Hitanoa eta generoa (1)
Hitanoa eta generoa –
Hitanoa eta generoa (1)
…
Egun hauetan gauza asko entzuten ari gara hitanoaren erabileraz eta genero-berdintasunaz. Hitanoaren erabilera egokia den gaur egun; genero ikuspegitik ere egokia den; hitanoa bera baztertu behar ote den, generoa bereizten duen ia hizkuntza atal bakarra baita euskaraz (eta beraz diskriminatzailea), eta beste hainbat kontu; batzuk arruntak, beste batzuk, akaso, larri samarrak.
Hizkuntza atal gutxik bereizten dituzte generoak euskaraz, atzizki zehatz eta geografikoki oso lokalizatu batzuek (-sa, -ño…) eta hitanoak, adibidez. Baina ostaler edo ostalertsa esaten dugunean, generoaren ikuspegitik balore moralik-edo kontuan hartzen ez den neurri berean, hika egiten dugunean ere ez genituzke kontuan hartu beharko, baina, tradizioz, balore moral horiek ezarri zaizkio hizkuntza atala baizik ez den tratamendu-mota honi.
Hitanoa itsusia dela esan izan da aspalditik, deabruaren (eta ijitoen) hizkuntza dela egotzi izan zaio, eta hika egitea gaitzetsi da euskararen historiaren azkeneko hamarkadetan, nahiz eta argitaratu ziren lehendabiziko liburuek erakusten duten beste era bateko erabilera eta hedadura izan duela hitanoak gure gizartean. Hala eta guztiz ere, herriak erabiltzen jarraitu du eta gure egunetara iritsi da, etengabeko ahultze bidean, baina bizirik. Eta, aldiz, kalean beste eredu bat hasi da nagusitzen, ezagutza maila oso apalekoa, eta irizpide gutxirekin aurrera egiten ari dena.
Egoera horretan, hitanoaren beraren barruan, gaur egun ere neskei noka egiteak oraindik ere aurreiritzi moralak jaso izan ditu: “semeari bai, egingo diot hika, nik gurasoengandik jaso dudan moduan, baina nola egingo ote diot nire alabatxoari hika? Oso zatarra da”. Artikulu honetan askotan aipatuko dugu gai hau: hizkuntza gizartearen balore eta aurreiritzien bidez epaitzea; hitanoa polita ala itsusia den esatea… Eta horrek ekarri du hitanoa etxean jaso dutenek noka egitea baztertzea eta kalean ikasi dutenek ez ezagutzea. Horren aurrean, joera arruntena mutilei hika egitea eta neskei zuka egitea izan da; baina gero eta gehiago gertatzen ari da, neskei eta mutilei maila bereko tratamendua emateko, neskei ere hika egitea: eta noka ezagutzen ez dutenez gero, neskei hika egiteko garaian toka egitea.
Gai honek hainbat eratako artikuluak egitea planteatu digu: noiz eta zergatik hasi den hitanoaren erabilera apaltzen; genero-berdintasunaren aldetik zer irtenbide eskain daitezkeen, hika ari garela, bi generoekin errespetu maila berean jarduteko; gaur egun gizartean nagusitzen ari den ereduan hitanoaren erabilera bi generoei dagokienean orekatua den ala ez aztertu; gazteen (batez ere mutilen) artean gorantz doan hitano-erabilera okerra… Azkeneko hau da gure gaurko asmoa, kalera atera, prentsa irakurri eta arlo honetan topatu dugunaren bildumatxoa egitea. Horrekin batera, euskal kantagintzaren hainbat joera ikusiko ditugu, hitanoaren erabilerarekin lotuak.
Beraz, abiapunturako galdera: hika egiten dugunean (batez ere gazteek), egokia al da tratamendua genero aldetik?
Hau da, emakumeekin toka jardutea zergatik gertatzen da, hizkera sexista erabiltzen delako ala hitanoaren erabilerari buruzko ezagutza falta dugulako?
Bi planteamendu dira hemen bildutakoak, hala nola:
1.- Hizkera sexista da; hizkera sexista erabiltzen da?
2.- Neskei toka edo zuka aritzen zaie ezagutza faltagatik ala gizartearen sexismoagatik?
Hitanoa eta generoa ezin da bereizi hizkuntzaren erabilera eta generoa eztabaidatik. Eta arlo honetan sortu diren arazoak ez dira oraingoak bakarrik.
Orotariko Euskal Hiztegian bilduta dator: 1 hika (V, AN, L, BN, S, Sal, R ap. A; SP, Lar, Añ, H). t Tuteando, empleando el tratamiento de hi. “Hika hari dire, ils se tutoient” SP. “Tutear, […] hika ta noka egon, hitzegin” Lar, Añ.
Labayru hiztegiak bildu duen definizioaren arabera, gaztelaniazko tuteando itzultzeko, bi adiera jarri ditu: lehendabizikoa, Jaun horreek hika edo toka dabilz alkarregaz; bigarrena, berriz, Hika gizonezkoai eta noka andrazkoai. Bigarren adieraren arabera, hika gizonezkoek egiten dutenez gero, hika eta toka sinonimotzat hartzen dira.
Alokutiboa, hitanoari dagokion zatian, genero-bereizketarik egiten duten hizkuntza atal gutxietako bat da, arestian esan dugun bezala. Bereizte horregatik sexista dela esan izan zaio. Arazoa, ordea, erabileran dago, aspalditik galtzen ari baita hitanoaren erabilera eta, bereziki nokako (emakumezkoei jarduteko) tratamendua. Hika egitea itsusi, zikintzat jo izan da, ijitoen hizkuntza, eta alabei noka egitea oso itsusitzat jo da, lehen esan dugun bezala. Hizkuntzari ez dagokion kutsu soziologikoa eman zaio: zikina, desegokia, errespetu faltakoa. Hala adierazi zuten, adibidez, Zumaiako Udalak eta Mintzola elkarteak hitanoa sustatzeko akordioa sinatu zutenean bertara bildutako arduradunek.
Familian, lagunartean, askoz hedatuago dago mutilen artean hika egitea, nesken artean edo neska-mutilen artean baino. Gainera, noka egitea emakumeei bakarrik dagokiela uste da, baina okerra da uste hori; izan ere, mutilek neskei egiten dietenean ere noka erabili beharko lukete, ez neskek elkarren artean bakarrik.
Egoera bertsuetan (seme-alabei, koadrilan elkarri…), sarritan, mutilei toka egiten zaie eta neskei zuka (asimetria). Eta gaur egun, toka ere egiten zaie (nahasketa). Eta nokako erabilerari markatua esaten zaio, emakumezkoei zuzentzeko kasuan bakarrik erabiltzen delako. Eta emakumeek ere hika egiten dutenean bere buruarekin (“Hara, ederra egin diat, zinemara joateko geratu eta ahaztu ez zaidak ba!”), toka egiten dute; ez ordea bere buruarekin elkarrizketan ari direnean (“Orain ere ederra egin dun, neska!”).
Ikerketa berri baten arabera, Josu Ozaitak dio Bat soziolinguistika aldizkarian, genero berdintasuna jorratzeko, neska batzuek nahiago izaten dutela beraiei toka egitea, noka baino. Genero-kontzientzia hain garatuta dagoen garai honetan, ez dirudi fenomeno hori orokorra denik. Eta, hala balitz, pentsatzekoa da ohikoagoa izango litzatekeela noka aukeratzea.
Noka kalean oso gutxi entzuten denez gero, gizonezkoek, batez ere gazteek, hika egitea toka egitearekin lotzen dute, eta, beraz, neskei egiten badiete, orduan ere toka.
“Seguru asko gazteek zaharragook txitean-pitean to eta no ikusiko bagintuzte, emakumezkoei ez litzaieke horrenbeste toka egingo”. Jose Luis Otamendi, Uztarria, 2004.
Bestalde, Koldo Mitxelenak dioenez, hitanoaren morfema maskulinoa “generikoa” da, hau da, solaskide femeninoa ere jaso dezake. Morfema maskulinoak ez du adierazten solaskidea maskulinoa denik, derrigor, bere sexua seinalatzeak ez duela garrantzirik baizik. Morfema maskulinoa, beraz, neutroa omen da Mitxelenaren esanetan.
Hortik, Alberdi Larizgoitiak erantsi du noka emakume bati zuzentzen garenean bakarrik erabiltzen denez gero (eta beste kasu guztietan toka: animaliak, landareak, hizkuntza…), toka markatu gabe edo normala dela eta noka modu markatua.
Beraz, noka egiteko tratamendua asimetrikoa da, markatua, aditu hauen arabera. Hori ala den eta zer esan nahi duen ez dago batere garbi, baina aurrerago abestietan ikusiko dugun bezala, gizonezkoei bezalaxe, toka egiten zaie, animaliei, loreei, landareei… Asimetria bilatzea, etiketa hori jarri nahi izatea da, akaso, harrigarriena.
Neskei toka egiteaz gain, noka egiten zaienean ere, hainbat tokitan toka formetan oinarritzen dira adizkia “sortzeko”:
- *Nianan, *Nizkianan,
– “Nik nerabe fase horretan harrapatu nianan”.
– “Gero bixkiekin era naturalean, horiekin ya bost-sei urte tarte horretan harrapatu nizkianan (…) eta txikia, txikia ya duk… falta izan zaidan hasierako kontaktu emozional hori, ba horrekin hori dena lortu dinat, ez?” Eneko Olasagasti. Barrura begiratzeko leihoak. Zinez. 2012.
- Tori esateko, to! (tok, tozak, torizak), baina no! galduta dago ia erabat (tozan, torizan).
“Tozan txokolatea!”, erran zidan.
Genero berdintasunaren aldeko erakundeen proposamenak, hitanoaren erabileran.
Erakunde publikoek, herri-erakundeek, elkarteek eta beste euskara eragileek, idazleek, komikigileek eta abarrek (erakundeen kanpainetan, abestietan, publizitatean, komunikabideetan), gazteengana (gehienetan) zuzenean hurbiltzeko, hika egiten dute modan dagoelako, alokutiboa haiekin zuzenean aritzeko modua delako (tituluan batez ere, barruan dena zuka jarri ohi baita), eta toka bakarrik erabiltzen da, neskak entzule edo irakurle izan daitezkeela ahaztuta. Sarri ez gara jabetzen erabilera horien egokitasunaz/desegokitasunaz.
Eta orduan sortzen da arazoa, izan ere, Leire Narbaizak txio batean esan zuen moduan:
@asarasua @oaraolaza Ez, tradizionalista izatekotan. Uste juat ahaztu egin jatzuela zer dan #hitanoa-ren mamiña: biren arteko alkarrizketa!
— leire narbaiza arizm (@txargain) May 18, 2011
Hika egitea, berez, bi lagunen artean ahoz harilkatzen den elkarrizketari dagokio. Eta, hala, elkarrizketaren testuingurutik ateratzen garenean, orduantxe sortzen dira arazoak. Hona hemen adibide batzuk:
Beste erakunde, kultur talde, musika-talde askok ere hortik jo dute:
Kasu hauetan, garbi dago zein den hemengo produktu eta taldeen hartzailea, nola jarduten duten elkarren artean eta kideen arteko solas modu hori eskaintzen diote gizarteari, beste baloraziorik egin gabe akaso. Hainbat kultur arlotan ere gertatzen da (nahiz eta ukaezina den batzuek badutela izateko arrazoi historikoa; aukera hori egin izana da zalantzazkoa, akaso).
Egoera horren aurrean, beste hainbat erakundek bide bera aukeratu dute, baina beste aldetik hartua:
Kasu hauetan, ordea, badirudi hartzailea definituta dagoela, emakumea; eta, alde horretatik, zalantzazkoagoa da, tokaren kasuan bezala, baztertzailea izatea.
Adibide egokia izan daiteke, zuzenean emakumeari jarduteko, alokutiboa aukeratzea. Begira itzulpen bikain honi:
Ezin hobeto adierazi hartzailea emakumea dela, edozein emakume.
Emakunderen proposamena
Goiko adibideen eraginez, askotan, hika jarduterakoan bazterketarik ez egiteko, erakunde publikoen aldetik nahiago izaten da modu neutrora jo eta hitanoa baztertu, hitanoa bera erabiltzeko modua baztertzailea izan daitekeelako. Izan ere, ikusi dugun moduan, kasu askotan erabilera ez baita egokia izaten erakunde publikoen, herri-erakundeen eta enpresen informazioan. Hala:
Seguruenik Antton Olariaga komikigilea izan zen aurrenekoa berdintasunaren izenean irtenbide bat topatzen, bi generoak bilduko zituena:
Zergatik izan du Olariagak beharrezkoa formula hau topatzea? Zergatik ez dira beharrezkoak izan orain arte badunk eta halako adizkiak? Arestian esan bezala, hika egitea aurrez aurreko ahozko elkarrizketari lotuta egon delako beti. Orain, ordea, bide berriak jorratzean, idatziz ematen baita, halako komikiak edonork (hartzailea neska zein mutila izan baitaiteke) irakurtzeko, alegia, tradiziozko bi lagunen arteko aurrez aurrekoa ez delako, norbaitek hartzaile zehaztugabe bati hika egiteko erabakia hartzen duenean, eta batez ere, esan bezala, mezua irakurtzeko delako.
Honakoan, ordea, toka dihardu:
Olariagak primeran erabiltzen du hitanoa. Errespetuz, txukun eta noka eta toka ederki bereiziz. Zer dela eta toka? Protagonista bere buruari ari zaiolako.
Emakumeak bere buruarekin nola jarduten duen (bere buruarekin toka eta bere buruari noka) ere izan da eztabaidagai hainbat forotan. Oro har, hika egiten ez dutenentzat, “oso gogorra” da emakume bat bere buruarekin pentsamendutan ari denean, toka egitea (“Orain hau egin behar diat, gero beste hau… egun luzea tokatu zaidak gaurkoa!”); bere buruarekin hika egiten dutenek toka egite hori naturaltzat jotze dute, ordea. Hika jarduten duen jendeari eskolak ematen jasotakoaren arabera, sistematikoa da erabilera hori, eta bat dator tradizioak erakutsi digunarekin. Horretarako, onena, 2013an Fernando Rey Escalerak 31eskutik EIZIEren blog kolektiboan “Emakumeak bere buruari nola” artikuluan esandakoak eta jaso zituen erantzunak irakurtzea. Baina tradizioko erabilera hori baztertu egingo genuke generoaren eta hitanoaren arteko gorabeheren azterketatik.
Goiko hariari eutsiz, Olariagaren bidea, lehendabiziko komikian ikusi duguna, oso arrunta bilakatu da kulturgintzan. Hala:
Baina beste era bateko soluzioak egon daitezke, ordea, hitanoa bera erabilita, genero-tratamenduaren errespetuarekin bat datozenak, askoz ere egokiagoak direnak eta, gainera, gramatika aldetik zuzenak direnak eta tradiziotik hartutakoak izan daitezkeenak:
- Aditz laguntzailearen elipsia:
Adibidez, Donostia2016ren adibidea integratzailea da. Antzerki-foruma: Eta hik zer? Aditz laguntzailerik ez du ematen, baina izenordearen erabilerak ederki erakusten du hartzailea bigarren pertsona hurbila dela, eta ez dela beharrezkoa generoa bereizteko edo ez bereizteko zirrikituetan galtzea.
Bide horretatik, beste hainbeste kasu aipa ditzakegu, denak ere zuzenak, egokiak eta genero kontuan errespetuzkoak:
- Hikako adizkien erabilera (pertsona-marka aurrean daukatenak). Hala, ez da bereizten hartzailea emakumezkoa ala gizonezkoa den:
Galdera batzuk, bakoitzak bere erantzuna eman dezan
1.- Gaur egungo galera-joera, zergatik gertatzen ari da: matxismoagatik ala ezagutza gabeko erabileragatik? Kontuan hartu behar da behin baino gehiagotan esan duguna, hitanoa berez ez dela matxista, ez erabiltzeko guregan eragina duten arrazoiak, ordea, izan daitezkeela (gogoratu, “neskatoari nolatan hika?, itsusia da”). Noka emakume kontua dela pentsatzeak ere eragiten du planteamendu honetan.
