Gilgamex, gizateriaren lehen ametsak

Gilgamex –

Kristoren aitzineko bederatzigarren milurtekoan, Mesopotamia zaharrean, Tigris eta Eufrates ibaien arteko lurralde heze eta oparoetan, lehen kultura eta gizarte antolatuak sortu ziren aro ilun eta urrun haietan, berantago, K. aitzineko 3. milurtekoan, lehen idazkerak sortu zituzten, eta haiekin batera, gizateriaren lehen epopeiak. Horixe dugu, Gilgamex (edo Gilgamesh) pertsonaia ardatz gisa harturik, gureganaino, buztinezko hamabi taulatxoetan idatzirik, iritsi den epopeia zoragarria, Gilgamexen epopeia izenaz ezagutzen duguna.

Garai haietan, herri nomada eta ibiltariak, aipatutako kokapen geografikoan finkatu ziren, nekazaritzaz eta abeltzaintzaz oinarrituriko gizarte berri bat sortuz. Aldaketa honek egitura sozio-ekonomiko berriak sortarazi zituen, eta segidan berriz, lehen hiri handiak jaio ziren. Ekonomia berri hori antolatzeko eta kudeatzeko eskualdeko hiritarrak kontaduria sistemak asmatzera eraman zituen, eta horrela sumertarrak idazkera kuneiformea sortzera bultzatu zituen. Antolakuntzari buruzko testuak izan ziren egin zituzten lehenak, ziurrenik, baina gerora, hiri handienetan sortu zituzten edduba izeneko idazketa-eskoletan bestelako gaiak jorratzera pasatu ziren, eta ordura arte ahoz kontatzen zituzten istorio, kantu eta legendak buztinezko taulatxoetan idazten hasi ziren. Adituen ustez, Sumerreko Uruk hiriko Inanna jainkosari eskainitako tenpluko sazerdoteak izan ziren idazkera kuneiformea asmatu eta garatu zutenak

Eta gizon-emakumeon nahikariak, desirak, ametsak, anbizioak…, dakigunez lehen aldiz, idatzirik agertzen hasi zitzaizkigun. Literatura idatzia jaioa zen, eta Gilgamexen olerki-epopeia izanen da belaunaldiz belaunaldi, gizaldiz gizaldi, kulturaz kultura…, behin eta berriz, errepikatuko eta hedatuko dena. Hastapenetan sumertarrek egin zuten aipatu dudan lan hori, akadiarrek geroago, eta berantago babiloniarrek, asiriarrek, hititek… eta Mesopotamiatik pasatu ziren gainerako herri eta erresuma guztiek, bakoitzak bere aldaerak eginez, eta bere ekarpenak gehituz. Epopeia honen zabalkunde handia K.a.I. mendera arte iraun zuen. Bertsiorik osatuena akadieraz idatzita dago, idazkera kuneiformea erabilita.

Gilgamex
Gilgamexen epopeia buztinezko taulatxoetan.

Orain arte, bost dira Gilgamexi buruz sumerieraz idatzirik aurkitu ditugun poemak: Gilgamex eta Kish-eko Agga, Gilgamexen heriotza, Gilgamex eta Biziaren Erresuma, Gilgamex eta zezen zerutiarra eta Gilgamex, Enkidu eta infernuak. Gerora, babiloniar eta asiriarren eskutik Uholdea izeneko poema gehitu zitzaion.

Erran beharra daukagu, Gilgamexen epopeia ez dela sumertarren literaturaz ezagutzen dugun testu bakarra. Atsotitz eta erran zaharrak, taulatxoetan idatzirik, iritsi zaizkigu, eta baita beste zenbait poema (Uholdearena, Mundu Sortzearena…) eta legenda batzuk ere (Lugaldbanda, Enmekar, Enki, Nanna, Isthar, Dumuzi…, eta abar).

Gilgamex
Gilgamex, Uruk hiriko errege eta heroia.

1849tik aurrera, ingelesek eta alemanek Uruk hirian egin zituzten indusketei esker, gaur badakigu hiriaren lehen aztarnak Kristoren aitzineko 4114. urtekoak direla, eta orduz geroztik, biztanleria izan dela aipatu hirian. Lehen idazkera arrastoak oso zaharrak dira, Innana jainkosaren sazerdoteek erabilia. Uruk hiriak bazuen 9,5 kilometroko barne harresia bat, 900 dorre baino gehiagoz indartua zena, eta horretaz gain, bazen kanpo harresi handiago bat. Tradizioak Gilgamex erregeak egina dela zioen, eta Anam-en aurkitu den taulatxo batean hori baieztatzen digute. Gilgamexen izena sumertarren errege zerrendetan agertzen da, beraz, pertsonaia historikoa izan zela ondorioztatu daiteke. Iduriz, Gilgamex, Uruko hiriko erregea izan zen K.a. 2700 eta K.a. 2500 urteen inguruan.

1.- Gilgamex-en epopeiaren ezaugarriak

Arestian erran bezala, Gilgamex errege eta heroriari buruzko poemak biztinezko taulatxoetan, idazkera kuneiformea erabiliz, egin zituzten K.a. 2700 eta K.a. 2500 urteen inguruan. Eta kontserbazioaren aldetik, hutsune asko ditugula erran behar dugu. Poema horietan agertzen diren istorio eta kontakizunak, neurri batez,  osatu ahal izan ditugu, gerora, akadio, sumeriar, babiloniar, hitita eta beste herriek, gai berari buruz idatzitakoekin.

Gaur arte aurkitu dugun bertsiorik onena, K.a. VIII. mendeko Asurbanipal asiriar erregearen liburutegiko hamabi taulatxoetan agertzen da. Lehen hamaika taulatxoetan Gilgamexen epopeia kontatzen dute eta hamabigarrenean, Enkidu adiskidea infernuetara jaitsi zeneko poema. Testuetan ez da bertsorik bereizten, baina errimoaren araberako hurrenkera duten 3500 bertso inguru agertzen dira.

Poema hauek hiru gai nagusi jorratzen dituzte: gizakiaren heriotzaren zergatia, hilezkortasuna eta jainko-jainkosek gizakiekiko duten jokabidea. Ez zeuden herri xumearentzat eginak, elite kultu eta jakintsu batendako baizik. Poema horietan giza nahikariak, desirak, anbizioak eta ametsak azaltzen dira, eta baita filosofiaren lehen aztarnak ere. Poema hauek omen dira, gizateriaren historian, hilezkortasunaz eta gizakion hil beharraz mintzatzen diren lehenak. Hamargarren taulatxoan honela diote: “Jainko-jainkosek gizakiak sortu zituztenean, noizbait hilen zirela erabaki zuten.”

Badu antza euskaldunok hitzetik hortzera darabilgun atsotitz zaharrarekin: “Bizitzeak heriotza du zor”.

Iduriz, Gilgamexen nahikari handiena, jainko-jainkosek gozatzen zuten hilezkortasuna atzematea zen, eta poemetan kontatzen zaigunez, bizitza osoa eman zuen helburu horren atzetik. Ba omen zen erreketako hondoetan landare bat hilezkortasuna eman zezakeena eta horren bila ibili omen zen luzaz, emaitza onik gabe.

2.- Gilgamexen epopeiaren pasarte zenbait

Zoritxarrez, euskaraz ez dugu Gilgamexen epopeiari buruz testurik ezagutzen, egitear dago, eta biharko belaunaldiek eginen dutelakoan nago.

Hori dela eta, nik orain, poema horietatik ateratako pasarte zenbait ekarriko ditut gogora.

Asiriar bertsioaren lehen taulatxoan honela diote epopeiaren xedeaz: “Nire herriari jakinarazi nahi dizkiot, baita sakontasunetako mundua ezagutzen duenari ere, uholde handiaren aitzinetik izan ziren gertakizunak eta misterioak. Hori dela eta, Uruk-eko harresiak egin zituen Gilgamex handiaren ibilerak oroitaraziko ditut. Geroan, ez da inor haren ekintzak berdindu ahal izanen dituenik.”

Gilgamex
Gilgamexen irudia. Gilgamex zezen zerutiarra hiltzen.

Eta jarraian honela deskribatzen digute Gilgamex errege eta heroia: “Lugalbanda erregearen premua zen, arras indartsua, zeruko behiaren semea. Hori zen Gilgamex, arras perfektua, bikaina. Berak zabaldu zituen mendi arteko bideak, mendi magaletan ur putzuak egin zituen eta itsasoak zeharkatu zituen urruneko azken bazterretaraino iritsi arte. Berak berreraiki zituen uholdeak birrindu zituen tenpluak eta errito zaharrak berpiztu zituen. Errege izan zen, eta jaio zenez geroztik Gilgamex deitua izan zen. Gizona zen arren, erdi jainkotiarra ere bazen. Makh jainkosak oso gorputz ederra eman zion, handia zen oso, aurpegi ezin ederragokoa, eta bere beso eta zangoak eder, handi eta lirainak ziren. Horregatik, ez zegoen Uruk osoan, harekin maitasuna egin nahi ez zuen neska edo emakume gazterik”.

