Gernika-Lumo: herri kulturaren hiria ote?
Gernika-Lumo: herri kulturaren hiria ote? –
2014-02-07
Gernika-Lumo, bake eta kulturaren hiria. Hau da bisitariek Gernika-Lumora sartzerakoan irakurtzen duten lehen kartela, herriaren sarreran bertan. Arrazoirik ez zaio falta; hala ere, azken urteetako kultura sorkuntza eta bilakaera ikusita, nire ustez, egokiagoa litzateke kartel horretan hurrengo esaldi hau aipatuko balu: Gernika-Lumo, herri kulturaren hiria.
Iritzi hori daukan bakarra ez naizelakoan nago, izan ere, Alvario Hilariok Garan idatzitako artikuluan zera zioen duela urte bete: Gernika, bada kultura egiteko beste era bat. Eta hala da, badago kultura egiteko beste era bat: herritarren parte hartzean eta inplikazioan oinarritutakoa, instituzio eta erakunde ezberdinei itxaron gabe egiten dena, behetik gorakoa…
Horietako eredu bat atzo bertan argitara eman zen LEKUEK Gernikako Musika Astea dugu. Herriko musikazale eta espazio ezberdinek musika arloan eragin nahi izan dute, musikarekin lotutako aste bat antolatuz. Antolatzaileen hitzetan, zaletasunetik abiatutako festibala da, behetik gorakoa, era parte-hartzailean eta elkarlanean landutakoa, irekia eta autentikoa. Hainbat espazio, estilo, egiteko modu batu gura izan ditu festibalak, eta baita lortu ere: hitzaldi, tailer, argazki erakusketa eta topaketez gain, besteak beste, honako talde hauek arituko dira: Sarkor, Bullets of misery, Audience, El_Txef_A, eta Fiakun team talde gernikarrez gain, Gari, Ruper Ordorika, Napoka Iria, Esne Beltza, Atom Rhumba…
Ekimen honetaz gain, herrian bertan badaude kulturarekin eta gizartearekin lotutako beste eredu eta ekimen parte-hartzaile batzuk ere. Hurrengo lerroetan, berauek ezagutuko ditugu:
…
Astra
2005. urtean Gernika-Lumoko Gazte Asanbladak eraikina okupatu zuen, herrian zegoen kultur-azpiegitura gabeziari aurre egiteko. Gauzak horrela, Astra Gernikentzako! ekimena abiatu zuten, hiru eskarirekin: lehena, Astra publikoa izatea; bigarrena, eraikinari erabilera kulturala eta soziala ematea; eta, hirugarrena, bai gazteek, bai gizarte eta kultura eragileek eraikinaren etorkizuna modu parte-hartzailean erabakitzea.
Horrela, sortu zen mugimenduari esker, 2006an eraikina erosi zuen Gernika-Lumoko Udalak, pribatua zen eraikina publiko bihurtuz. Ondoren, Astrarako proiektua erabakitzeko hiru parte hartze prozesu jarri ziren abian: 0 kilometroa, filosofia eta kudeaketa eredua erabakitzeko; 1 kilometroa, eraikinaren beharrizan arkitektonikoak eta diseinua zehazteko; 2 kilometroa, egunerokotasuneko
beharrizanak, kudeaketa, protokoloak eta prozedurak zehazteko; eta, laster, 3 kilometroa ere martxan izango da, orain arteko ibilaldia aztertzeko eta autokritika egiteko helburuarekin.
Prozesuarekin batera Astra Koordinadora sortu zen, Astra Proiektuaren garapenerako pertsona eta talde ezberdinez osaturiko koordinakundea.
Egun, eraikina kultura sorkuntzarako fabrika autogestionatua da, eta beronen kudeaketaz lehen aipatutako Astra Koordinadora herritarra arduratzen da.
Informazio gehiago: www.astragernika.net
…
Iparragirre Rock Elkartea
Iparragirre Musika Elkartea 2002. urte inguruan sortu zen, Gernika-Lumoko egoera kulturala eta entseatzeko lokal gabeziari irteera bat emateko. Hasierako urteetan, parte hartzen zuten musika taldeek lokal bat alokatu, eta bertan entsegu gelak eta eszenatoki xume bat egokitzeko beharrezkoak izan ziren obrak egin zituzten. Horrez gain, hainbat jarduera kultural antolatu izan dituzte, modu autogestionatu eta autofinantziatuan.
Hasiera batean, elkartea talde gutxi batzuek osatzen bazuten ere, pixkanaka, 15 musika talde aktibotan banatutako 80 bazkide inguru izatera heldu ziren (eta handitzen jarraitzen du), beraien aktibitaterako erabiltzen duten lekua txiki gelditzen zaielarik.
Arazo honi konponbide bat eman nahian, Iparragirre Rock Elkartea denek entseatzeko aukera izango luketen toki berri batera aldatu eta lokal berrien eraikitze prozesuaren amaieran daude!
Egoitza berri honetan, rock elkarteko bazkideek musika lokala eta ingurukoa sustatzeko behar bezalako entsegu gela eta sekulako kontzertu aretoa eraiki dutela.
Informazio gehiago: facebook eta twitter kontuetan.
…
Trinkete Antitxokoa
Musika zaletasunetik abiatuta, urratsez urrats Gernikan bazkide egin ziren lagunen ekarpenarekin kulturgune bat sortu zuten: lan artistikoak eta diziplina anitzak ikusteko toki aparta, ez ohikoa eta nortasun berezikoa.
Urte guzti hauetan hainbat kontzertu, antzerki, bertsosaio, erakusketa, hitzaldi eta proiekzioak antolatu izan dituzte. Hortaz, etorkizunari begirako asmoa bide horretan jarraitzea da, beti ere auzolanaren eta auto-antolamenduaren bidetik.
Informazio gehiago: facebook eta twitter kontuetan.
…
Astelehentxutxu eguna eta Txutxu gazte taldea
Azkeen urteotan gazte lokalen fenomenoak arrakasta handia izan du. Hala ere, Gernika-Lumon aspaldi konturatu ziren lonjek ere badutela bere alde iluna: koadrila edo lagun talde bakoitza beraien lokalean sartu eta gainontzekoengandik isolatzeko arriskua, bai euren betiko lagun taldearekin, bai norberaren giroko jendearekin.
Hori dela eta, gazteak elkar komunikatzeko eta ezagutzeko asmoarekin, lehengo Astelehentxutxu eguna antolatu zuten (Jada zortzi bat edizio edo egin dira). Horretarako, batzarrak lonjarik lonja egiten dira, ahalik eta parte hartzerik handiena lortzeko asmoz. Helburua: bai egunean bertan, bai eguna antolatzeko prozesuan, gernikako gazte guztien arteko komunikazioa, harremanak eta elkar-eragina sendotzea.
Aurrerago aipatutako isolamendua apurtzea lortu zuten, hein batean behintzat; izan ere, egun horretara hainbat gazte hurbiltzen da urtero (1300 gutxi gora-behera). Horrez gain, urtean zehar ere hainbat ekintza antolatzen dituzte.
…
Lobak
Gernikako bonbardaketa sufritu zuten pertsonek paper garrantzitsua izan zuten herrian bertan. Beraiek izan ziren benetan gertatutakoaren lekukotasuna bizi izan zutenak. Orain, gehinak nagusiak dira eta lekukotasun horien testigantzak galtzen doaz.
Hortaz, herriko gazteek, bonbardaketa sufritu zutenen lobek, bonbardaketaren gertakari historikoaren trasmisioarekin jarraitu nahi dute, horretarako, sorkuntza eremu ezberdinetan lan egiten dauden gazteak -eta lan egin gura dabenak- elkartuz. Horrela, urte hauetan hainbat ekimen antolatu dituzte, besteak beste: dokumentalak, ikuskizunak, elkarrizketak, arte erakusketak…
Informazio gehiago: www.lobak.info
Artikulu honetan agertutakoak herrian dauden zenbait adibide baino ez dira, beste hainbeste baitaude. Ikus daitekeenez, Gernika-Lumon kulturaren esparruan hainbat iniziatiba, espazio eta ekimen interesgarri antolatzen dira, denak ere bestelako antolakuntzetan eta parte-hartzean oinarrituz.
Aipatutako guztiagatik, argi geratzen da Gernika-Lumo bake eta kulturaren hiria barik, herri kulturaren hiria bezala izendatzea egokiago litzatekeela. Zer deritzozue?