Heptamerona eta Nafar Ateneoa

Heptamerona eta Nafar Ateneoa –

Urriaren 2ko larunbatean Kondestable Jauregian gertatu zena ederra eta berezia izan zen: Angulemako Margaritak, ipuinen bitartez eta bere moldera islatu zuen gure lurraldearen historiaren irakurketak bildu gintuen 60 inguru lagun, euskaldunon hiri buruzagian.

Heptamerona eta Nafar Ateneoa
Margarita Nafarroakoaren erretratua (JEAN CLOUET)

Booktegi eta Nafar Ateneoaren artean antolatutako jardunaldia izan zen, urtebetez elkarlanean aritu ondoren, lortutako lehen emaitza, alegia, Heptamerona lanaren euskarara itzulitako 1. atalaren edizio digitala (Booktegiren web atarian eskuragarri dagona) eta haren irakurraldia. Zazpi ataletatik lehenaren itzultzaileak Xabier Artola eta Fito Rodriguez izan dira, eta Josu Zabala, itzulpenaren zuzentzailea. Xabier eta Fito bertan izan ziren, irakurtzen.

Historiaz ari naizela, Nafar Ateneoari ere zor dizkiot hitz batzuk: 1932ko maiatzaren 12an Iruñean eratuko zen erakundea dugu, bere ohorezko patronatuko lau kideetako bat Arturo Kanpion bera izan zuelarik eta sorrerako estatutuetan jasotzen den moduan, kultura hedatzea zen bere helburu bakarra, zientzia, literatura edo arte arloetan ideia, obra eta ekimenen garapena bultzatuz; bestetik, estatutuotan garbi erakutsi zuten politikatik at lerratuko zen ateneoaren bokazioa. Antolatutako hamaikatxo jardueren artean izan ziren Jose Agerre idazlea irakasle eduki zuten euskara eskolak ere. 1936ko uztailaren 18an desagertu zen orduko Nafar Ateneoa, halabeharrez.

Gerra eta frankismoa pasata, 1986ko urtarrilaren 22an eratu zen berriz gaurko Nafar Ateneoa, aurrekoaren helburu eta izaera berarekin. Garai berri honetako lehen talde eragilea osatu zutenen artean Jose Ma Satrustegi eta Aurelio Sagaseta ageri zaizkigu, euskalgintzan sakonki aritutakoak biak. Urte batzuk beranduago, 1991an, Nafarroako euskalgintza ‘garaikidearen’aita izendatu dezakegun Eujenio Arraizaren ardurapean jaioko da Euskara eta Euskal kultura saila.

Horra, Angulemako Margarita, Albreteko Joana bere alaba, Etxeberri Sarakoa, Arturo Kanpion, Jose Agerre, Jose Ma Satrustegi, Aurelio Sagaseta eta Eujenio Arraiza, guztiak nafarrak eta guztiak Lingua Navarrorum aldarrikatu zutenak (aipatu gabe utzitako beste askoren artean). Larunbatean gurekin egoteko aukera izan balute, imajinatu nahi dut pentsatu izango zutela bizirik zeudelarik, baldintza zailagotan eta baliabide material kaxkarragoekin, egin zuten guztiak balio izan zuela. Niri egun hartan, beste ideia batzuen artean, hura ere pasatu bait zitzaidan burutik.

Formakuntzaz zientzia alorrekoa naiz (gazteleraz ‘soy de ciencias’ esango nuke) eta agian horregatik ez dut unibertsoaren indar magikoetan sinesten. Ordea, giza balio sendotakoa nuen amona Pakitak hezi ninduen eta berari zor diot hezur eta haragizko pertsonek transmititzen dituzten emozioak antzemateko gaitasuna, onak direnekin kutsatzeko eta kaltegarriak bazterreratzeko.

Aitortzen dut hunkitu egin ninduela ikusteak irakurtzera bertaratu ziren guztiok erakutsitako gogo eta prestutasunak; euskaraz elkarlanean garatutako ekimen batetako partaideen ilusioek bat eginik sortu zen poztasun kolektiboak, bertan egon ahal izate soilagatik; nafarrak batzuk, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik iritsitakoak, besteak, guztiok sentipen bera geure baitan.

Heptamerona eta Nafar Ateneoa Heptamerona eta Nafar Ateneoa

Nafar Ateneoko Euskara eta Euskal Kultura saileko eleduna