2.- Non dago arazoa, hitanoaren ezagutzan, hitanoaren erabileran edo emakumearen tratamenduan?
Galderei erantzuteko, lagungarri izan daitekeen konstatazio moduko pare bat kontu:
- Proportzioan, emakumeek oso gutxitan erabiltzen dute hitanoa esparru publikoan. Baina esparru pribatuan, jende askok gogoratzen ditu, adibidez, belaunaldi zaharretako ama-izeben arteko elkarrizketak. Eta hiper hiperhitanoa, hein handi batean, noka gertatzen da: “atzo ikusi ninenan, bai, hik erosi hunan auto berria.
- Hizkuntza bera ez da sexista; izatekotan, hizkuntzaren erabilera izan daiteke sexista.
.
Artikulu benetan interesgarria, nik nire ezjakintasunetik nire iritzitxoa emango dut.
Dakidala lehen Hitanoa gurasoak umeei egiten zieten baina alderantziz ez, gurasoak lagunekin hitanoa egiten zuten baina beste batzuekin ez.
Umea ze jasotzen du orduan? Garrantzia ez du ikusiko zukan? Hori delako aitari egin beharrekoa ta errespetua dion edonorekin erabili beharko duena.
Ume Euskalduna guraso gazteleradunak dituenean (edo Euskalduna baina gazeleraz aritzen dena beti), gaztelerare pasako da beti haundiak egiten duten hizkuntza delako, ta umeak gurasoak kopiatu nahi dute beti.
Horrela ikasi daiteke hika ondo egiten? Niri zaila iruditzen zait, gurasoa hika egiten duenean ta umea zuka egin behar badu, gero ikastolan zuka…. Azkenean zuka ikasiko du ondo.
Neskekin ba gehio oraindik.
Niretzako txiki txikitatik eskolan, hika irakatsi beharko zuketen, noka ta toka ondo egiteko, bakoitzak dagokionarekin. Ordu pare batzuk asteanzehar gutxienez.
Behin ondo ikasi ta gero….
Animaliekin, Landarekin…. toka erabili ordez, emakumeak bere markarekin hitzegin beharko zuketen ta gizonak beraienarekin. Beti toka bada tokaz ohituko zara ta toka egingo dezu.
Nk marka jartzearena ere Euskaran sar genezakeen zerbait dela iruditzen zait, nahiz ta artikulua dioen modun, badago hika gauzak jartzea guztiei zuzenduta gizon/emakumeen markak jarri gabe,
Hau dena nire ezjakintasun haundiarekin idazten dut, hitanoa ulertu bai baina oso gutxi dakit ta.
Nik adiskide guztiekin hiketan egiten diat, mutilekin toka eta neskekin noka. Semea halaxe ikasten ari da. Egia da ikastola nahiz euskaltegietan irakatsi eta landu behar dela. Ez dago bertzerik gu hika galdu zutenak izan nahi ez badugu, behintzat.
Gauzekin nola egin? Ilargia, Lurra, Eguzkia… femeninoak dituk euskaraz, beraz… Amuriza handiak bihotzari noka egin zion liburu batean.
Era guzietako entzuleen aitzinean aditz neutroa erabi behar da.
Ez dakit, horixe egia, baina euskara bizkorti nahi badugu ez dugu hitanoa hiltzerat utzi behar euskarak duen ezaugarririk ederrena galduko genukeelako.
Egin dezagun hiketan.
Mila, hire esperientziatik abiatuta, zein urtetatik gora uste dun hasi daitekeela seme-alabei hiketan egiten? Alaba bat zeukanat eta nahiko niken berak ere ikastea…
Mila, hire esperientziatik abiatuta, zein urtetatik gora uste dun hasi daitekeela seme-alabei hiketan egiten? Alaba bat zeukanat eta nahiko niken berak ere ikastea…
Ederra artikulua, Ritxi!
1926ean Man Rayk sortutako film laburra “Emak bakia” mitikoa gehitu dezakek. Gainera gaur egungo erdarazko inflentziak eraginda asko erabiltzen den “Utzi bakean” baino askoz ederragoa!