[Jazzaldia] Hamaika jaialdi batean

Hamaika jaialdi batean –

Jazzaldiak 58. edizioa du aurtengoa, Donostian uztailaren 21etik 25era ospatuko dena. Guztira, ehun zuzeneko inguru programatu dira aurten hamazazpi oholtzatan, eta 500 musikari inguruk joko du bertan.

[Jazzaldia] Hamaika jaialdi bateanZenbakiak zenbaki, makina bat jaialdi gordetzen ditu bere baitan Jazzaldiak. Badago eguneko jaialdi bat, baita ilundu osteko beste bat ere. Bata ordaindu beharrekoa da, eta bestea doanekoa. Helduena eta haurrena, eskarmentu handiko jazz izarrena eta generoan nabarmentzen ari diren gazteena, euskal musikariena eta atzerrikoena… jazz musikari eskainia eta jazz ez beste musika generoei emana. Guztiek egiten dute bat Jazzaldian.

Esandakoaren adierazgarri, aurtengo Jazzaldian joko duten artista eta talde batzuen hautaketa egin eta hamaikakoa osatu dugu, lagin modura. Eta gainera, saiatu gara arestian esandakoak kontutan hartu eta giro, musika estilo, jatorri eta oholtza ezberdinetako proposamenak egiten.

.

AMAIKA RUDE (TXIKIJAZZ)

Familiengan pentsatuta antolatutako jaialdi bat da Txikijazz, orain hamarkada bat sortu zena, sorkuntzaren bidez, eskulan eta zuzeneko emanaldiekin, haurrak musikara hurbil daitezen. Egunez ospatu ohi da, eguerdi bueltan, eta doan.

Aurten hiru kokagune izango ditu Txikijazzek, Garbera, Tabakalera eta Chillida Leku (azken honetan 6 euroko sarrera ordaindu behar da), eta sei talderen zortzi zuzeneko programatu ditu -gehi magia ikuskizun bat-: Sara Dowling, Les Cuisinieres, Michele Hendricks & Ronald Baker Project, Five Stars, Eri Yamamoto Trio eta Amaika Rude.

Amaika Rude taldeak, jamaikar musika jorratzen du Euskal Herritik, jazz musika ska eta reggae doinuekin uztartuz.

.

EZRA COLLECTIVE (gazte grina)

Britainia Handiko jazza bor-borka dago azken urteetan, eta horren isla da Ezra Collective, Femi Koleoso bateria joleak gidatzen duen boskotea. Bada hamarkada bat, artean nerabeak zirela, taldea eratu zutela, eta hirugarren lan luzea aurkeztuko dute Zurriolako hondartzan, 2022ko “Where I´m Meant to Be”, uztailaren 24an eta doan. “Talde honen bizitasuna, alaitasuna, magia eta sofistikazio multikulturala disfrutatu, dantzatu eta barreneraino sentitzeko aukera paregabea”, dio Jazzaldiak.

Horrelakoxea da gaur egungo jazza!

.

TIKEN JAH FAKOLY (jazza ez beste)

Bolikostako reggae kantaria da Tiken Jah Fakoly, oso ezaguna omen dena frantsez hiztunen artean. Soukouss oinarriekin gururatzen du reggaea, afrikar musika tresnak erabilita, kora, ngonia eta balafoia, berbarako.

Iazko “Braquage de pouvoir” du azken argitalpena, uztailaren 23an Donostian aurkeztuko duena, Zurriola hondartzan eta doan.

.

DAMIR IMAMOVIC (terrazetan)

Balkanetako musikan oraindik ere antzeman daiteke otomanoen eragina, Damir Imanovic kantariarenean, berbarako. Sarajevon jaioa, Bosnian, sevdah musika jorratzen duen Imamovic-ek hirukotean joko du tanburra, kontrabaxuan Žiga Golob eta kemençe-an Derya Türkan lagun dituela. Azken musika tresna hau hiru haridun arrabita dugu, bertikalean jotzen dena belaun artean jarrita. Izenak, kemençe, “arku txikia” esan gura du persieraz.

Tanburra ere jotzen duen bosniarrak 2020ko “Singer of Tales” diskoan oinarrituko ditu Donostiako zuzenekoak. Bi emanaldi izango ditu, uztailaren 21ean eta 22an, biak ala biak Kursaal atzeko terrazetan, doan.

.

FRED WESLEY & THE NEW JBS (hondartzan)

“Fred Wesley funka da”, adierazi zuen Jazzaldiko aurkezpen orokorrean bertako zuzendari Miguel Martinek, ez alferrik estatubatuar tronboi jolea James Brown sutsuaren taldeko zuzendari musikala izan genuen.

Oholtza gainean lau hamarkada daramatzan Fred Wesley jaunak 80 urte beteko ditu bihar, uztailak 4. Donostian zazpi laguneko taldea gidatuko du, uztailaren 21ean, Zurriola hondartzan eta doan. Village People-n ondoren joko dute.

.

ARIMA SOUL (euskaldunak)

Lidia Insausti eta Makala Dj-ak Zarautz aldean eratu zuten Arima Soul, euskaraz soul musika jorratzen duen taldea (Paul San Martin eta Gorka Gaztanbide dituzte lagun, teklatuetan bata eta baterian bestea). Azken finean Neosoul laukotea dugu, 60 eta 70eko jazz-groove soinuak maite dituena.

Jazzaldian, besteak beste Elena Setien kantariaren zuzenekoa ere hartuko duen Nauticool eszenatokian joko dute (Udaletxe atzetik porturako bidean), uztailaren 21ean eta doan.

.

ERI YAMAMOTO (gonbidatu japoniarrak)

Jazzaldiak aurten japoniar piano joleen ziklo bat aurkeztu du San Telmo Museoan,  (sarrerak 10 eta 20 euro bitartean). Eta bertan izango dira, eguerdi partean, Yosuke Yamashita (aurtengo Donostia Jazzaldia Sariak bi emanaldi ditu programatuta), Eri Yamamoto, Kento Tsubosaka, eta Hakuei Kim.

Eri Yamamoto Osakan jaioa da, egun New York hirian bizi bada ere. 2019an ere izan zen Jazzaldian, ordukoan Easo abesbatzak lagunduta. Aurten uztailaren 21ean joko du San Telmoko klaustroan, 11.00etan (1o euro).

.

CARLES MARGARIT QUINTETO (JAZZEÑE)

Azken urteetan gertatu den bezala, Victoria Eugenia antzokia Jazzeñe programaren egoitza bihurtuko da Jazzaldian, espainiar estatuko jazz taldeen erakusgarri izaten dena (12.30ean eta 8 euroren truke). Aurten hauexek joko dute bertan: Lucia Rey trio, Move, Nani Garcia eta Baldo Martinez Cuarteto, Niño Josele, Alto for Two, Bandolero Quarteto, Gonzalo del Val eta Carles Margarit Quinteto.

Joan Margarit poeta katalan handiaren semea da Carles Margarit saxofoi jolea, eta aitari gorazarre egiten dio “No se pierde la señal, recordando a Joan Margarit” ikuskizun poetiko musikalarekin.

.

ENRICO RAVA (DONOSTIA JAZZALDIA SARIA)

Ez bat ez bi, hiru musikari erraldoi omenduko ditu aurten jaialdiak, hiru Donostia Jazzaldia Sari emanda beste horrenbeste kontinentetako izarrei: Yosuke Yamashita piano jole japoniarrari (81 urte), Enrico Rava tronpeta jole italiarrari (83 urte) eta Abdullah Ibrahim piano jole hego-afrikarrari (88 urte).

Enrico Rava 2014an izan genuen azken aldiz Jazzaldian, eta aurten fliskornoa jotzera itzuliko da, boskotean (5. aldia izango du), “The Fearless Five” egitasmoa aurkeztuz. Mundu mailan gehien ezagutu eta nabarmentzen den jazz musikari italiarra da gizona, uztailaren 24an Trinitate Plazako jarduna irekiko duena (21.00etan, 35 euro -David Helbock´s Austrian Syndicatek joko du ondoren).

.

NUBYA GARCIA (Trinitate plazan)

Magia berezia duen Trinitate plazan, ohi bezala, lau proposamen bikoitz egiten ditu Jazzaldiak (21.00etan guztiak 20.00etan den azkena izan ezik): Julian Lage trio eta Bill Frisell: Four (uztailak 22), Abdullah Ibrahim eta Nubya Garcia (uztailak 23), Enrico Rava eta David Helbock´s Austrian Syndicate (uztailak 24) eta Bamba Wassoulou Broove eta Joss Stone (uztailak 25).

Uztailaren 23an Abdullah Ibrahim erraldoiak irekiko duen jarduna itxiko du Nubya Garciak (21.00etan, 35 euro). Londreseko bizitasun handiko jazz eszenan sortutako musikaria da saxofoi jole gaztea, eta 2020ko “Source” du azken argitalpena. Zuzeneko sutsua ei du oso.

.

NORAH JONES (Kursaal auditoriumean)

Kursaal auditorioa ere oholtza nagusienetako bat du Jazzaldiak, itzal handiko artisten ordainpeko zuzenekoak gordetzen dituena, jazza jorratu edo ez. Aurten, bost proposamen ditugu bertan (18.30ean guztiak, 17.30ean den azkena izan ezik): Kenny Barron With Strings EGO (uztailak 21, 35 euro), Norah Jones (uztailak 22, 95 euro), Ben Harper & the Innocent Criminals (uztailak 23, 50 euro), Pat Metheny: Side Eye (uztailak 24, 55 euro) eta Rocio Marquez &I  Bronquio (uztailak 25, 20 euro).

Akaso Jazzaldiak historian programatu duen zuzeneko garestiena izango da Norah Jones estatubatuarrarena… eta sarrerak lehenen agortu zituena! Badira hogei urte Manhattanen jaio eta Texasen hezitako emakumeak lehen diskoa plazaratu zuela, eta ordutik 9 Grammy Sari irabazi eta 50 milioi disko baino gehiago saldu ei ditu. Donostian lehen aldiz joko duela eta, jakinmina piztu du.

 

Hamaika jaialdi batean Hamaika jaialdi batean Hamaika jaialdi batean Hamaika jaialdi batean