Hasi da Dock of the Bay Jaialdiaren 14. edizioa

Hasi da Dock of the Bay Jaialdiaren 14. edizioa –

Gaur arratsaldean hasi da Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Zinema Jaialdia Trueba Zinema-aretoetan, eta larunbatean amaituko da, Principal Antzokian.

Sei egunetan, ekainaren 7tik 12ra, proposamen interesgarriz beteko dira aretoak eta, itxura guztien arabera, edizio oso berezia izango da, 23 proiekziorekin. Zazpi lan egongo dira Sail Ofizialean, eta zortzi filmek osatzen dute lehiaketatik kanpoko film luzeen Perfect Day atala. Gainera, lehiaketara aurkezten diren 8 dokumentalez osatutako film laburren Lehiaketa Atala izango du Jaialdiak.

.

Lehiaketan, zazpi film luze

Edizio honetan zazpi lan aurkezten dira lehiaketara, eta horietako bost erabateko estreinaldiak dira. Gaur “Helmut Lachenmann: my way wiebke pöpel” lanarekin ekingo zaio Jaialdiaren aurtengo edizioari; Helmut Lachenmann (85 urte) konpositorearen erretratu pertsonala da filma. Musika garaikideari bere “Musique Concrète Instrumentale” estilo bereziarekin eman dio forma Lachenmannek azkeneko 50 urteetan.

Hasi da Dock of the Bay Jaialdiaren 14. edizioaBihar asteartea, hilak 8, “Dima Punk” jardunaldia estreinatuko da, Dominique Caubet frantziarraren lehen lana, Marokon Punka izaten jarraitzeko zailtasunak kontatzen dituena. “The Sound is innocent” opera primarekin jarraituko du Jaialdiak; ikus-entzunezko bidai baterako gonbidapena egiten diguna, eta soinu elektronikoaren eta esperimentalaren munduaren esanahia, funtzioa eta garrantzia aztertzen dituena.

Beste estreinaldi batekin irekiko da ekainaren 9ko jardunaldia Trueba zinema-aretoetan, José Permar-ek zuzendutako “Fuera del camino” film mexikarrarekin, hain zuzen ere. Musikari gaztez osatutako talde batek Hegoaldeko Behe Kaliforniako desertuko eskualderik isolatuenean bizi diren hiru gizonen ekintza gogoangarriak abesten ditu. Baja 1000 4×4 ibilgailuen urteroko munduko lasterketarik handienak Mexiko eta Amerikako Estatu Batuen arteko muga zeharkatzen duen bitartean, gizon-emakume horiek lasterketa horretan parte hartzeko eta haien komunitate txikietan itxuraz bizi duten monotoniatik ihes egiteko aukera bat bilatzen dute.

Jarraian, Celeste Bellen eta Paul Song zuzendariaren “Poly Styrene: I am a cliché” proiektatuko da. Poly Styrene punkaren ikonoa eta X Ray Spex taldeko liderra izan zenaren heriotzaren erretratu berezia osatzen du filmak 89 minututan. Alabak munduan zeharreko bidaia bati ekiten dio, eta bere amaren artxiboak aztertzen ditu, haien harremana konpontzeko.

Ostegunean, ekainak 11, Joan Porcel zinemagilearen “Sempre Dijous” filmaren txanda izango da; Palma eta Bartzelona arteko joan-etorriko bidai batez hitz egiten digu. Valldemossa herriaren eta Raveleko kaleen artekoa. Mallorcako melodien eta traparen artekoa; hori guztia, Julia Colomen begien eta ahotsaren eskutik.

Ostiralean, berriz, “Subterranean” film espainiarra izango dugu; Pablo eta Marietaren istorioa erakusten digu. 45 urteko madrildarrak dira, eta dena bertan behera utzi eta amerikar ametsa lortzen saiatzea erabaki zuten: Rockaren izarrak izatea.

.

Jaialdian lehen aldiz, film laburrak ere lehiatuko dira

Dock of the Bay jaialdiaren hamalaugarren edizio honetan, 8 film labur eskainiko dira saio bateratu batean, ekainaren 10ean, osteguna, Truebako 2. aretoan egingo dena.

