Bunker berriak

Bunker berriak –

Rikardo Arregik Deia egunkarian.

Bunker berriakBunkerrak modan egon ziren Gerra Hotzaren garai hartan, jendeak beldur zionenean Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak bonba atomikoekin zuten lehiari. Liburuak eta filmak daude horretaz, dokumentalak eta fikzioak. Aberatsenak edo beldurtienak, zuhurrenak edo paranoikoenak, ia beti estatubatuarrak, bunkerrak eraikitzen aritu ziren bonbetatik eta geroko erradioaktibitatetik babesteko. Beldur hura igaro eta bunkerrak eraikin exotikoen kategorian sartu genituen Bigarren Mundu Gerrakoekin batera. Orain arte.

Bunkerren moda bueltatu da. Hobe esan, pandemiak bunkerren moda ere bueltatu digu. Silicon Valley-n ez zara ezer bunker bat edo babesleku bat edo zerbait ez baduzu prestatu munduko txokoren batean, ahal bada Zeelanda Berrian, Ipar Dakotan bestela. (Silicon Valleyko aberatsez ari naiz, jakina, ez bertako bulegoak garbitzen logela bat alokatzeko diru nahikorik irabazten ez dutenez.) Badira horretan diharduten enpresak, The Vivos Group bezalakoa (izenaz hamaika hitz-joko egin daitezke, bai). Marbellan bunker urbanizazio bat egiteko asmoa dute, igerileku eta guzti. Pandemia dela, klima aldaketa dela, matxinadak direla, gerrak, batzuek uste dute ezagutzen dugun mundua laster bukatuko dela eta, frantsesek dioten bezala, “chacun pour soi” egiteko garaia iritsi dela, bakoitzak berera.

Izututa nengoen hori guztia irakurtzen ari nintzen bitartean, pentsamendu ezkorrez beterik, baina, bat-batean, laino ilunak uxatu eta bururatu zitzaidan EAEn bagenuela negozioan sartzeko oso aukera onak. Azken finean, bunker bat eraikitzeko behar den lehendabizikoa zulo handi bat da eta EAEn, AHTaren lanak direla eta, ez zaigu zulo handirik eta tunelik falta. Ez dut uste, nire adina eta proiektua bukatzeko epeak kontuan harturik, trenik ikusiko dudanik inoiz tunel horietatik, eta, esaten dutenez, negozioa eraikitzean dagoela, eta ez erabileran edo ustiaketan, bunkerrena aterabide ezin egokiagoa izan daiteke euskal Y ospetsuarentzat. Betiko industriak eta ohiko turismoa gainbeheran dauden honetan zeregin berriak aurkitu behar ditugu aberatsak aberasteko. Eta bide batez tunel horiek zerbaiterako erabili.

Bunker berriak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude