Gauza bat irakurri eta norberak nahi duena ulertu
Gauza bat irakurri eta norberak nahi duena ulertu
Behin baino gehiagotan galdetu izan diot nire buruari zergatik eta zertarako irakurtzen ditugun gero ahaztuko ditugun liburuak. Eta oraindik ez daukat erantzun garbirik. Alabaina ez da hori liburuekin gertatzen den kontu bakarra. Esango nuke, nolabait, liburu bakoitzak bere bizipena uzten dizula erantsita. Horrekin ez dut esan nahi, inola ere, liburua irakurri duzun denboran bizi izan duzuna uzten dizunik gainean, baizik eta liburuak berak ekartzen dizula zerbait zeuretzakoa bakarrik zena.
Horrelako zerbait ari zait gertatzen Witold Gombrowicz idazle poloniar argentinartuaren Ferdydurke eleberriaren irakurketarekin, eta irakurtzen amaitu eta betirako ahaztu baino lehen nahi nuke kontatu, bada ezpada ere.
Hara, nerabe nintzenetik dakit ez naizela hilko liburu hau irakurri gabe. Lehen edo berant, banekien nire eskuetara iritsiko zela. Zergatik? Erraza dago esplikatzen. Gu gazte ginela Hegoameriketako idazle asko eta asko irakurtzen genuen, gehiegi, seguru asko, haien eragina gure lan askotan agertu izan baita gerora Tropela deitu izan den idazle belaunaldiaren lanetan.
Ni ez naiz gai jakiteko Gombrowicz-en lanak zenbateko eragina izan zuen idazle hegoamerikarrengan, baina badakit haietako askok eta askok, baita Espainiako idazle ugarik ere, aipatu izan dutela. Antza, Gombrowitcz Argentinara ihesi joateaz gain, bertakotu egin zen azkenerako eta inguruko idazle eta kultur eragileen arteko egin.
Gauza da azkenean Ferdydurke iritsi dela nire eskuetara, eta ez nolanahi. Lehen orrialdea zabaltzerako, bazekarren bere historia, niretzat proprio josten hasitakoa: Kubako edizio bat jaso dut, Virgilioren irlan bizi den lagun batek bidalia, zeinak Gombrowitcz berak onartutako itzulpena erreproduzitzen duen, akats eta guzti. Ez da ahaztu behar, idazle poloniarrak hitzak eta esaerak asmatu egin zituela, komak, puntuak eta tildeak nahi zuen erara jarri eta abar. Itzultzaileak erotu egin ziren polonierari egindako ekarri horren parekidea gaztelaniarentzat bilatzen, baina kontua da Gombrowicz bera gustura geratu zela itzulpenarekin, diodan lez, akats eta guzti.
Eta hasi naiz halako batean eta Gombrovicz beraren hitzaurreagatik dakit mezua duen eleberrietakoa dela Ferdydurke. Ez da hain zaila ere asmatzen: protagonista heldutasun eza eta heldutasunaren arteko lokatzatan dago sartuta denbora guztian, Gombrowitczen ustez, denok baikara heldu gabeak eta gainean dugun heldutasun eta segurtasun mozorroa itxurakeriaren axala baizik ez baita. Hala ari naiz ni, behintzat, asuntua ulertzen.
Kontua da, ordea, Gombroviczek bere protagonistarentzat idazten duen zatietako batean, distrakzio handia sortu zaidala. Hark pertsona batentzat idatzi zuena 1947. urtean, gaurko Espainiako alderdi politiko batentzat oso egokia dela iruditu zait niri. Inork ez bezala deskribatzen duela nahi gabe alderdi politiko batekin gertatzen ari dena. (Barkatu Iparralde lagunok, baina ez dut itzultzeko astirik hartu):
“!No solo molesta sino peligrosa situación! Porque los maduros a nada tienen tanto asco como a la inmadurez y nada les resulta más odioso. Ellos soportarán fácilmente al espíritu más destructivo a condición de que actúe dentro del marco de la madurez, no les asusta un revolucionario que combate un ideal maduro con otro ideal maduro y que, por ejemplo, destroza a la Monarquía con la República. !Justamente lo ven con agrado cuando funciona bien el sublimado, maduro negocio! Pero si, en alguien huelen la inmadurez, si huelen al jovencito, se echarán sobre él, le picotearán hasta matarlo, cual los cisnes al pato, lo aplastarán con su sarcasmo. Entonces, ¿cómo terminará todo esto?”
Berriro diot Gombroviczek bere pertsonaiarentzat idatzi zuela hau eta nik, harentzat ez ezik, alderdi politiko bati gertatzen ari zaiona deskribatzeko aurkitzen dudala bikaina. Izango da obsesionaturik gabiltzala politikaren kontuekin, edota, seguruago, honez gero gauzak neuk nahi dudan bezala ulertzen ditudala, nolaz eta asto egoskorrak gaua.
Ala, zeuk ere badakizu zertaz dihardudan eta bagara bi?
Podemos-i buruz ari zara, nonbait, Hasier. Baliteke. Ez pentsa, zure oharra gabe, oharkabean igaroko zitzaidakeen, baina pentsatzen hasita …