“A concerto is a conversation” europar estreinaldiarekin hasiko da; Jim Crow Floridatik Walt Disney Concert Halleraino, 91 urteko bere aitonaren bitartez, bere familiaren leinua arakatuko duen jazz pianojole eta zinema-konpositore birtuoso baten istorioa kontatzen du filmak. Jarraian, “A deer falling into the sea” proiektatuko da, nazioarteko estreinaldia, Marco Huertas-ek zuzendu duena. Dokumentalaren eta bideoalbumaren artean, belaunaldi-erretratu hau antsietateari eta depresioari buruzko entsegua da, baita Berlineko pandemiadun lehenengo neguaren gordintasunari buruzkoa ere. Lucky Veil Al Pagodaren lehen albumean inspiratuta dago.

“Canto porque tengo que vivir” Israel Fernández flamenko-kantariarengana hurbiltzen gaituen Santiago Moga Perpén eta Carlos Reverteren film laburra da, eta inspirazioa bilatzeko lanari, flamenko-kantuan biluzteari, eszenatokian barruak husteari eta parranda flamenkoa “zigarro bat erretzea” bezain ohikoa zen etxe batean hazteari buruzko hausnarketa egiten du. “Entre el monte y la marisma”, berriz, Rafael de la Rosa Vega “Camarón de Plata” eta Juan Mendoza Portillo “Juanillo” Sanlúcar de Barramedako pertsonai ezagunen erretratua da. Gizartetik aldenduta bizi diren eta duten karismari eta flamenko-kantuari esker nabarmentzen diren lagun banaezinak dira pertsonaiok.

Film laburren saioarekin jarraitzeko, Aura Satz zuzendariaren “Hacer una diagonal con la música” filma ikusteko aukera egongo da; Beatriz Ferreyra argentinar konpositore elektroakustikoaz hitz egiten digu. Pierre Schaeffer musikagilearekin batera, musique concrète delakoaren aitzindaria izan zen Ferreyra, 50eko eta 60ko hamarkadetan. Tana Garridok, berriz, “La tierra llama” filmarekin hartuko du parte; La Habanan kokatuta dago 2019an, eta euskal jatorriko lau emakumek higatzen den iragan bat berreraikiko dute.

Eloy Domínguez Serén zuzendariaren “Os corpos” filmarekin, Ourensera bidaiatuko dugu, non urtero ospatzen den inauteri jai antzinakoenetako bat. Jai eta katarsi kolektiboko unea, non tradizioak, sinesmenak eta irudikapen anarkikoak nahasten baitiren. Amaitzeko, Elmer Guevararen “Still hungry” dokumental laburraren txanda izango da, zeina Gijonen (Asturias) kokatzen baiten, skateaz aritzeko. Skateboardingaren muinaz ari zaigun erretratu esperimentala aurkezten digu, eta 80ko eta 90eko hamarkadetako istorioak gogoratzen ditu.

.

Perfect Day

Urtero bezala, nazioarteko musika dokumentalik nabarmenenen aukeraketa bat egiten du Perfect Day atalak.

Donostian oraindik ikusi ezin izan diren 8 film luze proiektatuko dira aurtengo edizioan. Gaur, ekainak 7, “Sisters with transistors” filmak irekiko du Jaialdia. Lisa Rovnerren lehenengo lana da, eta musika elektronikoaren munduan aitzindari izan ziren emakumeak omentzen ditu; BBCren laborategietan etorkizuneko doinuak sortzen zituztenak (Delia Derbyshire, Daphne Oram) zein 70eko hamarkadan nabarmendu zirenak (Laurie Spiegel, Suzanne Ciani), Laurie Andersonek kontatuta.

Ekainaren 9an, asteazkena, “Stop!” eta “Waiting for B” filmen txanda izango da; 19:30ean Trueban emango dute lehenengoa, eta 20:00etan Dabadaban bigarrena. “Stop!” filmari dagokionez, bere unibertso berezi, fantastiko eta absurdoa zabaltzen du Stanley Sunday zuzendariak Doble Pletina taldearen komedia musikal burutsu honetan. Berriki estreinatu da Bartzelonako DÁ Jaialdian, eta zuzenean iritsiko da Dock of the Bay Jaialdira. “Waiting for B” filmak, berriz, Beyoncé abeslariaren Sao Pauloko jarraitzaile talde baten istorioa kontatzen du; aire zabalean kanpatzen dira bi hilabetez, eszenatokitik gertu egoteko. Gay gazteen talde batek ahots propioa izateko nola borrokatzen duten azaltzen digun dokumentala.

Ostegunean, bestalde, “My friend Fela” film luzea ikusteko aukera izango dugu, Fela Kuti nigeriar musikariari buruzko beste ikuspegi bat eskaintzen duena. Aparteko gizon baten bizitza trebetasunez eta zehaztasunez argitzen duen dokumental bikaina.

Ostiralean, hilak 11, Andrés Daniel Sanz donostiarraren “Escuchando Niño Futuro” eta Joan Porcelen “Escuchando Niño Futuro” filmak proiektatuko dira Dabadaba aretoan. “Escuchando a Niño Futuro” Jaialdiak Rafael Berriori dokumental batekin egiten dion omenaldia da, zeinetan musikariak disko bat entzutearen antzinako erritualerako deialdia egiten digun; disko osoa, hasieratik amaierara. “Samantha Hudson, una historia de fe, sexo y electroqueer” filmak zera dio: “Marikoia naiz eta Jesucristo gustatzen zait”. Horrelaxe hasten da Samantha Hudson ikonoklastaren lehen abestia. Institutuko ikonoa eta, orain, Instagramekoa.

Larunbatean, Javier Polo valentziarraren “The Mistery of the Pink Flamingo” film saritua proiektatuko da, baita jaialdia itxiko duen “Summer of soul” europar estreinaldia ere. Lehendabizikoan, soinu-ingeniari tematia Kitsch ikono nagusiaren atzean, Pink Flamingoren atzean, dauden sekretuak ezagutzera emateko ezohiko ikerketa batean murgiltzen da; Eduardo Casanova, Kero Bonito eta John Waters izango dira bere bidaian aurkituko dituen pertsonaietako batzuk.

Hasi da Dock of the Bay Jaialdiaren 14. edizioaEta Jaialdia amaitzeko, Ahmir “Questlove” Thompson zuzendariaren “Summer of soul”, 2021ean Sundandeeko Jaialdian Publikoaren saria eta Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso ondoren, Donostiara iritsiko zaigun europar estreinaldia. Bitxi bat da dokumental hau, eta 1969an kokatzen gaitu, Harlemen 300.000 pertsona baino gehiago elkartu zituen jaialdi bat ospatu zenean. Woodstock beltza izena eman zitzaion. Filmatu zen arren, uda hura amaitu ondoren, 50 urtez soto batean egon zen materiala. Ez du inoiz argia ikusi. Orain arte. Stevie Wonder, Nina Simone, Mahalia Jackson, Mavis Staples, eta Sly and the Family Stone dira parte hartzen dutenetako batzuk.

Atal paraleloek osatzen dute programazioa: Dock Live!, Publiko Berriak atala, irratsaioak, kontzertuak, liburuen aurkezpenak eta Elkarrizketak.

.

Epaimahaia

Honako hauek osatuko dute Lehiaketara aurkezten diren Film Luzeen Ataleko epaimahaia: Niño de Elche izenaz ezaguna den Francisco Contreras diziplina anitzeko artistak; Lois Patiño zinemagile eta artistak; eta Maialen Beloki Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren zuzendariordeak.

Bestalde, honako hauek osatuko dute lehiatuko diren Film Laburren Ataleko Epaimahaia; Xabier Erkizia musikagile eta arte-ekoizleak, Marina Lameiro zinemagileak eta Kimuak egitasmoaren koordinatzaile Esther Caberok.

.

Dock of the Bay jaialdiko Elkarrizketak

“Elkarrizketak” espazioa ere iragarri du Dock of the Bay Jaialdiak: Aarón Rodríguez Serranok koordinatuta, “Zelaiz kanpo: kultura berrabiaraztea” izenburua izango du “Elkarrizketak” atalak.

