Gillermo Larregi eta bere esku-orga
Gillermo Larregi eta bere esku-orga –
Euskaldunok, onerako eta txarrerako, gure bidea urratu dugu Bai Euskal Herrian eta bai diasporan. Hauxe da jarraian aipatuko dugun iruinsemeak Patagoniatik Buenos Aireseraino oinez, eta esku-orga bat bultzatzen, egin zuena. Ikus dezagun:
1.- Gillermo Larregiren nondik norakoak
Gillermo Larregi Ugarte Iruñean jaio zen 1885eko azaroaren 27an, Arrotxapea auzoan, eta garai hartako euskaldun askoren antzera, Ameriketara abiatu zen etorkizun hobe baten bila. 1900. urtean, Buenos Airesera iritsi zenean, hamabost urte zituen. Lehen urteetan itsasgizon aritu zen, eta gerora Patagonian kokaturik zegoen iparamerikar petrolio-konpainia batean egin zuen lan, eta lanbide horretan jarraitu zuen 1935. urtera arte.
Aipatu urtean, lagun arteko giroan zegoela, apustu xelebre bat egin zuen: “Baietz, esku-orga bat bultzatuz, Patagoniatik Buenos Aireserainoko bidea oinez egin!” Lagunek, txantxetan ari zelakoan, esku-orga bat ekarri zioten, baina berehala Gillermo Larregi serioski ari zela ikusi ahal izan zuten.
Larregik garai hartan 50 urte zituen, eta gizon apal, sendo eta indartsua zen. 130 kiloko esku-organ bidaiarako beharrezkoak zituen arropak eta elikagaiak sartu, eta Patagoniatik abiatuz, Buenos Aireserainoko ibilbideari ekin zion oinez. 22.300 km osora. Bide osoan barna, herritarren elkartasuna izan zuen berekin, euskaldunena bereziki. Pazientzia handiko gizona zen eta oso hiztuna, euskaraz gain, espainolez, italieraz eta frantsesez mintzatzen zen, eta horrek bidean topatzen zituen jendeenganako hurbiltasuna ematen zion.
Laster famatua egin zen Argentina osoan, prentsan maiz ematen zuten haren ibilbidearen berri eta zenbait elkarrizketa egin eta plazaratu zizkioten. “Esku-orgako Euskalduna” edo “Esku-orgako Zoroa” deitzen zioten, eta aipatu dudan lehen ezizenaz pasatu zen Argentinako historiara.
2.- Gillermo Larregiren ibilaldiak
Lehen ibilbidea 1935ean egin zuen, Patagoniako Cerro Bagual izeneko tokitik abiatu zen eta hamalau hilabete beranduago, Buenos Airesera iritsi zen. Berak kontatu zuenez, 31 pare espartin urratu omen zituen bidean. Ospe handia erdietsi zuen eta zenbait omenaldi egin zizkioten, hori dela eta, lortutako ospeak berotuta, beste zenbait ibilbide prestatzeari ekin zion. Osora beste hiru ibilaldi egin zituen, beti esku-orga bat bultzatuz. Larregik lehen bidaiarako erabili zuen esku-orga Udaondo de Lujan izeneko museoan utzi zuen, eta gaur bertan ikusten ahal da.
Bigarren ibilbideari hasiera eman zion 1936an. Buenos Aireseko probintzian den Coronnel Pringles herritik Bolibiako La Paz hiribururaino. Osora 4.405 km.
Hirugarrena Argentinako Villa Maria herritik (Cordoba probintzian) Txileko Santiagoraino. 2.018 km-ko ibilbidea.
Eta laugarrena, azkena, 1944. urtean, Trenque Lauquen herritik (Buenos Aireseko probintzian) Iguazuko ur-jauzietaraino.
Kalkulatu dutenez, lau bidaiak kontuan harturik, 20.300 km baino gehiago egin zuen esku-orga bat bultzatuz.
Iguazuko ur-jauzietara iritsi, eta Misiones izeneko herrian gelditu zen bizitzen. Bere etxea egiteko latorrizko poto birziklatuak erabili zituen. Garai hartan hasi ziren leku horietara lehen turistak iristen eta gida gisa aritu zen hil zen arte, 1964ko ekainaren 5ean. Zendu zelarik 78 urte zituen. Puerto Iguazuko hilerrian ehortzi zuten.
3.- Gillermo Larregiren ospea
Gillermo Larregi oso pertsonaia ezaguna da gaurko Argentinan, eta nonahi baditu plazak, oroitarriak, kaleak, horma-irudiak, kantuak… haren ibilaldiak oroitarazten dituztenak. Zenbait dokumental eta film ere egin dituzte, baita artikuluak, irratsaioak eta liburuak ere. Euskal Herrian, 2001eko azaroan, Txema Urrutiak idatzitako “El vasco de la carretilla” izeneko liburua plazaratu zuen Txalaparta argitaletxeak.