Guggenheim: amaitu da eztabaida
Guggenheim: amaitu da eztabaida –
Guggenheim museoak 20 urte baino gehiago dauzkan honetan zalantza barik esan ahal dugu, Jakin aldizkariak plazaratu zuen galderari erantzunez, eztabaida amaitu egin dela. Hain handia izan da Bilbori museoak ekarri dion onura ekonomikoa eta eraldatzailea, ezen ustezko ‘McGuggenheimizazioa’, morrontza ekonomikoa eta menpekotasun intelektuala atzean geratu baitira.
Kontrako iritziak bazterrekoak dira gaur egun, eta, ez oso aspaldi, finantza zuzendariaren funtsa-desbideraketak, Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak eta hezitzaileen grebak museoaren irudia kaltetu bazuten ere, ez zuten Guggenheim proiektua zalantzan jartzea lortu.
Paradoxikoa badirudi ere, Guggenheimen arrakasta ulertzeko gakoa ez da kultura. Izan ere, museoak ekarri dituen onurak aipatzean ahaztu egiten ditugu sarri berari esker Bilbora etorri diren artelan apartak. Hain zuzen, Jakin-ek Guggenheimen arduradunen aldeko argudioak jasotzean eragin ekonomikoa eta hiriaren eraldaketaren atzetik jartzen du artelanen maila. Ez da kasualitatea, Guggenheim museoa Bilbo hiriaren bilakaeraren ikurra delako. Alde batetik, Fundazioko partaide izanik, museoak Bilboko irudi berria munduan zehar zabaltzen lagundu du, eta, bestetik, kokatu ere, eraldatu zen gunearen bihotzean kokatzen da. Horiek dira museoaren arrakastaren gakoak.
Museoaren balantzea egitean, hortaz, museoko arduradunek gutxitan aipatzen dituzte antolatutako arte-erakusketa apartak, Guggenheim fenomenoak berez museoa gainditu duelako. Bilbotar bati museoaren efektuaz galdetuz gero, urteko bisitari-kopurua eta hiriaren aldaketa aipatuko ditu. Erakusketak bigarren planoan, edo hirugarrenean, geratuko dira, eta, zer esanik ez, ‘McGuggenheim’ eta kolonialismoa, baten batek aipatzen baditu, hamaikagarren planoan geratuko dira. Guggenheim jadanik fenomeno ekonomikoa eta eraldatzailea bihurtu da, kultur eraginaren kalterako. Askoren ustez, bilbotarron museoa Arte Ederren Museoa bada ere, nabarmena da bilbotarrak Guggenheim_ere estimatzen duela.
Kolonizatuaren lilura izan ala ez, Guggenheimek turistak ekarri eta Bilboko irudia izaten jarraitzen duen bitartean eztabaida amaituta egongo da, kultur eskaintza bigarren planoan utzita, funtsean, Guggenheimek eragin duelako ‘Bilbo efektua’ delakoa. Ondorioz, duela 20 urteko kontrako iritziak oso bazterrekotzat har ditzakegu gaur egun, hiriaren eraldaketa arrakastatsua eta museoaren arrakasta nahasten direlako, biak bat balira bezala. Gaur egun, Bilbo eta Guggenheim bat dira, eta hain errotuta dago museoa hirian ezen bilbotarrok, paretik pasatzen garen bakoitzean, ez baikara akordatu ere egiten duela 20 urte gure hiriaren norabidea errotik aldatu zuela.
Jakin aldizkariaren Guggenheim museoak 20 urte: bukatu da eztabaida? artikulutik abiatu naiz