Iritsi dira heroiak
Iritsi dira heroiak
Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuen Txalo ekoizpen taldeak Heroiak antzezlana, pasa den astean. Ideia ez da ekoiztetxearena, obrak aurretik makina bat oholtza igaro ditu Paris eta Londonen denbora luzez. eta oso harrera ona izan omen du. Begoña Bilbao da zuzendaria, eta Ramon Agirrek euskaratu du lana.
Gudan aritutako hiru militar ohien bizia kontatzen da; egun gerrako beteranoentzako zahar etxe batean daude. Kandido Uranga, Joxe Ramon Soroiz eta Ramon Agirre bera dira hiru agureak. Heriotzari ihes egiteko josi duten plana paregabea da: zahar etxetik alde egitea. Umore ukitua nabaritzen den arrez, antzezlana ez da komedia bat.
Nire bizitza beharbada biolentzia sinbolikoz betea egon da, presioz, beldurrez, gutako askorena bezala agian. Baina zortekoak gu, gerra gordinak, gudu-zelaiak, borroka armatuak, hil ala bizikoak, ez gaituela lehen lerroan harrapatu. Gerra lehen eskutik ezagutu duten jende dezente tokatu zait inguruan. Hitz egiterako orduan zentzudunagoak iruditzen zaizkit, beldurra izan arren koldarkeria gailentzeko gai izan direlako, euren praktikak eta hitzak pisuzkoak dira, ez huskeria. Baina nabaritu daiteke guztiek ez daramatela zama modu berdinean.
Pertsonak osoa behar du izan horrelako atakatik osorik ateratzeko. Maite dituzunak hiltzen direla ikustearen doilorkeria, zu baina handiagoa den etsaia parean izatea, egunsenti asko begiratzea ilunabarra ikusiko duzun jakin gabe.
Silvio Rodriguezek apirilaren 3an joko du Donostiako belodromoan. Han egongo naiz, ziurrenik izango dudan aukera bakarra izango baita bizi izan ditudan hainbeste uneri soinu banda jarri dien tipoa ezagutzeko. Heroiak antzerkiaren gaia irakurri dudanean, “Al final de este viaje” abestia etorri zait burura:
“Bidaia honen amaieran heriotza, gorrotora, itsasertzera joateaz nazkatu diren gure gorputz puztuak geldituko dira. Bidaia honen amaieran bizitzeko gonbita luzatzen duen gure oinatza geldituko da bizitzan. Ni behintzat horregatik nago hemen. Bidai honen amaieran zu eta ni gaude, salbu. Heriotzaz inguratuta irribarre egin dezakegunak geratzen gara, argitan.”