Gure Haundie

Gure Haundie –

Abuztuaren 12an ekin zion Aranzadik Altzoko Handiaren hezurdurak topatzeko indusketa lanari. Azkenean, Pako Etxeberria eta Lourdes Errastik gidatutako ikerketa taldeak abuztuaren 14ko arratsaldean Altzo azpiko hilerrian dagoen hezurtegian topatu zituen Migel Joakin Eleizegi Arteagaren eskeletoaren elementu gehienak.

Gure HaundieOndare materialaren jabetan, Altzoko Handia are handiagoa egin da: “pertsonaia bera handitu egin zaigu” zioen Lourdes Errastik Berriako elkarrizketa batean.  Horregatik, Handia filmetik haratago doan eta pertsonaia garatzen eta gure imajinario kolektiboan mantentzen lagundu duten produkzio kultural zein akademikoaren zerrenda bat ekarriko dut sarrera honetan.

Ukaezina dugu Handia film arrakastatsuak Migel Joakin Eleizegiren pertsonaiari eman zion proiekzio ikaragarria, izan ere, Altzoko Handia figuraren presentziaren ekarpena suposatu zuen. Belaunaldi berrietan ahaztuta egonagatik,  garaian gozatu zuen ospeaz birgogoratzeko balio izan duena.

Dena dela, Altzoko Handiaren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, egun, baliabide eta iturri asko dugu, pertsonaia elikatzen dutenak, bere bizitza ulergarriago egiten digutenak.

Hasteko, eta nola ez, gune fisikoak genituzke, museoak, alegia. Bai Altzon dagoen interpretazio zentrotik hasita, Zumalakarregi museoan edota Donostian dagoen San Telmo museoan (Altzoko Handiaren benetako objektuak ditu ikusgai). Altzoko Herriak asko du Migel Joakin Eleizegiri buruz esateko eta erakusteko, eta herriaren eta pertsonaiaren arteko dinamikak uztartzen dituen ibilbide bat proposatzen du, Altzoko Handiaren bizitza errepasatuz, honek herrian zuen inpaktua gogoratzeko.

Liburuak beti dira jakintzaren iturri, eta kasu hau ez zen gutxiago izango. Duela gutxi argitaratutako dibulgazio lan berriek Altzo herri famatua egin zuen pertsonaren inguruko ezagutza zehatza biltzen dute, informazio berrituarekin (hezurren atala salbu). Izan ere, hari buruz jakiteko iturri gehienak pasa den mendeko 70ko hamarkadakoak ziren.

Hala, Luis Angel Sanchez Gomez madrildarrak 2018an argitaratutako El Gigante de Altzo: un vasco mítico (aunque muy real) en la Europa del siglo XIX  liburua genuke,  eta euskaraz, 2004an UEMAko euskara Zerbitzuak gainbegiratutako Nerea Santxoren Altzoko Erraldoia, Migel Joakin Eleizegi Ateaga (1818-1861) (azken hau Interneten kontsutatu daiteke).

XIX. mendeko gizartea aztertzen duten produkzio akademikoan ere, Migel Joakin Eleizegiren aipamen ugari agertzen dira, batez ere, mende horretako gorputz anatomiko anomaloekiko liluramendua jorratzen duten lanetan. Izan ere, erraldoien fenomenoa (eta hauen erakustaldia) oso ohikoa zen, eta XIX. mendean antza denez, espainiar estatuan beste hiru erraldoi egon ziren: Agustin Luengo Capilla (1849-1875) “El Gigante Extremeño”, Victor Sanchez Carretero (1847-1883) “El Gigante Bejarano”, eta Fermín Arrudi Urieta (1870-1913) “El Gigante Aragones”. Azken honekin, tira, abizenak ikusita, jatorri euskalduna zuela utziko didazue menturatzen.

Gure Haundie

Haur literatura genuke Altzoko Handia modu desberdinean ulertzeko beste aukera bat. Koldo Izagirrek (eta Irrimarrak irudien bidez) Altzoko Handia haurrei zuzendutako bilduman sasi mitiko bihurtuta dagoen pertsonaia modu goxo batean gizatiartu egiten baitute. Eta memoria kolektibora (belaunaldi berriena batez ere) figura berri bat eskaintzen dute.

Eta modu berdinean jarduten du David Azurzak zuzendutako Altzoko Handia txikien opera ikuskizunak. Umeen koro eta txontxongiloak nahastuz Migel Joakin Eleizegiren istorioa haurrei gerturatzea baitu helburu. 2016an Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian estreinatu zen eta nazioartean ere zabaldu zuten haien ikuskizuna.

Gainera, egun pil-pilean dagoen eztabaida ezin ahaztu, eskulturen afera, alegia. Altzoko Handiaren eskulturek horixe bera egiten baitute: pertsona jakin baten gaineko arte adirazpenarekin memoria kolektiboa espazio publikoaren jabetza batekin indartu.

Gure Haundie

Baina zaila izan zen. Izan ere, denbora luzean, Migel Joakin Eleizegiri omenaldia harriz eginiko eskultura batekin eskaini nahi izan zioten, baina, eztabaida Altzo Muinon edo Altzo Azpin ipintzearekin etorri zen, eta, azkenean, erliebe xehe baina esanguratsu bat enkargatu zioten Juan Lope Jimenez eskultoreari. 1968tik Migel Joakin Eleizegi baserritarrez jantzita azaltzen da bertan, zutik, buruan txapela eta esku artean makila dituela.

Eta herriko frontoi ondoan kokatuta dagoen Tomas Ugartemendiaren estatua ere genuke, harriz egindako Migelen jatorrizko tamainakoa.

Eta memoria kolektiboari buruz hitz egiten ari garen honetan, Altzoko Handia altzotarrentzako Gure Haundia izatera pasatze hori agerian uzten duten pasarte pare bat ekarri nahi ditut gogora. Bata, XX. mendeko Juan Garmendia Larrañagaren La fiesta, expresión del alma del pueblo, dentro del proceso evolutivo del medio de vida artikulotik aterata. Bertan garbi ikusi daiteke Altzoren eta Migel Joakin Eleizegiren arteko harremana estua Altzo herriaren identifikazio gisa:

Antes de que se me olvide, y el Olvido es Obra del diablo, quiero dejar constancia de lo que en el sentido interpretativo acerca del origen del Carnaval me expuso con encantadora sencillez una mujer de un caserío de Altzo -el pueblo del renombrado Gigante» «Altzoko Aundia… Miguel Joaquín Eleicegui (1818/1861). 

Eta bestea Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak 1990an gaia Altzoko festetako pregoia izanik botatako hamarreko handia:

Zurrut eginez ken ezazue
zuen barrengo erdoia,
ta eguardian hamaikak arte
gero zapaldu jergoia,
San Inazio izanagatik
gure betiko patroia,
datorren urtez gure zaindari
«Ipintza»ko* erraldoia,
ondo igaro eta barkatu
luzatu badet pregoia.

Gure Haundie

Gure Haundie