Eta Yaleko taulatxoan, bertsio paleobabiloniarrean, honela kontatzen dute, Gilgamexek, Enkidu adiskidearekin batera, infernuetara, hilezkortasunaren bila, egin nahi zuen bidaiaren arrazoia: “Inoiz egin ez dudan bidaiarik egin beharra daukat. Ez dakit nondik nora doan eta ez dakit osasuntsu eta garaile itzuliko naizen. Horrela ba, Urukeko Inanna jainkosaren izenean, tenplu berri bat eraikiko dut. Hori erran ondoren, Gilgamexek aizkora, ezpata, uztaia eta geziak hartu zituen eta horiekin batera, kalera atera zen bidaiari hastapena emateko asmoz. Bazter guztietan hiritarrak hurbiltzen zitzaizkion azken besarkada eman nahian, eta zaharrek bedeinkatu egiten zuten.”

Asiriar bertsioan, Isthar jainkosa Gilgamexekin maitemindu zenekoa kontatzen zaigu: Gilgamexek bere ilea garbitu zuen eta adatsak bizkar gainean zituen zabaldu. Jantzi zikinak baztertu zituen, eta haien ordez, garbiak jantzi. Eta buruan tiara ipini zuenean, Isthar jainkosa liluratuta gelditu zen  Gilgamexen edertasunaz. Zatoz Gilgamex, izan zaitez nire maitale, emaidazu zure fruitua goza dezadan! Izan zaitez nire senarra eta izan nadin ni zure emaztea!  Urrezko eta harribitxizko zalgurdia oparituko dizut. Sar zaitez gure etxera, zedroaren gerizpera! Gure etxean sartzean, sazerdoteek oinak musukatu dizkizute, eta zure aurrean, belauniko jarriko dira noble, printze eta erregeak.”

Baina sakontasuneko mundu ezkutuetara, Endiku adiskidearekin batera, egin zuen bidaian, gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera. Ez zuten hilezkortasuna atzeman, eta gainera, Endiku, bere lagun mina, abentura horretan hil zen. Gilgamex gizakion heriotzaz mintzo zaigu poema horietan. Zati hau asiriar bertsio batetik aterea da:  “Negar egiten dut Enkidu adiskide minagatik. Ezin dut negarra kontu eta mingostasuna dut bihotzean. Adiskide maitea, deabru gaiztoek eraman zaituzte nire aldetik betiko. Biok ibili ginen mendi urrunetan, Zezen Zerutiarra harrapatu eta hil egin genuen, baina orain, berriz, loa nagusitu da zutaz. Jadanik ez nauzu ikusten eta ez nauzu entzuten. Zure bihotza gelditu da betiko baina beti egonen zara nire gogoan.”

Eta bukatzeko, uholde handiaz mintzo den bertsio asiriar batetik atera dudan pasartea ekarriko dut gogora: “Egun oso batez euri erauntsi handia egin zuen eta horrek uholde handia zuen ekarri. Izugarria zen zeruak botatzen zuen euri erasoa. Jainko-jainkosak ere uholdearen indarraz beldurtu ziren eta Gilgamexi agindu omen zioten: Egin ezazu ontzi handi bat, eta sartu bertara munduan diren bizidun espezie guzien bikote bat! Hamabost egunetan ontzia bukatu zuten, eta uholdeak ekarritako ur handietan nabigatzen hasi zen. Zazpi solairu omen zituen eta barnea bederatzi ganbera handitan banatua zen. Gilgamexek bere familia bertan sartu zuen, baita animalia guztien bikote bana ere, jainko-jainkosek agindu bezala. Urak zeruetaraino igo ziren eta lur guztiak estali zituen. Horrela ibili ziren luzaz, norabiderik gabe, etengabeko erauntsiaren azpian, mendi batean baratu ziren arte. Gilgamexek eskaintza bat egin zien jainko-jainkosei eta Uruk berreraiki zuen.”

Gilgamex eta Enkidu

Buka dezadan aipamen hauekin Gilgamexen epopeiari buruz egin nahi izan dudan artikulu laburra, bera izan baita gizateriaren lehen epopeia, gizateriaren ametsak idatziz jaso dituen lehen poema bilduma, eta ongitxo merezi baitu toki berezi bat gizakion oroitzapen kolektiboetan. Euskaraz ere, iritsiko zaigu epopeia osoa irakurri ahal izanen dugun eguna. Hala bedi!

Gilgamex  Gilgamex  Gilgamex  Gilgamex  Gilgamex  Gilgamex  Gilgamex  Gilgamex

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Gilgamex, gizateriaren lehen ametsak”-ri buruz

  • Mila esker, Joseba eta hala bedi! Euskarara ekarri gabeko lan asko eta asko daude. Zertan ibili ote gara azken hamarkadetan? Iliadaren edizio taxuzko bat ere faltan dugu. Egiten al diogu euskaldunok kultura unibertsalari izkin?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude