Saharar herriaren xuxurla, Euskal Herrian barrena

Saharar herriaren xuxurla, Euskal Herrian barrena –

Hego Euskal Herriko hainbat txokotan ikusi dute jada Ekain Albite gazte zumaiarraren ‘HAIZEAREN EGIA’ (2020) film laburra: Zizurkil, Imotz bailara, Azkoitia, Elorrio, Legazpi, Ataun, Astigarraga…

Filmak jasotako harrera bikaina izan da orain arte; “hunkigarria da aretoak lepo beteta ikustea, eta baita ondorengo solasaldian protagonista desberdinen iritzi eta testigantzak ezagutzea ere” azaldu dute lan- taldeko kideek. Izan ere, zineak eztabaidak eta ideiak mahai gainean jartzeko gaitasuna du, sentimenduak alde batetik bestera mugitzekoa, eta indar hori baliatu nahi dute Saharan bizi duten egoera gurera ekarri eta eztabaida sustatzeko.

Zumaiako Udala, Zestoako Udala, Euskal Fondoa, Darahli Elkartea, Wadna Elkartea eta Eusko Jaurlaritza izan ditu bidelagun Albiteren lehen filmak. Bartzelonako ESCAC eskolan zinema-zuzendaritza ikasten ari da, eta gaztetan Sahara ezagutzeko aukera izan zuen herriko Darahli elkartearen bidez. Sahararekiko elkartasun indar horretatik abiatuta, Tahar 20 urteko gaztea protagonista duen ikus-entzunezkoa garatzea erabaki zuen Maluta* Films ekoiztetxearen laguntzarekin, eta Tindufen zein Euskal Herrian errodatu zuen.

Tahar Euskal Herrian bizi da, baina haren familiak Tindufeko errefuxiatuen eremuan jarraitzen du. Egun batean, dei bat jasoko du bertatik: aita hilzorian du. Saharar gaztea etxera itzuliko da eta, aitaren gorputza garbitzen duen bitartean (musulmanen usadioak horrela agintzen du), aurre egin beharko die iraganari, oroitzapenei, zauri eta kontraesanei. Lortuko al du garaiz bere bizitzako piezei dagokien lekua ematea? Lortuko ote dute elkar ulertzea? Eta elkarri barkamena eskatzea? Sorterrira itzulita, etxea inoiz baino urrunago sentituko du.

Bada, emanaldi sorta ederra aurkeztu dute datozen asteetarako: Ibarra, Leitza, Anoeta, Mutriku, Aduna, Irura, Ordizia, Donostia… eta saio gehiago programatzeko irrikaz daude. Filma beren herrian proiektatu nahiko luketen elkarte, zineklub edo udalek, prentsa@zinea.eus helbidera idatziz kudeatu dezakete eskaria.

Saharar herriaren xuxurla, Euskal Herrian barrena

Euskal pantailaren gunea