Herria, hiria, gizartea. Atxaga
Herria, hiria, gizartea. Atxaga –
Atxagaz eta Sautrelaz idatzi du, besteak beste, Mikel Iturriak Harrikadak blogean.
Pasa den asteazkenean, urriak 18, Bernardo Atxagak KMK-n eskaini zuen hitzaldian egon nintzen. Gaia: Euskal Hiriaz. Ez dut topatu hitzaldia KMK-ren bideo kanalean eta ez dakit streaming bidez eman ote zen.
Sarrera bikaina egin zuen Jose Luis Padrón-ek antolatzaileen izenean. Ahots nekatu batekin txosten batetik ateratako datuak irakurtzen hasi zen nahita (zenbat langile eta enpresa dauden Euskadin kulturgintzan), baina ederki eman zion buelta hainbat begitan behatza sartuz (2016 kultur urtea eta 155 artikulua aipatu zituen: harremanik dute biek, Jose Luis?).
Euskal Hiriaz jardun aurretik Euskal Herriaz aritu zen Bernardo argituz bera eremu honetan amateur bat dela. Urteen barna bidaiatu zuen, gertuko eta urrutiko ispiluak aipatuz. Nik hainbat izen-abizen apuntatu nituen: Juan Olazabal karlista irundarra, Humboldt, Isaiah Berlin, Pío Baroja eta familia, Kepa Altonaga, Ignacio Echaide (ingeniari eta Euskaltzaindiako lehendakari izandakoa, Donostiako lehen telefonia zerbitzua martxan jarri zuen karlista), Antonio Zavala, Jorge Oteiza, Koldo Mitxelena, Txillardegi (publikoki damutu zen berandu irakurri zuelako haren hainbat liburu), Matalaz, Rodeznoko kondea eta Martin Ttipia gasteiztarra.
Atxagaren esaldi bat: “Gaiztakeria esan behar nuen, baina autonomoa naiz eta inork ez dit ematen bost urteko bekarik. Isil nadin”.
Ez da erraza haren jarduna hemen laburbiltzea eta ez da hori nire asmoa, baina bai azpimarratu nahi dudala oso ezkor agertu zela euskararen etorkizunarekin.
Ikusi duzue Gure Esku Dago-k Tolosan duela hainbat hilabete antolatutako mahai-ingurua? Bertan aipatutako kontu batzuk errepikatu zituen Bernardok Donostian.
Amaitzeko, egun horretan jakin genuen ez dela denboraldi honetan Sautrelarik egongo. Ez zen gaia atera solasaldian, baina nik bai jarri nahi nuela apunte honetan ETBren erabaki hau. Eta lerroburuan aipatutako Hatxea Hasier Etxeberria aka Konatxe ere izan daiteke. Urtebete ere ez da pasa bera hil zenetik. ETBk ez du dolua ere errespetatzen. Ze desastrea!