Hazparneko Zinegin gaurtik aitzina

Gaur hasi eta azaroaren 22ra bitarte euskarazko zinemak leiho bat irekiko du Hazparneko Zinegin; hamasei film proiektatuko ditu zinemaldiak.

Hazparneko Zinegin gaurtik aitzina

Eihartzea Kultur Etxeak, Ttattola gaztetxeak eta Haritz Barne zinema gelak Zinegin Festibala sortu zuten 2012an Hazparnen, elkarlanean. Geroztik, bere hastapeneko xedea beti atxiki du: euskarazko filmen hedatzea eta euskal kulturak bizitzeko behar duen hatsgune baten proposatzea.

Hazparnen ikusten ahalko dira aurten ere fikzio eta dokumentalak, labur edo luzeak; hauen artean beldur ikarak emanen dizkigun film kolektibo bat, inarrosiko gaituen lagunen arteko maitasun istorio bat, marrazki bizidun ekologista bat do identitateari buruzko hausnarketa bat.

Aurten, transmisioa gazteekin ere landuko da, Xalbador Ikastegiko gaztetxoek Kanboko L´Aiglon zinema gelan “Aupa Etxebeste!” filmarekin irri eginen baitute, lanak hamar urte bete dituen honetan.

Hastapeneko helburuei jarraikiz, festibalak zine-kontzertu, bideo-poteo edo gaualdien bidez herrian dinamika kultural baten sustatzen segituko du. Iaz Lurra omendu ondotik, zinemaldia parte hartzaile egiten duen KliKlap film labur lehiaketaren gaia Sua da aurten.

“Sua pizteko beldurrez, hozten gira maiz” dio Ttattolako murru batek. Zatozte Zineginen berotzera!

FILMAK:

“Amama” (Asier Altuna) / “Pikadero” (Ben Sharrock) / “Arrakala” (Talde-lana) / “80 egunean” (Jose Mari Goenaga & Jon Garaño) / “Euskal Harriaren ADB-ak” (Talde-lana) / “Izarren argia” (Mikel Rueda) / “Bingen” (Ander Odriozola) / “Margodantza” & “Galtzerdi berdeak” (Oscar Alegria) / “Herensugeak: Haritzaren bihotza” (Ricardo Ramon & Angel Izquierdo) -haurrentzat-.

 

DOKUMENTALAK:

“Gernika batailoia” (Iban Gonzalez) / “Gure sor-lekuaren bila” (Josu Martinez) / “Beltzean mintzo” (Jon Sarasua) / “Bisaiak, jauziaren aurpegiak” (Ibai Agirrebarrena).

Hazparneko Zinegin gaurtik aitzina
Euskal zinema, Hazparne, zinea, Zinegin, Zinemaldia
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude