Hélène Elizaga, euskal izaeraren margolari eta hedatzailea
Hélène Elizaga –
Euskal Herrian margolari handiak izan ditugu gure historian zehar, askotan euskal paisaiak eta bertakoen erretratuak egin eta hedatu dituztenak. Haien lanak margolaritzatik haratagoak direla erran daiteke, etnografiaren berri zehatza ere ematen baitigute. Hori da Hélène Elizaga margolari lapurtarrarekin gertatzen dena.
1.- Hélène Elizagaren biografia laburra
Hélène Elizaga (Elissague frantses grafiaz) Bigorran sortu zen 1896ko martxoaren 3an. Gurasoak Sarakoak ziren, baina aitak lan egiten zuen Bigorrako farmazian, eta lanbideak eraman zituen senar-emazte gazteak herri horretara bizitzera. Gazte-gaztetatik margolaritzarako zaletasuna erakutsi zuen, eta horrela bere lehen margolanak Ingalaterran egin zituen hamahiru urterekin.
Hogeita bat urte zituelarik Parisera abiatu zen margolaritza ikasketak egitera. Hasieran Jullien Akademian ibili zen eta gerora Grande-Chaumière izenekora pasatu zen. Hortik Maurice Denis eta Georges Desvallières-en Arte Sakratuaren Atelierrera egin zuen jauzi. Henry du Sorbiers de la Tourasse erretratu-egilearen ikastaroetan aritu zen ikasle, eta 1918an harekin ezkondu zen.
Senarrarekin batera Euskal Herrira itzuli zen eta Lapurdiko Urruñan hartu zuten bizileku. Orduz geroztik, lotura handia mantendu zuen laborari giroko herri eder honekin. Gerora Donibane Lohizunera aldatu ziren, bertan margolanen errestauraziorako atelierra zabalduz. Atelier horren inguruan izan zuen Hélène Elizagak aukera paregabea garaiko euskal margolariekin harremana egiteko. 1932an, Ramiro Arruek bultzaturik, Euskal Artisten Elkartean sartu eta beste artistekin batera, erakusketetan parte hartzen hasi zen. Aipatu erakusketetan Elizagaren margolanak Arrue, Colin, Labrouche, Masson, Ribera, Swiecinski, Veyrin eta beste zenbait margolari ezagunen margolanen ondoan ikus zitezkeen.
Arrakasta handia erdietsi zuen 1930ean, 1932an eta 1935ean Baionako Erakusketan, Paueko Erakusketan, 1937an, Pariseko Nazioarteko Erakusketan eta 1950ean Donibane Lohizuneko Erakusketan.
Euskal Herriko bi aldeetako margolariekin harreman estua izan zuen eta maiz ibiltzen zen Hegoaldeko lurraldeetan barna, paisaiak margotzen. 1950etik aitzina, margolanak ez zituela saltzen ikusirik, senarrarekin batera aritu zen Donibane Lohizuneko euren atelierrean, errestaurazioak eta artisauzko lanetan murgildurik. 1981eko irailaren 25ean, 85 urte zituelarik, zendu zen Donibane Lohizunen eta, berak horrela eskaturik, Urruñan ehortzi zuten.
Hil zelarik, bere margolanak jadanik oso ezagunak ziren, hori dela eta, hil ondoren, erakusketa zenbait zabaldu zituzten haren margolanekin. 1994an Donibane Lohizunen, 2008an Ziburun, Euskal Herriko Emakume Margolarien Erakusketaren barruan, 2017an Cap D’ Ail-en… eta abar. Bere margolan bat ikusgai dago Ainhoako Dona Mariaren kaperan.
Idoia Estornes Lasak Auñamendi Entziklopedian Hélène Elizagaren nondik norakoak zabaldu zituen eta 1980an, Edorta Kortadik plazaratu zuen Muga aldizkariaren 9. zenbakian, Hélène Elizagari egindako elkarrizketa mamitsu eta aberatsa.
2.- Hélène Elizagaren margo-bideak
Hélène Elizagak paisaiak eta erretratuak margotu zituen, gehien bat, beti euskal izaerari lotuak ziren gaiak agertaraziz. Horregatik, garaiko zenbait kritika-egilek euskal arimaren margolari eta hedatzaile gisa ezagutu zuten. Bere margolan ezagunenak Pilota partida eta Arraiet anaia pilota txapeldunen erretratua izenekoak ditugu, Baionako Museoan erakusgai daudenak. Horretaz gain, erran behar da aipatu museoak Elizagaren margolan gehienak erosi zituela. Iparraldeko Euskal Pilota Federazioaren egoitzan ere, badira Elizagak euskal pilotaz egindako margolan ederrak.
Garaiko euskal jendeen erretratuak, laborariak, arrantzaleak, pilotariak, euskal paisaiak, laborantzarekin loturiko gaiak, itsasoarekin loturikoak…, margotu zituen, energia handiz, inpresionismoaren teknikak erabiliz, eta tarteka kubismora hurbilduz.