Hezkuntza Legeak euskal kultur transmisioa berma dezan lan egiteko prest daude kultur eragileak

Hezkuntza Legeak euskal kultur transmisioa berma dezan lan egiteko prest daude kultur eragileak –

Euskararen kulturgintzako eragileek agerraldia egin zuten atzo, ekainaren 16an, Donostiako Oteizaren eskulturan EAEko Hezkuntza Lege berrian euskal kultur transmisioa berma dadin eskatzeko eta berau gara dadin laguntza eskaintzeko.

Hezkuntza Legeak euskal kultur transmisioa berma dezan lan egiteko prest daude kultur eragileak

2019ko urrian euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza arautuaren testuinguruan jorratzeko Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiak antolatu genituen Azpeitian, hainbat eragileren artean (Ahotsenea, Azpeitiako udala, Azpeitiko Kultur Mahaia, Elkar Fundazioa, Kulturaz kooperatiba, Hik Hasi, Ikaselkar eta UEU). Jardunaldi haietan eginiko diagnosiek eta trukaturiko esperientziek argi utzi zuten kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzeko eta sendotzeko premiazkoa zela kultur eragileon arteko eta kultur transmisioan dihardugun eragileon arteko saretzean urratsak egitea. Horretan aritu gara azken bi urteotan, eta kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruko gogoeta egitera eta saretzera batu zaizkigu orduz geroztik beste hainbat eragile (Bertsozaleen elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Dantzan, EEE, EHAZE, EIE, EIZIE, Xabiroi, Tupust!, Jakin, Galtzagorri elkartea, Lanartea, Ibaia, ADDE, EuskalPen…). Saretze dinamika hori eta gogoeta prozesu hori egituratzen ari garela etorri da Hezkuntza Itunaren eztabaida, eta premiazkoa iruditu zaigu Hezkuntza Itunaren testuinguruan kulturgintzatik geure ikuspegia gizarteratzea, geuk ere ahotsa hartzea etorkizuneko legeak euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntzan berma dezala eskatzeko. Testu bat adostu dugu eragileon artean aldarri hori gizarteratzeko atxikimenduak lortzeko, eta ahalik eta gorputz kolektibo sendoena egituratzeko.

Bertan izan dira aldarrikapenarekin bat egin duten kultur eragile eta kultur erakundeetako ordezkariak: ADDE, Ahotsenea, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Bertsozaleen elkartea, Dantzan, EAB, EEE, EHAZE, EIE, EIZIE, Euskal Herriko Trikitixa elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, EuskalPEN, Galtzagorri, Ibaia, Lanartea, Tupust!, Xabiroi…

Lehen urratsean aldarrikapena eta deialdia kultur eragile eta kultur erakundeen eskutik gizarteratu dugu, baina asmoa da aurrerantzean sortzaile eta kulturzaleekin ere bidea egitea, eta pixkanaka sarea indartzea eta sendotzea.

Hezkuntza Legeak euskal kultur transmisioa berma dezan lan egiteko prest daude kultur eragileak