Emakume latinoak gure etxean. Eta beren umeak gure eskolan?

Emakume latinoak gure etxean. Eta beren umeak gure eskolan? –

Amelia Barquínek Kinka blogean.

Ni bezalakook emakume latinoak nahiago ditugu lanean gure etxeetan. Ni bezalakook diot: klase ertaineko autoktono zuri euskaldunok.

Emakume latinoak gure etxean. Eta beren umeak gure eskolan?Gure umeak zaintzen, gure etxeko lanak egiten, gure familiaren pertsona nagusiak zaintzen.

Hego Euskal Herrian, ni bezalakook emakume latinoa nahiago dugu etxean, gaztelaniaz dakielako, guk bezala, eta erraz ulertzen dugulako elkar: nikaraguarra, kolonbiarra, boliviarra, venezuelarra… Gainera ia-ia zuriak dira, kultura kristaukoak… Errumaniarra ere erabat gaizki ez. Gure antzekoak dira. Ez badago beste erremediorik, marokoarra edo pakistandarra. Senegaldarra, ez dakit nik ba…

Horregatik etortzen dira emakume gehiago gizonak baino, eta emakume hegoamerikarrak nagusiki. (Ikusi hemen). Nik bezalakook lan mota hori eskaintzen dugulako, eta profil hori eskatzen dugulako. Garai batean Iberiar Penintsulako kolonizatzaileek (nire arbasoek barne ziur aski) menperatutako herri kolonizatu eta pobretuetatik etortzen dira emakume horiek, kolonizatzaileek inposatutako hizkuntzan ondo ulertzen dugulako elkar langileek eta enplegua ematen diegunok (zein baldintzatan?).

Emakume langile horien seme-alabak ere badira gazteleradunak, noski; hegoamerikar askoren etxeko hizkuntza da eta denek dakite. Eskolan, baina, etorkinen seme-alaben gaztelaniak traba egiten duela esaten dugu, giroa erdalduntzeko beste faktore bat dela. Haien gaztelaniak nagusiki egiten du traba, eta ez jatorri autoktonoko batzuen gaztelaniak (eta, orokorrean, gehiago dira klase ertaineko guraso autoktono zuri ez euskaldunak edo euskararekin ez konprometituak).

Eta ni bezalako batzuek nahiagoko genuke ume horiek gure seme-alaben eskolan ez egotea. Edo gure seme-alabak haiek dauden eskolara ez bidaltzea. (Gure seme-alabak zaintzen dituzten ama horien seme-alabengandik aparte). Eta gainera posible da hori egitea, gure hezkuntza sistema dualak (ala diferentzialak?) hori egiten errazten digulako, gehiegi nabarmendu gabe, oso modu naturalizatuan.

Hizkuntza, generoa eta klasea gurutzatzen direnean… Amak gure etxean bai beren gaztelania ondo datorkigulako, seme-alabak gure umeen eskolan ez beren gaztelania ondo ez datorkigulako… Gure kontraesanak dira.

.

*Lehengusinak dio…

… esajeratzen ari naizela, hori ez dela beti horrela, horrenbeste kasu ez direla egongo, dena bere testuinguruan ulertu behar dela, euskararekiko kezka legitimoa dela… Ñabardura ugari behar dituela nik esandakoak. Hori seguru. Baina ez gaur. Gaur, nik uste dut ulertu dugula elkar.

… eta betiko trollak pozez zoratzen egongo direla… Arranopola. Baina aber, ez genekien zerbait esan al dut, ala?

Emakume latinoak gure etxean. Eta beren umeak gure eskolan?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Emakume latinoak gure etxean. Eta beren umeak gure eskolan?”-ri buruz

  • Horrela elkarri ulertzeko modurik ez dago. Eta kontu txiki bat: euskaldunak ez gara zuriak, hau da, hipokritak. Euskaldunak gorriak gara, neronek gorri egiten dut lo, baina hondartzan ez nabil biluzgorri, larru gorritan, gainera apenas joaten naizen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude