Gerra modernitateari

Munduan bizirik dirauen zaharrenetakoa da vediar edo indo-ariar tradizioa, izan ere, baditu 5000 bat urte. Bere testu sakratuetan aurki dezakegu Indo-europar metafisikaren jatorrizko esentzia bere erarik garbienean, Europak aspaldi galdu zuelarik. Kristautasunaren osagarri abrahamikoak akabatu zuen metafisikaren ezagutzarekin gure lurralde paganoetan, tradizio helenistikoak, erromatarrak, zeltiarrak, nordikoak edo egipziarrak ordura arte bizirik mantendu bazuten ere.

Antzinako tradizioez ari garela, oso garrantzitsua da ulertzea horiek guztiak gauza berdinaz mintzo direla, sakonean: giza-kontzientziaren garapena plano espiritual garaiagoetara.

Barneko “Ni” horren igokundeaz ari naiz, hots, Jainko, Nirvana, Paradisu edo kontzientzia unibertsala deritzon horretarainokoaz. Gizakiaren barne-indarrak bi talde nagusitan banatu daitezke. Batetik, “indar basatiak” ditugu, non psikea dagoen bulkaden, bizioen, instintuen, desioen eta zirraren menpe. Bestetik, indar “goitiarrak” topa ditzakegu, hau da, oinarri dutenak transzendentzia, ordena, hobezintasuna, egia edo arrazoia. Gizaki arrunta “indar basatien” mendean bizi bada, asentsiorako bidean lehen pausua “indar basati” horiek menperatzean edo kontrolatzean datza. Tradizio bakoitzak bere bidea du barneko Nia orekarantz zuzendu eta banakoaren arima haraindikotasunerantz zuzentzeko kontzentrazio espirituala garatzen duten teknika eta erritu ezberdinen bidez (aszesiaz, sakrifizioaz, kontenplazioaz, meditazioaz…).

Bhagavad-guitan, hots, indiarren testu sakraturik ezagunenean, Krishna avatarrak yogaren bidea azaltzen du Brahama edo supra-kontzientziara iristeko. Lao Tsek, bestalde, taoismoaren doktrina den “ekintza-gabetasunaren” bidea erakusten digu Tao Te King liburuan. 49 egunez meditazioan jardun ondoren iritsi zen nirvanara Buda-Gautama pikondo sakratuaren itzaletan. 40 egunetako aszesiaren bitartez lortu zuen Jesusek deabrua, hau da, barneko “indar basatiak”, garaitzea desertuan. Mahoma Hira kobazulora joaten zen meditatzera gauero, eta gau horietako batean agertu omen zitzaion Gabriel goiaingerua. Kabala juduak, Sufismoak edo tradizio hermetikoak ere “Jainkoarengana” iristeko bideak jorratzen dituzte.

Espiritualki zentzumen eta sentipenetatik harago gainezartzeko borondatea da tradizio guztien substantzia, eta tradizioak dira zibilizazio ororen eragileak. Zibilizazioak berezko kaosari forma ematen dio, gizakion barne-indar “basatien” konkistaren erakusgarri, eta zibilizazioen jatorri sakratu horren erakusle dira bere oinarrizko erakundeak .

KASTAK

Gizarte tradizionalek ez zuten berdintasuna ezagutzen, aitzitik, jatorri espiritual bat zuen kasten araberako hierarkiak. Hastapenetan, estamentuek jendea bereizi egiten zuten leinu bakoitzak zuen progresio mailaren arabera transzendentziaren bidean.

Julius Evolak zioen bezala, Indo-ariar zibilizazioan bereizketa nagusi bat egiten zen lau kasta handietaz gain, eta arima/materiaren dualtasuna zuen oinarri: aryak eta shudrak. Lehenengoak aitonsemeak ziren, iniziazioaren bitartez “berpiztuak”, eta izaera jainkotiarra esleitzen zitzaien (draivya); Bigarrenak, aldiz, materiaren mundu hautemangarrira donetsitakoak ziren, hots, garapen eta jakinduria espiritualik gabekoak eta gizartearen substratu “deabruzkoaren” (asurya) parte.

ERREGETZA

Erregetza tradizionalak ere arima/materia edo zerua/lurraren dualtasunean du iturburu, eta bera da bi munduak elkartzen dituen zubia.

Ekialde urrunean, Lao Tsek zioen orain 2500 urte: “Horrela, enperadore koroatu eta hiru ministro izendatu ondoren, hobe da Taoarekin bete eskuak jadez apaindu edo koadrigan ibili baino” (Taoa haraindikotasun espiritualerako bidea delarik). Mahabharata indiar epopeia sakratuan Kaurava eta Pandava errege-familia historikoen arteko lehia kontatzen da, eta bi sendiak Krishnaren ondorengoak direla esaten da, Krishna Jainkoaren haragitzea delarik. Bestetik, Egiptoko hasierako faraoiek izaera jainkotiar bat bereganatu behar izaten zuten agintean hasi baino lehen, Osirisen omenezko erritu-multzo bat burutuz iniziazio gisa. Kristandadean ere Christus Rex bezala izendatzen da Jesús, eta, azkenik, komunismo platonikoaren buruzagia “kósmos noetós” edo aderazi ezinezko munduaren ezagutzagatik da jakintsu, eta ez ingurune materialaren ezagutzagatik.

Gerora galbideratuko bazen ere, Niaren igokundean garaile suertatu eta Jainkoa aurkitu zuen lehen Errege horretan dute jatorri tradizionala antzinako zibilizazioetako erregeen leinuek. Moises juduen liderra litzateke erregetzaren esanahiaren eredu sinbolikorik ezagunenetako bat.

Bhagavad-guitaren irdukiapen bat: Krishna eta Arjuna printzea.

LEGEA

Legeak ere aipaturiko ideietan du funtsa modernitatearen aurreko gizakiarentzat. Tradizioaren ikuspegitik legea ez da orde sozial bat mantentzen duen araua, baizik eta jarraitu beharreko “bidea” kontzientziaren goi-mailako fasea edo argitzapena lortzeko.

Dharma da Hinduismo eta Budismoan lege gorena, eta honela defini daiteke: arima Samsararen (jaiotze, bizitza, heriotza eta berpizkundearen) ziklotik askatzea helburu duelarik, tradizioak bildutako eginkizun, eskubide, lege, jokabide, bertute eta erritu-sorta. Lege sakratuen ondorioa izango da estatu, erreinu eta inperioek garatuko duten legea Estatu modernoa iristen den arte. Dharmaren homologoak Tao legea, Lege sakratu kristaua, Sharia islamikoa edo Halaja judua izan daitezke.

Horrela, ondorio (eta ez arrazoi) lirateke legeek izan ditzaketen abantaila sozial eta kolektiboak, horien antzinako funtsa erabat sakratua zelarik.

ESTATUA

Estatu modernoak logika erabat funtzional eta operatiboan du bere muina, kasu, gizartearen antolakuntza eta administrazioan. Garai batean, ordea, esangura eta helburu goitiarragoa zuen: “Supramunduaren” adierazpena zen, gizakiaren barne-indar antolatzaile eta ordenatzaileen erakusgarri, eta aristokrazia espiritualek euren arimaren garapenerako behar zuten baldintzarik aproposenak antolatzea zuen objektu, lege sakratuen baitan oinarriturik.

Gizaki modernoak pentsatzen du Estatuaren justifikazioa eta sorburua demosean (herrian) datzala. Perbertsio ideologiko hau dela-eta, Estatuak bere esanahi sakratua galdu eta izaera materialistara jo du. Bide hori hartuta, ezin ekidin geroz eta beherago egitea, berezko ezaugarririk gabeko masaren kolektibismora, alegia: gizakia makina soil bat, zenbaki soil bat, bozka soil bat da non bere balio bakarra ekoizpen/kontsumo gaitasunean oinarritzen den. Gizakiaren balioa kuantitatiboki neurtzen da, kualitatiboki neurtu beharrean.

Tradizioen arabera, berriz, ideia eta formaren parekoa litzateke estatua eta herriaren arteko erlazioa. Bi poloen arteko (espiritual/material) tentsioaren emaitza natura beraren antzaldatze eta ordenamenduan islatzen da, tradizioak helarazitako lege sakratuen bitartez.

HERRIAK ETA ETNIAK

Ikusi denez, tradizionalismoak igualitarismoa arbuiatzen du biziki, baina baita arrazismo biologikoa eta modernitate materialistatik eratorririko gainontzeko ikusmoldeak. Ez ditu ukatzen, ordea, etnia eta arrazen arteko ezberdintasun biologiko ebidenteak, baina osagarritzat jotzen ditu, gehienez ere.

Dena den, talde etno-kultural bakoitzaren balioa bere arima kolektiboaren garapen-mailaren araberakoa da tradizionalismoarentzat, eta balio espiritual horren azaleko adierazpenak dira herriaren ezaugarri moral, sozial, kultural, teknologiko edo arrazakoak, esaterako.

Azken finean, zer da tradizioa? Tradizioa informazioa da. Gure guraso eta aiton-amonek oinordetzan jasotako informazioa, hots, gizakiaren barne zein kanpo munduaren ezagutza, non bere jatorria asaba urrun eta mitikoen garaietan kokatu dezakegun. Horrela, tradizioa helarazi egiten da mendeetan zehar belaunaldi ezberdinek osaturiko kate luze batean. Hala, tradizioa deituriko ezagutza hori garatuz doa gizaldi bakoitzak eginiko ekarpenekin, kasu, bizipen, sorkuntza eta aurkikuntzek eraginda. Familia tradizionala da informazio horren igorpen bitartekorik egokiena.

Zure amagandik entzundako lehen hitzak, txikitako gauetan amesten zenituen ipuin eta kondairak, etxean jasotako balio eta lege moralak, liburuetatik ikasiriko ezagutza eta kultura, heriotzaren atarian zure arima arinduko duten otoitzak…. hori guztia eta gehiago da tradizioa.

Herrien eta etnien arima eta oroimena da tradizioa, bere nortasun esentzialaren erroa. Funtsean, tradizio bakoitzaren maila espiritualaren arabera hierarkizatzen dira herriak, eta, hori dela medio, badira goi-mailakoak eta behe-mailakoak direnak.

Zientzia bera, ere, bada, bere jatorrian, indar espiritual handiago baten emaitza. Izan ere, kreatzailearen obra ulertzeko bulkadan datza kanpo zein barne kosmosa esploratu eta ezagutzeko joera intrintsekoa. Hori horrela, ez da harritzekoa zientzialari eta ikertzaile garaikide asko eta asko judutar jatorrikoak izatea, tradizio kabalistikoak euren nortasunean duen indarrak bizirik dirau-eta, herri artan.

Hitz gutxitan, ezagutzaren atzetik doazen herri sortzaile eta esploratzaileak Jainkoaren bila dabiltzan herriak dira, eta, hortaz, fase espiritual garatuago batean aurkitzen dira alderatzen baditugu soilik oinarrizko desio eta beharrak betetzera mugatzen diren komunitate primitiboekin.

Bukatzeko, aipatu beharra dago tradizioak ez duela denbora zentzu linealean ulertzen. Ikuspegi hori garapen teknologikoaren gorespen dezimonikoan sortzen da. Indiarrek, adibidez, garapen eta endekapen ziklo kosmikoen bidez ulertzen dute historia. Orain bertan, Kali-yuga garaian aurkitzen gara, eta bere ezaugarri nagusia dekadentzia espirituala da. Denboran aurrera goazen heinean, ezagutza metafisikoa desagertu eta gizakia aberetu, astotu eta biziatu egingo da, ahalik Vishnuk ustelduriko gizateria guztia suntsituko duen arte, ziklo berriarekin hasteko. Honez gero batek baino gehiagok jakinen du Modernitateak bere barnean dakarrena.

Tradizioa bizitzarekin defenditzen zuten garai bateko euskaldunek

GERRA MODERNITATEARI 

Modernitatea ez da teknologia berria, tekno musika edo arte abangoardista, aitzitik, mendebaldeko pentsamenduak jasandako eraldaketa baten ondorioa da, eta honakoan laburbiltzen da: Bizitza eta kosmosaren “desakralizazioa”.

Aurreko azalpenekin argi geratu da zibilizazio ororen abiapuntua “Jainkoaren bilaketan” datzala, izan ere, aipaturiko erakunde guzti horiek ez dute berezko baliorik, haragoko helbururik gabe. Ikuspuntu profano eta materialista batetik, zer zentzu dute Euskal Herrian horren sutsuki defendatu ditugun erakundeek (Euskara, lurraldetasuna, lege foralak, euskal estatua…)?

Banakako kontzientzia oro da proto-kontzientzia unibertsalaren adierazpen. Eta izaki kontzienteak garenetik dugu helbururik gorenena bezala kontzientzia unibertsal hori, hau da, Jainkoa aurkitu eta beregana itzultzea. Eszeptikoa izanda ere, ezin ukatu bere aberetasunaren kontrako hori dela, hain zuzen ere, gizakia gizaki egiten duena. Uka dezala nahi duenak metafisika oro, baina ezingo du ukatu naturaz gaindi transzenditu eta ideia, kontzeptu eta mundu berriak sortzeko dugun gaitasunean dagoela gizakiaren baliorik nagusia (zer da, bestela, artea?). Hizkuntza unibertsal bezala dugun logika eta matematikak dira, adibidez, gure naturaz gaindiko izaeraren adierazgarri.

Europako tradizio paganoek, indiarrek edo ekialde urruneko herriek jainkotasuna ikusten zuten naturako manifestazio guztietan, eta bizitzaren sakralizazio horren sinbolo ziren numen, izpiritu edo arbasoen totemak. Aldiz, mendebaldeko gizarteak pentsatu zuen Unibertsoa azaldu zitekeela lege matematiko klasikoekin, eta, era berean, gizakia ere lege fisikoek baldintzaturiko makina soil bat zela protestantismoak, absolutismoak, aurrerapen teknologiko eta aurkikuntza zientifikoek eraginda. Gerora, mekanika kuantikoak erakutsi digu kosmosaren misterioa gertuago dagoela tradizioetatik ikuspegi mekaniko horretatik baino.

Giro horretan sortzen da modernitatea, hots, metafisikoa den ororen ukapenean. Eta modernitate materialistaren barrenetik sortzen dira, era berean, mundu garaikidearen gaitzak diren ideia suntsitzaileak: ateismoa, igualitarismoa, kapitalismoa, hedonismoa...

Euskararen egoera da ideia hori ulertzeko modu egoki bat: hizkuntza ez da komunikaziorako tresna arrunt bat: jarauntsitako tradizio bizia da, eta, hori horrela, hizkuntza bakoitzak bere barnean gordetzen ditu bere herriaren oroitzapenik sakonenak, non ezin adierazi daitezkeen beste hizkuntzatan. Horretaz gain, herri horren historiaz mintzo zaigu hizkuntza. Euskararen kasuan, adibidez, “aizkora” eta “aiztoa” hitzek “haitz-” substratua dute, eta datu horrek erakusten diguna da gure arbasoek ez zutela metala ezagutzen tresna horiei izena eman zioten garaietan.

Hebraiera ez bezala, euskaldunok ez dugu inoiz euskara kategoria sakratu batera eregi, eta ikuspegi modernoak funtzionaltasun irizpideen baitan balioztatzen ditu hizkuntzak (lan-harremanetarako, bidaiatzeko, kurrikulumerako…). Bada, euskara ez da hizkuntza baliagarri bat ikuspuntu materialistatik eta horren ondorioz ari da desagertzen pixkanaka. Euskararen amaierarekin etorriko da gure nortasunaren behin betiko haustura, eta euskal tradizioa ahaztua izango da iraganaren iluntasunean.

Euskararen moduan, modernitatearen globalizazioak berandu baino lehen suntsituko ditu giza aniztasunaren aldarri diren hizkuntza, tradizio, kultura, etnia, tribu, arraza, sinismen eta ezagutzak. Zer eskaintzen digu modernitateak, alabaina, ordainetan? Emakumerik eta gizonik, aberrikiderik edo atzerritarrik, zuzenik edo okerrik, ederrik edo itsusirik ezberdindu ezin daitekeen nortasunik gabeko masaren mundu nahastu, amorfo eta uniformatu bat, beti ere, jainko bihurturiko Kapitalaren logika ekonomizistaren menpe; Bangladesh, Nairobi, Zizurkil edo Buenos Airesekoak izanda ere, patroi beragatik ebakitako makina ekoizle/kontsumitzaile nahi gaituzte, etengabe lanean, komunikabide eta publizitateak sorturiko behar eta desioak bete nahirik, Kapitalaren makina elikatuz.

Brutalizaturik nahi gaituzte, biziaturik nahi gaituzte, eta horretarako sekulako produktu-sorta eskaintzen digu merkatuak haurtzarotik: festak, alkohola, hipersexualizazioa, drogak, pornoa, jokoa, futbola, arropa eta bitxi merkeak, telebista, entretenimendu audiobisuala, sare sozialak, bidai merkeak…. eta horrela joango zaizkigu urteak, emozio, plazer eta sentipen hutsalen bila, norabiderik gabe, kontrolik gabeko labirintu batean galduak, mundu hau hersturaz utziko dugularik gure barneko Nian inoiz erreparatu gabe. Hori al da nahi duguna?

Kali yuga Euskal Herrian

Modernitatearen gaitzen aurkako sendabiderik ez dugu aurkituko komunismoa, anarkismoa, feminismoa, liberalismoa edo faxismoa bezalako ideologia modernoetan. Ezinbestekoa da pentsamenduaren eraldaketa erradikal bat. Swani Satyananda Saraswatik dio indiar gizarteak egun duen erronka, bere historiako handiena, bizitzaren sakralizazioari eustea dela, modernitate materialistari aurre eginez. Horixe da, nire aburuz, beharrezko paradigma aldaketa: modernitateak sakratua den oro hil zuen moduan, galdutako sakralitatea berreskuratzean datza maite ditugun gauza horiek berpizteko aukera bakarra, gure kontzientzia eta gure mundu-ikuspegia plano metafisikora jasoz.

Piztu dezagun, bada, gure erraietan gizaldiak beharrezko duen guda espirituala. Egin diezaiogun aurre sistemak gure arimaren truke eskaintzen dizkigun tentazioei. Erreparatu diezaiogun gure barne-esentziari meditazioaren bitartez kanpotik datozkigun etengabeko estimuluen aurrean. Berrikasi ditzagun modernitateak estali dituen Tradizio eta jakinduria ahaztuak. Defenda dezagun, berriz ere, gure arbasoengandik jasotako herentzia eta nortasuna globalizazioaren eskutik datorkigun tabula rasa prefabrikatuaren aurrean.

Bazen, aspaldi, biziki estimatzen dudan pentsalari bat. Jainkoa eta moral kristaua erasotzen igaro zuen bere bizitza osoa, akaso urteetan nozitu zuen oinaze existentziala zela-eta. Aitzitik, zein izan zen bere azken ekintza zoramenean murgildu baino lehen? Gaixo zegoen zaldi batekiko errukitasuna adieraztea. Bukaera benetan kristianoa, alajaina.

Gerra modernitateari

Gerra modernitateari

8 pentsamendu “Gerra modernitateari”-ri buruz

  • txotxolopitecus 2015-09-29 21:40

    Nik nahiago dut midiklorianoengan sinistu.

  • Kapitalaren izenean, hasieran, industrializazio garaian, milaka lagun herrietatik hirietara joan ziren lanera eta herrietatik ihes egitean euren arbasoen “informazioa” (hizkuntza, ohiturak…) galdu zen, adibidez Euskal Herrian ikus dezakegu familia askok euskara galdu zutela hirira joaterakoan. Baita langile gehiago behar zirenez informazio hori partekatzen ez zuten tokietatik hainbat lagun etorri zitzaizkigun (gaur egun ere gertatzen ari dena etorkinekin), horrek informazioa (gurea eta haiena) eraldatu zuen eta azkenik emakume ugari lan egiten hasi ziren familiaren zutabea zabunduz (amatasuna atzeratuz edo errefusatuz).

    Kontsumo makinetan bilakatu gara, dirua irabazi eta behar ez ditugun gauzetan xahutzen aritzen gara, gure sustraiak ahantzi ditugu, jada berdin dio New Yorken, Bilbon. Parisen edo Madrilen bizitzea, biziera bera daukagu, soilik hizkuntza aldatzen da, hala ere, geroz eta hizkuntza ezberdin gehiago entzuten dira gure kaleetan, ziurrenik arabiera edo errumaniera euskara baino gehiago entzuten dela Euskal Herriko zenbait tokitan. Informazio horren igorle den familia geroz eta ahulago dago: Umeak edukitzea putakeria dela eta esne-mamitan bizitzea nahiago duten bikoteak, guraso izatea baino lana lehenetsi, familia tradizionala erasotzen da eta promiskuitate goraipatzen da, etab. Jada badakigu familia ereduak aldatzen ari direla, jaiotzak murrizten ari direla eta hau guztia norberekeriaren izenean.

    • Aztertutako tradizio guztietan argi geratzen da honakoa: Amatasuna da emakumearen duintasunaren mailarik gorenena; emakumea ez da emakume izango bere osotasunean ama ez den bitartean. Baieztapen horrek badu bere funtsa, izan ere, ama baita munduaren ezagutza eta herriaren nortasuna belaunaldi berrietara igortzeko bitarteko naturala, eta zeregin hori baino gauza duinagorik nekez aurki daiteke. Gaurko neskatila feministek, ordea, emakumetasunaren duintasuna bere izaeraren maskulinizazioan eta erantzunkizunik gabeko promiskuitatean kokatzen dute, zuk esan bezala. Eta Bilguneko bozeramaileen itxurak ikustea besterik ez dago hori horrela dela egiaztatzeko. Horrek ez du, nire ustez, ez hanka ez buru

  • Txo, jetsi hadi tigretik, min hartuko duk eta.

  • Denetarik egon behar 2015-09-30 00:52

    Gerra modernitateari, gora posmodernitatea!

  • Beno, ikusten dut ez dagoela guztia galdua blog honetan. Atentzioa deitzen dit infiltratuen eta abertzaleen artikuluen arteko desberdintasuna:

    Infiltratua: testu laburra, kexatia, argudiorik gabe, zentsura eskatzen. Profesionala eta ahula.

    Abertzalea: luzea, luzeegia, obsesiboa, kezka erakusten, argumentatua. Bokazionala eta indartsua.

    Testua idatzi duenari: badakizu ba nola sortzen diren kapitalistak: langile edo ezkertiarrari irakatsiz produkzio engranaje ezpiritubako bat besterik ez dela. Denbora (edo adin) kontua besterik ez da honek pentsatu arte “nik ere zure dirua nahi dut, dirua eta materia besterik ez garenez nik ere gaizkia egingo dut”. Gazte hau dagoeneko kapitalista izango da, gero seme ezkertiar edo progresistak izango ditu, eta hauek berriz ere…

    ‘Hebraiera ez bezala, euskaldunok ez dugu inoiz euskara kategoria sakratu batera eregi, eta ikuspegi modernoak funtzionaltasun irizpideen baitan balioztatzen ditu hizkuntzak (lan-harremanetarako, bidaiatzeko, kurrikulumerako…).’
    Azken 70 urteetan gertatuakoa laburtu duzu 3 lerrotan. Zorionak.

  • ainbezte ergelkeri irakurri oi dira euskal kulturaren munduan, zeren jada ahaztuta neukan nola hizkuntza hontan ere sentsudun gauzak irakurri daitezke.

  • ONA! Ez da batere arrunta artikulo serioak aurkitzea, nahiz ta gehio edo gutxigo gustatu. Azkenaldian modan daude progre panfleto artikuloak, ctrl + c, ctrl+ v eta euskaratu.