2021eko Elkarrizketak espazioak musikaren eta zinemaren etorkizunari buruzko solasaldi guztietan nagusitzen doan galdera batetik abiatzen dira: “Nola berrabiarazi gure etorkizuna?”. Horretarako, hainbat teorialari, kritikari, programatzaile eta zinema-zuzendariri egingo zaie eztabaidatzeko gonbidapena, bi egunetan, ordu eta erdiz. Ekainaren 9an izango da horietako lehenengoan, Xabier Erkizia konposatzaile, soinu-artista eta arte-ekoizleak, Marina Lameiro zinemagile eta “Dardara”-ko zuzendariak, Arantzazu Calleja konposatzaile eta Akelarre filmarekin Goya irabazi duen sortzaileak eta Leire Apellaniz zinemagile eta ekoizleak hartuko dute parte.

Hurrengo egunean, Maialen Beloki Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren zuzendariorde eta Dock of the Bay Jaialdiko epaimahaikidea, Aida Vallejo ikerlari eta irakaslea, Esther Cabero kultura-kudeatzailea eta Kimuak euskal film laburren sustapenerako eta banaketarako programaren koordinatzailea, eta Jara Ayucar Zineuskadiko komunikazio-arduraduna izango ditugu Industria eta Jaialdien Elkarrizketan.

.

Atal Paraleloak

Dock Live! diziplina arteko espazio bat da, musikaren, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen inguruan lan egiten duten hizkuntzen eta artisten arteko bidegurutze izan nahi duena. Bi saio berezi izango ditu aurten Dock Live! sailak, ekainaren 10ean eta 11n, Tabakalerako Kutxa Kultur-en eszenatokian. Hilaren 10ean, osteguna, 19:00etan, Richard Mascherin dantzariaren “Caer, caer, caer” dantza-performancea eta proiekzioa eskainiko da; ostiralean, berriz, hilak 11, 19:30ean, kontzertua eta proiekzioak Aitor Etxebarria eta Hannot Mintegiarekin, “Desde la Aleatoriedad” izenburuarekin.Hasi da Dock of the Bay Jaialdiaren 14. edizioa

Jaialdiak irauten duen egunetan, gainera, Kutxa Kultur Plazako video-wallean, egunero proiektatuko dira Musikeneren bideomusika lanak, 12:00etan, 13:00etan eta 20:00etan, “The Body, the Gesture” izenburuaren pean.

Bestalde, zuzeneko hainbat irratsaio egingo da sariketan zehar. Niño de Elche musikariak “El disco de tu vida” aurkeztuko du Asier Leoz eta Juan Luis Etxeberriaren eskutik ekainaren 11n, ostirala, Kutxa Kultur Plazan, eta hurrengo egunean zuzenean emango da Docs&Talks irratsaioa. Bestalde, “Carántula” podcasta grabatuko da, soinu-saio grafiko berezia; musikaz eta azalen diseinuaz hitz egingo da saio horretan. Jabier RodriguezFran Fraca eta Iñigo Basurkoren eskutik.

Edizio honetan, gainera, eszenatoki berria aurkezten du Dock of the Bay jaialdiak, Dabadaba hain zuzen ere, “Waiting for B” eta “Samantha Hudson: Una historia de fe, sexo y electro-queer” filmen proiekzioekin, hilaren 9an eta 11n, hurrenez hurren, 20:00etan. LGTBI kolektiboei eta giza eskubideei ikusgaitasuna emateko aukeratu dira film biak.

Eta, hain zuzen ere, Dabadaban egingo da brunch saioa, DJekin, bai eta Las Penas taldearen disko berriaren zuzeneko aurkezpena ere.

Jarduera paraleloen egitarau bete-betea, aurtengo edizioko film labur eta luzeen proiekzioen egitaraua osatuko duena.

Hasi da Dock of the Bay Jaialdiaren 14. edizioa Hasi da Dock of the Bay Jaialdiaren 14. edizioa