Geuretik Sortuak proiektuaren teilatupean

Geuretik Sortuak proiektuaren teilatupean –

Euskal artista eta udalerrien ordezkaritza zabal batek bat egin du Oiartzunen, Geuretik Sortuak-en teilatupean.

Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako artista eta udalerrietako ordezkariak bilduta, argazki jendetsua atera dute gaur Oiartzungo Arizmendi Eneako lorategian.

Udalbiltzak proiektuari buruzko bi datu berri eman ditu aditzera: bost film laburrekin film luzea egingo duen ekoiztetxea Adabaki Ekoizpenak izango da; ipuinak, ordea, Udalbiltzaren izenarekin argitaratuko dira, profesional-talde baten laguntzaz.

Eguraldia lagun antolatu da gaurko egunez, Oiartzungo Arizmendi Enea eraikineko lorategian, Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren aurkezpen ekitaldia. Zita honen helburua bikoitza zen: batetik, proiektuan parte hartuko duten 26 artistek eta eurak jasoko dituzten udalerrietako ordezkariek elkar ezagutzea eta, bestetik, egonaldi artistikoen garaiari hasiera sinboliko bat ematea.

Geuretik Sortuak proiektuaren teilatupeanDuela hilabete eman zen aditzera kultur proiektu honen lehen edizioan parte hartuko zuten artista eta udalerrien zerrenda. Idazle, zinegile eta antzerki konpainiak biltzen ditu zerrenda honek, eta helburua, euren sorterritik at hiru astera bitarteko egonaldia eginez, obra bat sortzea izango da: 16 ipuin, 5 film labur eta 5 antzezlan. Obra guztiek egonaldia egin duten herri horren errealitatea islatuko dute modu batera edo bestera; beti ere, artisten sormen gaitasuna eta proposamen artistikoak errespetatuz.

Oiartzungo alkate Jexux Leonetek egin die harrera bertaratutako 60 bat lagunei. Ostera, Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik eta Geuretik Sortuak proiektuaren arduradun politiko Koro Etxeberriak hartu dute hitza. Proiektuaren inguruko zertzeladak bota eta orain arte emandako pausuak zehaztu dituzte bien artean. “COVID-aren krisiaren kudeaketak argi utzi du kulturaren lekua bigarren plano batean dagoela instituzio batzuentzat; gizartearen borondate eta desirak, aldiz, lehen planora ekarri du ezinbestean, eta behar horri erantzun bat eman behar zitzaiola ikusi genuen. Erantzun hori herri bezala egin behar zela ikusi genuen hasieratik elkarrekin, elkarlanean, Euskal Herriko sortzaileak eta herriak saretuz eta bat eginez”, azaldu du Asurmendik.

Etxeberriak, bestetik, artistentzako deialdian horrenbeste proposamen jaso izana goraipatu du, euskal kulturak duen indarra lehen lerrora ekarriz: “argi gelditu zaigu eta berretsi egin dugu euskal kulturak dituen kemena eta kalitatea benetan handiak direla: 73 proiektu proposamen jaso genituen zinegintza, literatura eta antzerkitik. 28 film labur, 24 antzezlan eta 21 literatur proiektu denera. Benetan, gure zorionik beroenak denoi”.

Artisten eta udalerrien zerrenda aipatu ostean, orain arte eman gabeko bi albiste partekatuz eman diote Asurmendik eta Etxeberriak amaiera euren hitzartzeari. Izan ere, Udalbiltzak dagoeneko erabaki du zeinekin eta nola argitaratuko duen ipuin-bilduma eta film laburrez osatutako film luzea. Lehena Udalbiltzaren izenean argitaratuko da, beti ere edizio, diseinu, argitaratze eta banaketa lanak kudeatuko dituen profesional talde baten laguntzaz. Argitalpen horrek lizentzia irekia edukiko du, eta edizio fisikoan salgai egoteaz gain, Udalbiltzaren webgunean egongo da deskargagarri. Zinegintzari dagokionez, film laburrak koordinatu eta horiekin film luze bat egingo duen ekoiztetxea Adabaki Ekoizpenak izango da.

.

Protagonisten ahotik

Koro Etxeberria eta Jabi Asurmendiren ostean, Geuretik Sortuak proiektuan paper protagonista izango duten horiei eman zaie hitza. Lehenik eta behin, artistak eta euren proposamenak jasoko dituzten udalerri partehartzaileen izenean, Berako alkate Aitor Elexpuruk hitz batzuk esan ditu. Proiektuan herri bezala parte hartzeak dakartzan erronkez eta onurez jardun du, baita, euren kasuan, ardura eta emaitza Lesakarekin batera partekatzearen inguruan. Izan ere, Bera eta Lesaka ez dira bakarrak proiektu honetan soinez soin parte hartuko dutenak: hala daude ere Bergara eta Antzuola, Araitz, Betelu eta Larraun, Ondarroa eta Berriatua, Atarrabia eta Uharte, Lodosa, Mendabia, Sartaguda eta Andosilla edota Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre. Amaitzeko, Eñaut Castagnet zinegilearen proposamena euren herrian lantzearen poza eta ikusmina adierazi ditu Elexpuruk.

Txanponaren beste aldea entzuteko txanda iritsi da gero. Proiektuan lekua izango duten hiru arte diziplinetatik ordezkari banak hitz egin du: literaturaren kasuan, Itxaro Borda idazleak; zinegintzaren kasuan, Raul Barreras zinegileak; eta antzerkigintzaren kasuan, Metrokoadroka sormen laborategiko kide Idoia Beratarbidek.

.

Argazki jendetsua

Ekitaldia amaitutakoan, bertaratu diren gonbidatu guztiek argazkia atera dute Arizmendi Enea eraikin historikoko balkoira begira. Hautatuak izan diren 26 artistetatik 21ek egin diote maskarapean irribarre kamerari, hain zuzen: Dominique Recalt (antzerkigilea), Yolanda Arrieta (idazlea), Edorta Jimenez (idazlea), Itxaro Borda (idazlea), Fito Rodriguez (idazlea), Iñaki Martiarena (komikigilea), Raul Barreras (zinegilea), Peru Calabaza  (idazlea), Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Maite Aizpurua, Idoia Hernandez eta Oier Guillan (antzerkigileak); Bertol Arrieta (idazlea), Maitane Perez (idazlea), Oier Zuñiga (antzerkigilea), Maialen Akizu (idazlea), Josu Martinez (zinegilea), Garazi Albizua (idazlea), Sarai Robles (idazlea), Iban Garro (idazlea), Ugaitz Agirre (idazlea), Eñaut Castagnet, Katti Pochelu eta Graxi Irigarai (zinegilea eta ekoizleak), Erika Olaizola (zinegilea) eta Eñaut Tolosa eta Leire Egaña (ekoizlea eta zinegilea).

Udalerrietatik ere ordezkaritza zabala egon da: Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia), Xabat Laborde eta Beatriz Unzue (Amasa-Villabonako kultur zinegotzia eta alkatea), Aitor Elexpuru (Berako alkatea), Celia Rubio eta Maite Ibarra (Arrigorriagako euskara zinegotzia eta alkatea), German Meabebasterretxea (Oñatiko kultur saileko arduraduna), Ladis Satrustegi (Lesakako alkatea), Beñat Larrañaga (Usurbilgo alkateordea), Jon Arriola (Berriatuako alkatea), Betti Bidart (Baigorriko ordezkaria), Joxe Manuel Zubillaga (Araizko alkatea), Iñaki Ostolaza, Marina Bidasoro eta Miriam Romanet (Zumaiako alkatea, kultur zinegotzia eta kultur teknikaria), Eztitxu Mujika (Zaldibiako alkatea), Iñigo Gaztelu (Larrabetzuko alkatea), Gorka Artola (Bergarako alkatea), Jexux Leonet eta Eneritz Arbelaitz (Oiartzungo alkatea eta alkateordea), Paolo Albanese eta Javi Martinez (Sartagudako eta Mendabiako zinegotziak), Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea) eta Edurne Espilla eta Iñigo Hernando (Galdakaoko euskara zinegotzia eta alkatea).

Ahaztu gabe doaz, proiektuan ezinbesteko laguntza eskaini duten zenbait entitatetako ordezkari ere, hala nola, Errigorako Peru Aranburu edota Hamaika Telebistako Ekhiñe Atorrasagasti eta Iñaki Uria. Zuberoako Zazpiak Bat Elkarteko inor bertaratu ezin izan den arren, eskertu zaie ere proiektuan jarri duten esfortzua.

Udalbiltzako lehendakariaren hitzek laburbildu dute momentua: “argazki hau ere herri honen kontakizunaren parte izatera igaroko da; Euskal Herri osoko sortzaile eta hautetsiak euskarazko kulturari eta sormenari putz handi bat emateko Geuretik Sortuak izeneko teilatupean elkartu zirenekoa”.

Geuretik Sortuak proiektuaren teilatupean Geuretik Sortuak proiektuaren teilatupean

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra