[Zine kritika] High Life
[Kritika] High Life –
Zuzendaria: Claire Denis
Urtea: 2018
Herrialdea: Frantzia
Kosmosa ilun eta bakartia da, ez dago irtenbiderik bertan, itsasoa bezalakoa da, inguratzen gaituen espazio amaigabea. Bertan espazio-otzia burbuila bat izango da, handitasun horretan lau pareta artean preso mantenduko gaituen salbamendu-txalupa, norabide zalantzagarrira garamana.
Denisen azken zinta gogorra da, astuna, grabitatea bezain bestekoa, isolamenduak sortzen duen gordintasuna bezalakoa. Robert Pantinson, Juliette Binoche eta Mia Goth izango ditugu besteak beste, lurretik erbesteratuak izan diren presoak, delitugileak, gaizkileak, ezegokituak. Gizarteak maltzurki pozoitutako bigarren aukera eskaini die, lurretik at, burututako delituez libratzeko aukera, gizadiaren onerako diseinatutako espedizio-esperimentuan parte hartzea.
Zuzendariak espazioan kokatzen gaitu, baina nik kosmosa deituko diot, kosmosean aurrera egiten duen espazio-ontzian, txikia, zikina, iluna, baratza eta guzti, organikoa den gauza bakarra, eskifaiaz aparte.
Nola kitatu zorrak? Libratu zigorrez, grabitatearen pisuaz ezarritako etiketez? Bigarren aukera bat izanda ere, ondo irakatsi digute zer garen, ondo barnerarazi digute, ikasia dugu. Etorkizunik ez denean, ereduak errepikatzea errazena da, energetikoki ekonomikoena, han daude preso ohiak, kosmosean, berriro ere preso, askatasun bezala izendatu duten kartzel berrian, eta gainera eginkizun eta guzti, lurretik kanpo, espazioan, ernaltzeko eta bizia sortzeko erronka gainditzea dute helburu.
Zuzendariaren azken lanari Tarkovski, Cronenberg eta Kubricken zantzuak hartu ahal zaizkio, zinta latza da, eta ikusle gisa hausnarketa lan sakona eskatuko digu filmetik onik irten nahi badugu. Etorkizun zikin, galdu eta itxaropenik gabea erakusten digu, errari, basatia esango nuke ere, teknologiak lapurtu ezingo digun animaliatasuna bezala, organikoa.
Ez da film erraza, ez, baina baditu xamurtasun une asko ere. Zerbait berriaren itxaropena, sortze beretik inuzentzia ager baitaiteke, berriro hasteak zaila bada ere aukerak irekitzen dituelako, eta atzo ginen pertsona iraganean geratu delako, gaur garen pertsonari bide emateko.
Batez ere aipagarria zintak duen argazkia, ederra, kolore oinarrizkoekin, argilun handiekin, soila baina eraginkorra, tropikala ere esango nuke, neoizko gau hezeak bezala.
Claire Denisen High Life beraz, gizartearen norabide eta nolakotasunaren hausnarketa proposatuko digu, norbanakoaren trantzea gainditzean datzala gakoa ulertzera emango digu, bizitza ziklikoa dela argituko akaso, nork daki, kosmosa izarrez beteta dagoelako, baina zulo beltzez ere, eta zintak noraez horretan mantenduko gaitu, kosmosaren adieraezintasun erraldoi horretan errari, datorrenaren zain.
.