Gipuzkoako ondare grafikoa sarean eta librea

logogureg

 

GureGipuzkoa.net Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuko irudiak eta argazkiak bistaratzeko aukera eskaintzen duen zerbitzu bat da. Aldi berean, harpidetu ondoren, izan herritar soila, taldea edo erakunde publikoa, zuen argazkiak GureGipuzkoan gordetzeko aukera duzue, hartara, Gipuzkoako iraganaren eta orainaren irudi bizia sortzeko aukera duzuelarik.

GureGipuzkoa.net zerbitzuaren argazkiek bi jatorri nagusi dituzte, alde batetik Kultura eta Euskara Departamentuko jabetza diren edo kudeatzen dituen argazki soilak edo/eta bildumak eta bestetik erabiltzaile partikularrek beraien kontuetan erakusten dituzten argazkiak.

Kultura eta Euskara Departamentuak kudeatzen dituen argazki eta bildumek Creative Commons Aitortu – Partekatu baimenera atxikiturik daude. Lizentzia honek Approved for Free Cultural Works etiketa darama, Erabilpen Kultural Libreetarako Baimendua, alegia. Erabiltzaileek GureGipuzkoara igotzen dituzten argazki guztiei ere Creative Commons by-sa baimen berbera ezartzen zaielarik. Hala ere, erabiltzaileen eskubideak bermatzearren, erabiltzaileek beraien edukiak lizentziatzerakoan beste zazpi baimen/lizentzia aukeratu ditzazkete.

GureGipuzkoa.net-en berezitasun orokorrak FAQetan luze ta zabal azaltzen direlarik, zenbait aipatzearren hauek nabarmenduko genituzke:

  • Katalogazioa: Kultura Departamentuan urteetan egindako katalogazio profesionala erabiltzaileen katalogazio amateurrarekin uztartzen da. Honekin, Estatu Batuetako Library of Congressek Flickr.The Commons ekimenarekin irekitako bidea jarraitu nahi dugu.
  • Ondare grafikoa: Gipuzkoarron ondare grafikoaren iragana eta oraina erakutsi, elikatu, zaindu, partekatu eta ezagutarazteko balioko duen tresna bat jarri herritar ororen esku.
  • Hiperlokalitatea: Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak kudeatzen dituen B5M 1:5000 mapen bitartez, GureGipuzkoako argazkiak Gipuzkoako mapa zehatzean geokokatu eta erakusteko aukera eskaintzen dugu.
  • Zerbitzua: Garaturiko API publikoa medio, bere bitartez enpresei eta garatzaileei zerbitzu eta aplikazio berriak sortzeko aukera izan dezaten ahalbideratzen dugu.
  • Kode irekia: Bere barnean garaturiko aplikazio eta kode guztiak EUPL1.1 eta NewBSD lizentziamendu bikoitzarekin garatzaileei eskaintzeko aukera izan dezagun jada abian gara.
  • Etengabeko beta: Erabiltzaileengandik jasoko ditugun ohar eta iruzkinen bitartez, etengabeko hobekuntza eta garapen prozesuan murgilduriko zerbitzua.

GureGipuzkoaren barne aurkezpenak Kultura eta Euskara Departamentuko eta Foru Aldundiko langileei egin diegularik, hurrengo zita Gipuzkoako udaletako kultura zinegotziekin eta argazkilaritza munduarekin erlazioa duten eragileekin izango dugu uztailaren 15ean, asteazkenarekin, goizeko 11.00etan Donostiako Loiola auzoko Arteleku Arte Zentroan.

Gipuzkoako Foru Aldundia - Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola