Irene Arrarats: “Euskera den guztia estandarrera eraman daiteke”

Irene Arrarats –

Urumeako Kronika atarian Irene Arraratsi egindako elkarrizketa.


Euskaldunon Egunkarian lehen, eta Berrian orain, zuzentzaile eta euskera arduradun aritzen da, Irene Arrarats Lizeaga hernaniarra. Baita Euskaltzaindiako hainbat lantaldetan ere, eta euskaltzain urgazle izendatu dute, beste 11 kiderekin batean.

Irene Arrarats

Lehendik ere bazabiltza Euskaltzaindian. Egin dizu ilusiorik, izendapenak?

Oraintxe hiru batzordetan ari naiz eta aspalditik nabil; 2007tik. Ilusioa egin dit. Ez dut esango ezetz. Uste dut hor 11 urte hauetan egindako lanaren ondorioa dela, azken batean. Gustora egiten dut gainera, lan hori. Neretzako bide bat da euskeraren normalizazioan laguntzeko, asko ikasteko. Prentsan lanean aritzen naizenez, nire eta hainbaten ikuspuntuak ere eramaten ditut bileretara. Iruditzen zait erabiltzaileon ikuspuntua oso kontuan hartu behar dela akademian ere. Eta akademiak bere lana ondo egingo badu, behar dituela kontuan hartu erabiltzaile arrunten kezkak.

Euskaldunon Egunkarian, Berrian. Zein da prentsak ematen dizun ikuspuntu hori?

Plataforma ederra da ikusteko euskera zertan den, zein diren arazo praktikoak. Nondik nora jo behar den egunero egiten ari garen estandar hau baliagarria eta erosoa izan dadin ahalik eta jende gehienarentzat. Noski, prentsan edozer gairi buruz idatzi behar duzu, eta azkar; egun batetik bestera lehen, eta orain egunean bertan askotan, webgunean. Horrek esan nahi du hizkuntza izan behar duzula guztiz moldatuta edozer gauza eroso adierazteko. Eroso  adierazi eta ulertu, ze azken batean irakurleak gustora eta erraz ulertzen badu, ondo goaz, bestela ez. Eroso adierazi, batez ere irakurleari begira. Hori normalizatu gabeko hizkuntza batean zaila da eta gureak asko aurreratu du, baina ezin da konparatu aldamenekoekin: ingelesa, frantsesa edo espainolarekin. Adibidez, etorkinei buruz ari zarela, noiznahi ateratzen da ‘devolución en caliente’. Espainolez ez duzu pentsatu ere egin behar, nola jarri. Egina etortzen zaizu. Baina euskal kazetarioi eta euskal prentsan ari garenoi ez zaigu hori gertatzen; pentsatu egin behar dugu nola jarri, eta gero, ahal dela, komeni da ados jarri eta leku  guztietan berdin esatea. Prentsan lan egiteak ematen du hizkuntzaren ikuspuntu bat, oso pragmatikoa. Nik uste dut hori funtsezkoa dela gaur egun euskera dagoen trantze horretan aurrera egiteko.

«Erabiltzaileon ikuspuntua oso kontuan hartu behar da akademian ere»

Hain zuzen, esan izan duzu komunikabideak euskeraren erresonantzia kaja direla.

Bernardo Atxagaren kontzeptua da. Hizkuntza baten baliabideak, egun, nola ikasten ditugu? Komunikabideetatik. Esamoldeak eta dena, aditzen ditugu modu pasiboan eta gero, horrela ikasiz, kapazak gara horiek modu aktiboan erabiltzeko. Horrek modernizatu egiten du hizkuntza, egokitu, moldatu, jendearen premietara. Zer  gertatzen da? Badaukagu egunkari nazional bat, bakarra. Prentsa lokala ere bai. Eta espezializatuak. Telebistan, ETB1, 11 Telebista. Bistan da eskaintza hori ezin dela parekatu ere egin Euskal Herrian dauzkagun gainerako beste bi hizkuntzetako eskaintzarekin: espainol eta frantsesezkoekin. Orduan, nahi gabe ere, etengabe ikasten ari gara gaztelaniaz Hegoaldean, eta frantsesez Iparraldean. Euskeraz guk esfortzurik egin gabe ikasteko kaja hori, etengabe zerbaiten oihartzuna bidaltzen digun hori, ez daukagu edo oso eskasa da. Eta pentsa, gazte jendeari gustatzen zaizkion youtuber eta horrelakoetan. Mundu guztia eskura daukate interneten bitartez. Euskerazko eskaintza potente bat egitea oso zaila da, eta hori da falta zaiguna, eta dauzkagun tresna batzuk, ETB esaterako, ez ditugu ustiatzen behar bezala. Garai batean telesail gehiago egiten ziren euskeraz orain baino. Horrela oso zaila da hizkuntza bat normalizatzea; beti dauzkagu aldamenean hizkuntza batzuk, hiztunari erosoago aritzeko modua ematen diotenak, pentsatu gabe dena esana ematen diotenak, eta euskaldunak egin behar du, gaur egun, ahalegin bat, euskeraz aritzeko bere bizitzaren maila guztietan. Hori da erresonantzia kaja, eta falta zaigun bitartean euskera ez da normalizatuta egongo. Aurrera egiten ari da, baina hizkuntza bizirik dago jendearen ahoan eta idazten dutenen luman.

«Prentsan lan egiteak ematen du hizkuntzaren ikuspuntu bat, oso pragmatikoa. Nik uste dut hori funtsezkoa dela gaur egun euskera dagoen trantze horretan aurrera egiteko»

Txikitasun hori kontuan hartuta, ez diogu gureari kritika gehiegi egiten?

Ez nuke esango. Kritikatzen da dezente, esate baterako, ikus-entzunezkoetan, erderara jotzen denean makulu moduan, zerbait graziosoa esateko, edo gazteen argotera hurbiltzeko, eta ez naiz harritzen. Ez zait iruditzen onuragarria denik, eta uste dut asmamena,  sormena sustatu beharko litzatekeela pixka bat. Kastillanoz ‘multiplícate por cero’ inork ez du esaten, baina Simpsondarrek erabiltzen dute eta ondo geratzen da.

Aurten 50 urte, euskara batua sortu zela. Gainditu da batua-euskalki eztabaida?

Uste dut bi gauza gertatzen direla. Bat, jendeak normalean ez dakiela zehatz-mehatz batua zer den. Pentsatzen du gauza pedante xamarra dela. Gertatzen da ondo hitz egiten duen jendea idazten jartzean gauza ikaragarriak idaztea, pentsatzen duelako batuan hala egin behar dela. Orain daukagun eginkizun inportanteenetako bat da konturatzea batua ez dela aldaera estandar bat baino. Alegia, balio duela administrazioan aritzeko, komunikabideetarako… Baina horrek ez du esan nahi fikzioan, esate baterako, antzezlan batean, erabat batuan egin behar denik. Perfilatu nahi baduzu pertsonaje bat eta Mutriku edo Bermeoko arrantzalea bada, ondo letorke batuan ez aritzea. Edo agian batuan aritu behar du baina bizkaieraren kolorea duen batuarekin. ‘Me ha gustau’ esan eta ‘gustado’idazten dugu. Euskalkitik batura dagoen aldea hori bera da. Elkarrengana gerturatu behar ditugu euskalkiak eta batua; Euskaltzaindiak ez du sekula izan halako ikuspegi hertsi edo itxi bat. Batzuetan aurre-juzgu eta aurreiritzi asko zabaldu dira eta horiek kalte handi xamarra egin dutela iruditzen zait. Euskera den guztia estandarrera eraman daiteke.  Jakin behar dugu zertarako den estandarra. Gero ahozkoan det esaten badut ez dut uste inolako bekaturik egiten ari naizenik. Estandarrak eta bestelako hizkerak, bakoitzak dauka bere esparrua, eta, gainera, nahastu egiten dira. Normala da. Uste dut horrekin lasaitu egin behar dugula. Ez pentsatu batek bestearen kontra egiten duenik, eta alderantziz ere ez. Esate baterako, kantetan, hernaniar bat aipatzeagatik; Neighbour-eko Maite Larbururen kantek Hernaniko euskeraren oihartzuna dute, eta asko gustatzen zait. Inork ez dio esango egin behar duenik estandarrago. Hori ederra da, eta hizkuntza guztietan gertatzen da. Flamenkoa egiten dutenek ere Espainiako hegoaldeko aldaera horretan egiten dute. Euskaldunok ez gara hain bereziak. Hizkuntza guztietan gertatzen da. Gero egunkaria egiten edo telebistako albistegian ez duzu hitz egiten etxeko sukaldean bezala. Beste egoera batean, formalagoan zaude eta estandarrean egiten duzu. Batua deitzen diozu baina hizkuntza guztiek dute estandarra.

Hizkuntza bizirik dago jendearen ahoan eta idazten dutenen luman

Hor sartzen dira hizkuntzaren egokitasun, zuzentasun eta jatortasuna?

Hori da. Bertsolariek oso ondo egiten dute. Bertsolari gipuzkoar bati jartzen diozu saio bat Markinan eta beste bat Baionan, eta ez du berdin egiten. Eta nork bere hizkera du. Baina saiatzen dira joaten diren tokian tokiko hitzak erabiltzen. Zergatik? Komunikazioa segurtatu nahi dutelako, entzuleengana iritsi nahi dutelako ahalik eta modu erosoenean. Komunikatzen ari den edozeinek beste hainbeste egin behar luke kasik senez edo modu intuitiboan. Hernanin ‘errioa’esaten dugu, ba horrela. Baina Markinara joaten banaiz agian ez diot inori esango ‘errioa’, ‘ibaia’ edo ‘erreka’ esango diot, ez dakitelako ulertuko duen. Logikak agintzen duen gauza da, ez? Hori da egokitasuna. Jatortasuna, berriz, ez da nire kezkarik handiena. Profesionalak garenok saiatu behar dugu eredu egokiak ematen. El Pais-en idatzi nahi baduzu, eta jartzen baduzu kirol kronika batean, jokalari bati buruz, ‘ha cogido daño’, esango dizute kastillanoz hori ez dela horrela idazten. Esango dizute ondo idazteko, eta ez ‘en castizo’, izango litzakeena gure jatorraren ordaina. Euskeraz ere, profesionalok, idatzi beharko genituzke, euskeraz esaten diren gauzak. Hori da jatorra izatea.  Askotan jendea nahastu egiten da; batzuk pentsatzen dute norberak nola esango lukeen, hori dela jatorra

Kronikak euskeraren normalizazioan eragitea du helburu, euskeraz irakurtzera ohituta ez dagoena ere euskerara gerturatzea, eta beraz, euskera erraza, jatorra hartzen du kontuan… Zuzen egiten du?

Herri komunikabide batean ariko banintz, uste dut askoz gehiago egingo nukeela horren alde. Batuan egingo nuke, hori bai; ez zaizkit gustatzen euskalkietan egindako herri aldizkariak. Baina nik usu defenditzen dut tokiko batua deitzen dena. Alegia, herri bakoitzean ze hizkera dagoen, jarri hizkera horri h-ak bere tokian, eta hor erabiltzen diren hitzak erabil itzazu lasai; ‘errioa’ bada, ‘errioa’.  Hartara, ohitu gabe dagoen jendeak, eman dezagun, ez zelako eskolatu euskeraz baina euskalduna denak, ahalik eta modu erosoenean eta aise ulertzeko moduan irakurri ahal izango du. Ez joan ez dakit zeren bila. Esate baterako, ‘burutu’ hitza jende askok ezagutzen du gaur egun. Baina Hernanin ez da erabiltzen. Ze behar dago hori jartzeko? Hemen ‘bukatu’ esaten baldin bada, ‘bukatu’ jarri. Uste dut gauza sinpleak, soilak, estilistikoki aberatsak eta eleganteak direla. Euskera erraza; zaila zertarako behar dugu? Nik ondo ikusten dut tokian tokiko hizkeran oinarritzea. Ondo ikusi bakarrik ez, uste dut hori bultzatu behar dela. Beti jartzen dut adibide bera: “Trenak oraintxe burutuko du bere irteera”. Jendeak pentsatzen du hori dela batua, eta ez da batua; hori da munstro bat. Hernanin esaten da: “Trena oraintxe aterako da”. Batua da: “Trena oraintxe aterako da”. Eman dezagun bizkaieraz; “Trenak oraintxe irtengo dau”. Hor gauzak gehiago aldatzen dira. Baina jarri: ‘Trenak oraintxe irtengo du’. Urrutiago joan beharrik ez daukagu. Beste horiek gramatikalak dira, zuzenak dira, baina desastre hutsak dira. Horiek dira profesionalok gure diskurtsoetatik atera behar ditugun munstrokeria snob sasi-dotoreak. Jendeak normal esaten dituenak, horiek barrura.

 Gauza sinpleak, soilak, estilistokiko aberatsak eta eleganteak dira.

Berria da prentsa nazional bakarra. Eremu horretan denean, nola mantendu tokiko hizkera hori?

Beti defendatzen dut hori. Egin ezazue zuen hizkeran oinarritutako batua. Zorionez, Iparraldekoei ez zaie bi aldiz esan beharrik, egin egiten dute, berez ateratzen zaie. Nafarrekin beste hainbeste; hango hizkeraren kolore hori hor agertzen da. Gehiago kostatzen zaigu, eta hori da nik neronek barruan daukadan arantza bat, bizkaieradunekin. Bilbotik bidalitako testuekin ez da hainbeste antzematen non idatziak diren, eta hori pena da, nire ustez. Askotan izaten  da kazetariak euskaldun berriak direlako, edo bizkaieratik estandarrera distantzia handiagoa dagoelako… Nik nahiago nuke Berrian euskalkien kolore handiagoa edo biziagoa ikusiko bagenu, baina ez dut amore eman oraindik! Gipuzkoarroi gertatzen zaigu, batua nahiko gertu daukagunez, inor ez dela gogoratzen, baina guk ere gauza batzu-batzuk galduko ditugu; gure hizkeraren ezaugarri batzuk galduko dira, ahaztu zaigulako nola esaten dugun. Orain ‘txapliegua’ eta ‘txupina’eta… Hori Hernanin ‘etxafuegoa’ da. Baina ahaztu egiten zaizkigu. Edo ‘gobara’, Maialen Lujanbiori esker gogoratu dugu; hitz hori galtzear zegoen. Edo ‘andretxeperua’,  ‘txorimaloa’ esateko. Nik hori etxean ikasi dut, baina orain galdetzen baduzu kalean… Galtzen dijoaz. Edo ‘bazenekizun’ eta horrelako gauzak. Gai izango bagina ‘bagenekien’ idatzi, baina hizketan ari garela horrelako gauzak gordetzeko, zoriontsu biziko nintzateke.

Zein dira orduan egungo euskeraren edo euskal hiztunon erronkak?

Ruper Ordorikak esaten duen bezala, ‘inork ez zidan esan euskalduna izatea zein nekeza den’. Euskalduna izatea zoragarria da; halako komunitate txiki bateko partaide izateak ematen dizu munduari begiratzeko modu berezi bat, eta uste dut oso aberatsa, oso aberasgarria dela. Bestetik, ordainetan kasu honetan, eskatzen dizu ahalegin aktibo bat egin behar izatea. Egun Euskal Herrian ahalegin aktiborik egiten ez baduzu, inertziak erderara eramaten zaitu. Gaur egun nire ustez euskaldun hiztun arruntok daukagun erronka da, ahalegina egitea egiten dugun guztia euskeraz egiteko. Periodikoa ‘letzen’ det, baina euskerazkoa ez, ze ez nuen ikasi edo zaila egiten zait... Joño! Diario Vasco irakurri duzun adina irakurri bazenu euskerazko egunkari edo aldizkari bat, agian ez litzaizukeen hain zaila egingo. Egin behar dugu esfortzu bat. Hori guri tokatzen zaigu egitea. Horrekin ez dut ahaztu nahi erakundeek ere egin behar dutela beren partea. Ez dago dena euskaldun xehearen esku. Erakundeek egin behar dute beren partea, ETB euskeraren normalizazioaren zerbitzuan jarriz, esate baterako. Eta nire ustez hori da erronka handiena. Egiten dugun guztia euskeraz egiteko moduan jartzea. Alegia, euskaldun oso izateko modua egitea. Eta hori erakundeek egin behar dute, gauza asko egin behar dituzte egiten ez dituztenak, eta norberak ere egin behar du bere partea.

Irene Arrarats Irene Arrarats  Irene Arrarats  Irene Arrarats  Irene Arrarats Irene Arrarats Irene Arrarats  Irene Arrarats Irene Arrarats  Irene Arrarats  Irene Arrarats  Irene Arrarats Irene Arrarats Irene Arrarats

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.