Durangoko Azoka Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da

Durangoko Azoka Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da –

Durangoko Azoka Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da, kulturzale guztien segurtasuna bermatzeko asmoz.

Landako Gunera sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, erreserba sistema baten bidez. 1200 bisitari sartuko dira Landako gunean aldi berean, ordu eta erdiko txandetan.

Ahotseneako kontzertuetan ere derrigorrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Jarduera guztietan ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea eta osasun-arau guztiak errespetatzea.

Durangoko Udalak eta Gerediaga elkarteak erantzukizunez eta arduraz jokatzeko deia egin diete kulturzale guztiei, bai Azokaren gune ezberdinetan eta baita Durango osoan ere. Osasun-neurriak zorroztasunez betearaziko direla nabarmendu dute. Kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza bera dira.

Durangoko Azoka Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da

Durangoko Azoka Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da. Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak adierazi dutenez, bisitari eta kulturzale guztien segurtasuna bermatzea izango da Azokaren lehentasun nagusia, eta, horretarako, osasun-neurriak indartuko dituzte 56. edizioari begira.

Berritasun nagusia Landako Gunean eta Plateruenan antolatuko diren Ahotseneako kontzertuetan egongo da. Bai Landako Gunera zein Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, Azokako webgunean sortuko den erreserba sistema baten bidez. Horrela, Landako Gunean 1.200 bisitari egon ahalko dira aldi berean erakusmahaiak bisitatzen, ordu eta erdiko tartean, bisita segurua eta erosoa izateko. Tarte hori amaitzerakoan, hustu egingo da Landakogunea hurrengo txandakoei lekua egiteko. Egunero, beraz, bost txanda egongo dira Landako Gunera sartzeko, 10:00etatik 20:00ak arte. Eta erreserba beharko da sartzeko.

Plateruenaren kasuan ere erreserba-sistema jarriko da martxan Ahotseneako kontzertuetara joan ahal izateko. Abenduaren 4tik 8ra arte 50 kontzertu antolatu ditu Azokak Plateruenako eszenatokian. Musikazaleek aldez aurretik izena eman beharko dute zuzenekoez gozatu ahal izateko, www.durangokoazoka.eus webgunean martxan jarriko den erreserba sistema baten bidez. Plateruenan ez da ostalariatza zerbitzurik egongo eta ezin izango da inolako edari edo jatekorik kontsumitu, ezta Landako Gunean ere, eta Landako Gunean bezalaxe, derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera uneoro.

Durangoko Azokak eta Durangoko Udalak, beraz, osasun-neurriak indartuko dituzte bisitari eta herritar guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko asmoz. Durangora gerturatuko diren bisitari guztiei ere arduraz jokatzeko deia egin diete: “Euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon babesa eta konpromisoa. Konpromiso horren baitan ere, osasun-neurriak zorroztasunez betetzea eskatu nahi dizuegu. Arduraz jokatu behar dugu, kulturaz gozatzen jarraitu behar dugu segurtasunez eta erantzukizunez. Iaz Azokako taupada bizirik mantentzea lortu genuen; aurten ere Azoka izatea nahi badugu, ezinbestekoa da denok arduraz jokatzea eta osasun-neurri guztiak betetzea. Eta txanda-sistema honek ematen duen segurtasuna bermatuz, kulturzaleak animatu nahi ditugu Landakon sartzeko hitzorduak hartzera”.

Zentzu horretan, Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak dei egiten diete Durangora hurbilduko diren kulturzale guztiei Azokako guneetatik kanpo ere arduraz jokatzera eta osasun neurri guztiak errespetatzera, bereziki aisialdirako guneetan: “Durangoko Azokak herri guztia barnebiltzen du, eta Durangoko kaleetan ere nahitaezkoa da segurtasun neurriak betetzea, guztion hobebeharrez”.

Aurrez aurreko Azoka abenduaren 4tik 8ra antolatuko da. Landako Gunean 220 erakusmahai egongo dira, eta hainbat kultur ekitaldi antolatuko dira Durangon. Guztietan osasun-neurriak betetzea ezinbestekoa izango da: musukoaren erabilera, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta abar. Horrez gain, abenduaren 3tik 7ra, online denda martxan jarriko da www.durangokoazoka.eus webgunean, eta Azokako hainbat ekitaldi streaming bidez jarraitu ahalko dira zuzenean. Durangoko Azokak, beraz, alde presentziala eta digitala uztartuko ditu edizio honetan. 

Durangoko Azoka Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da

Durangaldea lan esparru duen elkartea gara, baina Euskal Herri osora zabaldu eta hedatzen diren ekimenak ere tarteka burutzen ditugu. Adibiderik, garbiena, Durangoko Azoka bera da. 1965. urtean sortu zen elkartea, eskualdetasuna aldarrikatzeko beharrizana ikusi zutelako eta gertuko ondare historikoa zein kulturala - galduta zegoena - berreskuratu eta zaindu beharra zegoela sinistuta.