Heriori Joxe Luix Agirretxek ebatsitako poemak
Heriori Joxe Luix Agirretxek ebatsitako poemak –
2021ean, eta Baionako Maiatz argitaletxearen bitartez, Joxe Luix Agirretxe lezoar euskaltzale ezagunak oso olerki bilduma berezia plazaratu zuen. Horretan beste bi lezoar ezagunek liburua osatzen lagundu zioten, Urtzi Urkizuk aitzin-solas modukoa egin baitzion eta Lander Zurutuzak, bere marrazkiez, olerkien mezuak ilustrazio bihurtu baitzituen. Kontakizun ezkorra, beltza… baina, zorigaitzez, askotan egiantza handia hartzen duena.
Desagertzen ari den mundu oso baten bukaera ekartzen digu, behin eta berriz, gogora: euskara, Euskal Herria, natura, gizateria eta planeta osoa… Horretaz gain, aipatu behar dugu Joxe Luix Agirretxek momentuko bizipen gogor eta lazgarrietatik idatzitako olerkiak direla, liburuari egindako sarreran aitortzen digun bezala: “Nire kasuan, beredenik, gogo-bihotzetan irakin arte berotutako gertaeren zukuak sortutako lurruna jalkitzeko bide isil eta bakartia da poemak idaztearena”.
Lehen olerkian, “Ebasle naiz” izenekoan, Heriori poemak lapurtzen ibili izana aitortzen digu inolako erreparorik gabe: “Heriok dena bere / uste du. / Gaizki hezitako umearen / moduan, / dena beretzat hartzen / gaizki ohituta dago. / Behatz muturrak odolduta / beredenik, / poema hauek / erauzi dizkiot.”
Bizia bera zalantzan jartzen du “Salbuespen egoera” izeneko olerki sentituan: “Bizia salbuespena da/ eta gainera salbuespeneko / egoera mugatuan / gertatzera uzten zaion / elementuen kokatze bakan; / unean eta lekuan. / Bizia anomalia miragarria da / indiferentziaren ez leku / eta ez denbora / koka ezinean.”
“Bizitzeko saioa” izeneko poeman, heriotza jartzen digu aurrez aurre: “Atzo bizitza hil zitzaidan, / urrezko haritatik zintzilikaturiko / geroaren ispilua hautsi zitzaidan. / … / Zirrara hotz batez, azken hatsa / iragarri zion etorkizunari / orain errukigabeak; / biak hil ziren. / Eta ni ere bai.”
Eta “Hor konpon” izenekoan, porturik gabeko itsasaldiarekin alderatzen du denon bizitza: “Bagabiltza, / porturik gabeko itsasaldian, / islarik gabeko / indiferentziaren / ispilu beltzean / salbatuko gaituenaren / aurpegi amultsua / bilatu nahian.”
Ez ditu gaurko gizarte erotuaren bekatuak eta balentriak ahazten, eta “Mamuen dantza” olerkian honela erraiten digu atzamarra zaurian igurtziz: “Hor dira dantzan, / langabezia, zahartzaroa, / minbizia, itxurakeria, / elbarritasuna, zorra, / bakardadea,/ amodio eza, / doilorkeria, denbora izeneko korrikalari / arras bizkorra, / eta ezagun ez diren beste / hainbat espektro…“
Kostaldeko herritarra izanik, Joxe Luix Agirretxek itsasoaren aipamenak egiten ditu tarteka, nola ez. “Altzo gozo” olerkian, adibidez, honela dio: “Itsaso ederraren altzo epelean / hain gozo egonen nintzela jakin banu, / ez nituen esku-ahur eta behatzak / harri latzean urratuko alferrik.”
Euskararen galera, euskalduntasunaren gibelapena… dira Agirretxe astintzen duten kezka handiak, “Eza” izeneko olerkian hitz gogorrak ditu euskara baztertzen duten euskaldunentzat: “Ur idorra edanez eta / elikagai hilgarriak janez, / zutik dautza / besterena den / sor lurrean / euskaldun espainiarra / eta euskaldun frantsesa.” Lezoarrarentzat, erdal baskoak ezaren isla dira, errorik gabeko landare lehorrak.
Beharbada horregatik, ikastolen defentsa sutsua dakarkigu “Ikastolaren DNA” izeneko poema ederrean. Hor Heriori menia edo tregoa eskaintzen diola dirudi, esperantzari leihoa zabaltzen baitio: “Hitzak damaigu izena eta izana. / Hitza da gizaki egiten gaituena. / Hitza da ia dena, / ikastolaren DNA.”
Hitz gogorrak, saminetik atereak ditu, euskara baztertzen duen euskaldunarentzat, “Euskaldun txarraren balada” izeneko olerki luze eta sutsuan: “Hurko euskaldunarekin erdaretan / mintzo haizena, / zuri alaena! / Faltsu eta saldua!” Harra gurean dugu sarturik, ez dugu urrutian bilatu behar.
Eta, saminaren saminez, Herio, Balbe edo Andere Beltza deitzen dugun horren itzala hurbilera ekartzen digu maiz. Horra “Bizidun, zordun” poeman aditzera ematen diguna: “Andere Beltza, goseti, / denak aho beltzera / eraman beharrean / sumatzen dugu; / gure txanda ere / aurki izango dela / sinesten dugu.”
“Bihotz nabarreko ur gazitan” poema laburrean gure arbasoen animismora, izadiaren gurtzera itzultzen zaigu olerkaria: “Har nazazu lur! Har nazazu haize! Har nazazu su! Har nazazu ur! Egin nazazue berriz bat / osotasun eternalarekin, / haren gurpilean etengabe / jira nadin; orain honen, / gero haren, berriz / osotasunaren…!
Olerki-liburu ederra Joxe Luix Agirretxe lezoarrak bere kezka existentzialetatik abiaturik eskaini diguna, zer pentsa eragiten diguna. Arrangurak, kezkak, zalantzak, gaitzak, hondamendira garamatzaten bideak… aurkezten dizkigu, behin eta berriz, Heriori ebatsitako poema hauetan. Baina, ene irudikoz, ez du apokalipsia bilatzen, tunel beltz luzearen errealitatea bere gordintasunean erakusten digu aldiro… azken finean, bere bihotzean, zail samar ikusten dituen irtenbideak amesten dituelako. Eta horretan nauzue ni ere, Agirretxek Heriori ebatsi dizkion poema hauetan, olerki saminek eskaintzen diguten gogoeta ilunean, amildegira ez jausteko giltza daukagulakoan. Eta ene ustez, lezoarrak egindako hausnarketa beltz hauetatik abiatuz, atzemanen dugu aurrera egiteko bidea eta euskara maitea Euskal Herri osoan hedatzeko bultzada. Geroak erranen!