Paul Bremer eta Euskal Herria

Paul Bremer eta Euskal Herria –

Paul Bremer eta Euskal Herria
1991ko urtarrilaren 18ko Euskaldunon Egunkaria-ren azala.

Duela 30 urte lehertu zen Golkoko Gerra. Amerikako Estatu Batuak buru zituen koalizioak gerra deklaratu zuen Iraken aurka. Horren harira, France 5 telebista kateak dokumental serie bat hedatu du, “Irak, destruction d’une nation” (Irak, nazio baten suntsiketa). Dokumental zinez interesgarria (zorigaitzez, Hego Euskal Herritik ezin da ikusi), erakusten duena zer nolako sarraskia jasan duten Iraken, azken lau hamarkadetan (Iran-Irak gerratik hasi eta gaur egunera arte).

Gogoan dugu mobilizazio handiak izan zirela duela 30 urteko gerraren aurka. Euskal Herrian ere izan ziren manifestazioak, baina ez zuten denek gaitzetsi gerra hura. Jose Antonio Ardanza orduko EAEko lehendakariak hitz hauekin justifikatu zuen: “Defentsa legitimoan erantzun behar izan dio Iraki nazioarteko komunitateak”.

Gerra ez zen luzea izan, baina Irakeko azpiegitura guztiak suntsitu zituzten. Koalizioko indarrak harro agertu ziren, sekulako bonbardaketa egin arren, 3.000 zibil “baizik” ez zituztelako hil (“zehar kalteak” deitzen zituzten…). Bonbardaketa “estrategiko” haien ondorioz, herritarrak ur edangarririk gabe utzi zituzten, ordea. Horrek eritasunak ekarri zituen… eta 100.000 eta 500.000 pertsona bitartean hil ziren (gehienak haurrak), gerraren ondoko urteetan.

Hamar urte geroago, berriz ere Irak jarri zen nazioarteko komunitatearen jomugan, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondotik. AEBk leporatzen zioten “suntsipen handiko armak” zeuzkala, eta haiek desegin ezean, Iraken kontrako gerra hasiko zutela. Gerora aski argi gelditu zen AEBek gezurra erabili zutela Irak berriz ere zauritzeko. Inbaditu zuten, eta hango administrazioa Paul Bremer AEBetako diplomatikoren esku gelditu zen, 2003ko gerraren ondotik. Dokumental serieko hirugarren kapituluko lehen irudietan ageri da, bizikletan, argazkian ageri den jantziarekin.

Paul Bremer eta Euskal Herria
Paul Bremer, 2020an grabatutako dokumental batean, AEBetako bere etxe inguruan, bizikletan.

Zer ote du ikusteko Paul Bremerrek Euskal Herriarekin?

Ordurako (2004rako), baziren urteak Bremerrek bigarren etxebizitza bat bazuela Donibane Lohizunen. Ez Euskal Herria maite zuelako, baizik eta Frantzia, eta haren ustez, bistan da, Frantziako herri batean erosi zuelako etxea. Haren lagun baten arabera, euskal kantu tradizionalekiko interesa erakutsi zuen, eta Donostiara ere joaten zen pintxoak jatera. Frantziak aukera eder gisa ikusi bide zuen Bremer izatea AEBtako ordezkaria Iraken, horri esker Frantziak esku hartu ahal izango zuelakoan Iraken berreraikuntzan, hango petrolioaren ustiaketan eta Iraki armak saltzerakoan (besteak beste Angelun lantegi bat daukan Dassault enpresaren ametsa zen).

Hamar bat urte lehenago bezala, 2003ko gerra haren kontrako mobilizazioak izan ziren, berriz ere. Eta Euskal Herrian ere bai. 2004ko martxoaren 19an, Abertzaleen Batasuneko eta Donibane Lohizuneko Herri Berri abertzale taldeko kideak Paul Bremerren etxean sartu ziren. Peio Etxeberri-Aintxart ongi oroitzen da: “Irakeko gertakarien egoera hartan, jakin genuen Bremerek bigarren egoitza bat bazuela Donibane Lohizunen. Ekintza bat egiteko asmoa fite sortu zitzaigun ABn, baina etxea atzeman behar zen. Hastapenean, ez nekien batere nola eginen nuen bilatzeko, eta aski fite bururat jin zitzaidan sinpleki telefono zerrendan begiratzea!”. Eta hantxe zegoen Bremerren zenbakia, B hizkian. Etxeberri-Aintxartek telefonoa hartu eta deitu zuen ziurtatzeko, “aitzakia merke batekin”. Eta erantzungailuak ihardetsi zion: “amerikar azentu batekin baina frantses eder batean «bonjour, vous êtes bien chez la famille Bremer, laissez votre message». Zein erraza… Gero etxea aurkitzea erraza izan zen, Cepe karrikaren ondoko kale itsu baten zolan. Etxetto eder bat, baratze ttipi batekin”.

Paul Bremer eta Euskal Herria
Abertzaleen Batasunaren eta Herri Berri taldeko kideak Paul Bremerren Donibane Lohizuneko etxea okupatzen, 2004ko martxoaren 19an.

Bremerren etxean sartu ziren. Gerra antzeztu zuten: su artifizialak, alarma sirena ozen bat, banderak eta banderolak. Prentsa eta polizia ere bertaratu ziren. Oren erdi baten buruan lekuak hustu zituzten, eta ekintza hala bukatu zen.

Handik aste gutxira, Bremerrek Donibane Lohizuneko etxea saldu zuen…

Paul Bremer eta Euskal Herria