Akabo Klase Astunak

Akabo Klase Astunak –

DBHko 4. mailan nengoenean ingeles klase jasangaitz bat izan nuen… Berezia behar izan zuen oraindik egun hartakoa gogoan izateko! Zera pentsatu nuen nire kautan: “Noizbait joko al du txalapartaren doinuak? Ez dakit zer egin… Marrazkiren bat, agian? Arratsalderako planak, apika?”. Klase haren arazoa interesa zen. Jada akademiara 3 urtez joana nintzen ikasturte hori iritsi zenerako, eta, hortaz, bost axola zitzaidan irakasleak kontatzen zidana. “Ttakun. Ttakun, tan ttakun tan ttakun tan ttakun.” Gaitz erdi! Klase hura amaitu zen.

Klase bat amaitzeko gogotsu zaudenean, hezkuntza-sistemak huts egin du, eta hotzikarak sortzen dizkit halako zenbat klase jasan ditudan pentsatzeak. Nik klase hura amaitzea nahi nuen ez nuelako interesik. Eta, interesik gabe, ez dago irakaskuntza eraginkorra egiterik: ikasle batek ez badu inolako jakin-minik gai baten inguruan, ez du sekula ere ezer ikasiko.

Akabo Klase AstunakBaina, egia esan, jakin-minaren kandela piztea ez da erraza; eskerrak horretarako txiskero asko daudela! Pizgailu horien artean eraginkorrenetariko bat da esangura, hots, egiten duzunak esanahia izatea: ez da berdina idazlan bat egitea ardura ez zaizun norbaiten inguruan edo ikasle bakoitzak gogoko duenari buruz. Esanguraren bidezko interesa erdiesten bada, ikasleek haien kabuz ikasiko dute, eta klasea amaitzeko baino, klasea luzatzeko gogotsu egongo dira.

Kontua da, askotan, interesaren kandela pizteko saiakeran txiskeroa trabatzen zaigula. Hori gertatzen zaie, besteak beste, teknologia berriak bakarrik ikasleen jakin-mina pizteko erabiltzen dituzten irakasleei. Irakasle horiek, askotan, haien ikasleak ordenagailu gelara daramatzate, horrekin bakarrik klaseko zutargia argituko dutelakoan.

Baina teknologia aukera asko zabaltzen dituen bitartekaria da, eta ez interesa sortzeko jomuga. Askotan erabili izan ditut ordenagailuak paperean egin nezakeen berbera egiteko, eta hori akats larria da: interes aldetik, ez dago alderik berridazketak paperean edo ordenagailuan egitearen artean, eta badirudi irakasle asko ez daudela jakinaren gainean. Onenean ikasleek amarrua lehen aldian irentsiko dute eta egitekoan interes handiagoa izango dute, baina, besterik gabe, hori da guztia.

Ea irakasleek txiskero egokiekin jotzen duten bitartean trabatutakoak agortzen diren. Azken batean, nire DBHko 4. mailako ingeles klase amaigabe horrek ere izan zuen amaiera.

Akabo Klase Astunak

Euskara ikasi / Aprender euskera