zaizkit bertako kafesne beroa eta berri freskoak.
8:30ak jotzean autobusa hartu eta ikasle artaldearen artean jesarrita Leioarako bidea hartu nuen. Ez dakit gainerako Bizkaibusetan hala den, baina Ugao-tik datorrenean behintzat oso erraza da ikasleen umoreaz ohartzea eta haien egoerak imaginatzea; nor datorren gustura eta ilusioz, nork bota zuen parranda bart gabean…
Eta Leioara arribatu orduko ikusi nuen urrunean Joseba, nire Biologiako karrera-kide ohia, Azpeitiarra berau. Adiskidea besarkada batez agurtu nuen, aspaldi ez bainuen berarekin traturik izan, eta halaxe esan zidan: “Itxuk hik potruek! Hoi eztek karrerie, hoi paradisue dek!”

Zer pentsatu eman zidan honen esanak… egun osoa buruari eragiten igaro nuen. Hark esan zidan hura, egia ote zen? Kazetaritza ez ote zen karrera? Paradisua ote? Ideia arraroen amarauna hartatik atera nahian, eskolak amaitu bezain laster, osaba Kalix-i hots egin nion arratsalderako planik bazuen jakiteko. Honek Bernardo Atxagak poesiaren inguruan egin behar zuen hitzaldi batera joatea proposatu zidan, Plaza Barrian dagoen Euskaltzaindiaren aretoaren sarreran geratu ginen 19:30etan. Bilbo oso gustuko dut horrelako ñabardurengatik, edozein egunetan errutinatik ihes egin nahi izanez gero, hiriak berak hamaika aukera ematen dizkizulako, eta noski osaba maitea bertan bizi delako.

Sartu ginen Euskaltzaindiak duen ekitaldi aretotxo hartan, han zen Jose Irazu amerikana batekin eta gorbatarekin, oso janzkera tradizionala zeraman. Jesarri eta alboan zutik geratu zirenak nola bidaltzen zituzten ikusi genuen. Harrituta geratu ginen, oso modu zakarrean bidali baitzituzten. Aretoa bete-betea zegoen.

“Bilbo Zaharra Forum-ek” antolatutako poesia jardunaldien barne egiten zen ekitaldi hura. Forum-eko zuzendaria hasi zen hitz egiten; lehenik, sarrera bota zuen, Bernardo Atxagak euskal poesian izandako garrantzia azpimarratuaz. Gu protagonistaren zain ginen. Sarrera bukatu bezain laster hasi zen hitz egiten Atxaga; poesia definitzen hasi zuen hitzaldia eta era oso sinplean zioen: “Poesia zeremonia bat bezalakoa da, egunerokoaren korrontean moztutako denbora zati bat, aparteko apaindura eta detailez osatzen duguna.” Eta AEB-tan Iraken hildako soldadu baten hileta elizkizunean egon zela kontatu zuen, han konturatu zela olerkiak definitzeko metafora hartaz. Ondoren aspaldi Iruñean errezitatutako testu bat irakurriko zuela esan zuen, eta hura poesiatzat zuela, eguneroko idazkeraren korrontean moztutako aldi bat bezala ikusten zuela, “Ea gustuko duzuen.”

Orduantxe hasi zen hitzaldiaren zati interesgarriena, testu oso deigarri eta apaindua irakurri baitzuen ordubetean. Testu hura, nire harridurarako, paradisuaren inguruan zen. Osabarekin aisialdian, Josebaren hitz maltzurrek burua ekarritako galderetatik ihes egin nahi izan nuen. Eta ezta horrela ere…

-Tiokalix Kazetaritzako lizentziatura paradisua al da?
-Ez Oier, ez. Paradisua ez duzu sekula ezagutuko. Paradisua ez da existitzen.

Ekaitza bainuontzi batean