Harria poesia bihurtzen denean

Harria poesia bihurtzen denean –

Perurena eta Junkera - Harria poesia bihurtzen deneanZizel-kolpeka azaldu zen Iñaki Perurena Gasteizko Artium Museoaren Auditoriumeko eszenatokian hitzartutako orduan. Harriaren soinuak egin zigun harrera, hitzak eta musika heldu baino lehen. Harria izan baitzen protagonista ostegun arratsaldean burutu zen ‘TRIKIHARRIA’ izeneko performancean. MondrangonLinguak antolatzen duen TOPAKEtalk topaketen barruko ekitaldi honen hirugarren eta azken emanaldia izan zen, Donostian eta Bilbon taularatu ostean.

Artium Museoko Bildumaren arte-lan bat izan zuten lagun agertokian Perurenak eta Junkerak, 1973an Jorge Oteizak harriz egindako Estela funeraria señalando la proximidad de Lemóniz, hain zuzen ere. Oteizaren espiritua airean igeri eta Arestiren Harri eta Herri poema gogoan, emanaldian zehar artea eta poesia present egon ziren, baita filosofia apur bat, historiaurrea, jatorriak, heriotza eta bizitzari buruz erantzunik gabeko galdera batzuk ere.

Baina Perurenak bota zuen harriaren inguruko solasaldi bitxi horretan umorearentzat tartea ere egon zen. Berrogeita bat urte harriak jasotzen pasatu ondoren, herriz herri, hiriz hiri, Euskal Herritik barne eta kanpo, zaku bete anekdota du Leitzako pertsona ospetsuak. Ikuslegoak gogoz egin zuen barre harrijasotzaileak kontatu zituen pasadizoekin.

Perurena eta Junkera - Harria poesia bihurtzen deneanHorretaz aparte, txikitako oroimen pertsonalak egon ziren: harriarekiko hasierako lilura, aitonarekin harremana, Urtaini miresmena, lehenengo txapela… Eta oroitzapen tristeak ere bai: ibilbide profesional luzearen ostean, medikuak aginduta, harria jasotzeari utzi behar izan zuen ondorengo berehaldia. Hau guztia, tarteka bertso propioak botatzen, euskaraz zein erdaraz, eta tresna batzuk erakusten: tiragoma, aizkora, garrikoa, lantza… Eta, jakina, harri handi bat jaso zuen, txalo artean.

Kepa Junkeraren musika osagarri pozgarria izan zen ikuskizunean zehar eta bertaratutako lagunek txalo zaparradaz hartu zuten kanta bana. Musikari bizkaitarrak bat egin zuen Perurenak kontatzen zuenarekin, bai soinuekin laguntzen -trikitixaz nagusiki baina baita ere albokaz, harrizko txalapartaz eta burrunbagailu batekin- bai hitzez. Bere aitonarekin gogoratu zen -”berari esker nago ni gaur hemen”- eta hark erabilitako pandero zahar eta apurtuta erakutsi zigun. “Ez dut konpondu nahi izan, horrela jotzen dudalako aititek jotzen zuen azal berbera”.

Harria poesia bihurtzen denean