Gaurtik aurrera zinema aretoetan… estreinaldiak!
Gaurtik aurrera zinema aretoetan… estreinaldiak!
Estreinaldiak: Irailak 15
Egilea: Maialen Goñi
.
Detroit
1967ko udan, Vietnamgo gerra tarteko, AEBetan egonezin politiko eta soziala zabaltzen zen bitartean, Poliziak sarekada bat egin zuen Detroit hiriko Algiers Motelean. Hiru gazte afroamerikar hil zituzten tiroz, eta beste zazpik eta bi neska zurik kolpe bortitzak jaso zituzten. Gertaera horien ondorioz, istilu arrazista gogorrak izan ziren ondorengo egunetan, eta 43 hildako eta kalte material ugari eragin zituzten. AEBen historiako herri altxamendu nagusietako bat izan zen. Bada, Kathryn Bigelow zinegile laudatuak 60ko hamarkadako jazoera hura kontatu du John Boyega, Jack Reynor, Hannah Murray eta dozena bat aktore bikainek osatutako taldea lagun. Filmak harrera beroa izan du.
.
La región salvaje
Amat Escalante zinegile mexikarrak, bere aldetik, drama, fantasia, zientzia fikzioa eta beldurra uztartzen dituen koktela osatu zuen iaz, Veneziako zinema jaialdian zuzendari onenaren garaikurra eskuratzeko balio izan ziona. Filmeko protagonistak Alejandra, Ángel eta Fabián izango dira. Lehen biak senar-emazteak dira, eta Mexikoko herri txiki batean bizi dira, haien bi seme gazteekin. Fabián, aldiz, Alejandraren anaia da; erizaina da, eta sexu harremanak ditu koinatu Ángelekin, nahiz eta lehena oso “matxoa” den lagunen aurrean. Halako batean, Verónica azalduko da. Fabiánek ospitalean artatuko du, eta neskak kontatuko dio, inguruko baso batean, utzitako txabola batean, mundu honetakoa ez den baina arazo guztiei konponbidea emateko gai den zerbait dagoela.
.
Jacques
1946ko udan, Cousteau familia Meditarreneoaren ertzean dagoen etxe batera joango da bizitzera. Leku zoragarria da, baina Jacques ez da zoriontsua; emaztearekin eta semeekin itsasoko izarrak bilatzea ez da nahikoa beretzat, eta abentura zirraragarriak bizi nahiko ditu, ozeanoak zeharkatu eta haietan ezkutatzen diren animaliak ezagutu, garapenaren izenean. Hamar urte geroago, nazioartean ezaguna izango da Jacques orotariko gailu berritzaile eta bereziak sortu dituelako. Baina sekulako gatazkak izango ditu Philippe semearekin, garapenak eta kutsadurak ondorio lazgarriak dituztela erakutsi nahiko baitio hark. Hala ere, elkarren arteko liskarrak alboratu eta Calypso ontzian joango dira bidaian. Jérôme Salle zinegile frantziarraren lan berrienean hartu dute parte Audrey Tautou, Lambert Wilson eta Pierre Niney aktoreek, eta kritikak hiru protagonisten lana goraipatu du.
.
Ali & Nino
Amy lanagatik dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen Asif Kapadia zinegileak bestseller homonimoan oinarritutako Ali & Nino gerra giroko drama aurkeztuko digu. Filmeko protagonistak Azerbaijango Baku hirian bizi diren aristokrata musulmana (Adam Bakri) eta printzesa kristaua (Maria Valverde) dira. Elkarrekin antzinako aurreiritzi eta ezinikusiak gainditu beharko dituzte, eta azkenik, amestutakoa lortuko dutenean, I. Mundu Gerra lehertuko da eta haiek ezagutu eta bizi duten gizartea suntsituko du. Filma Sundanceko jaialdian estreinatu zuten.
.
Fun Mom Dinner (Juerga de mamis)
Toni Collette, Bridget Everett, Katie Aselton eta Molly Shannon aktore estatubatuar ezagunak, aldiz, eguneroko familia-dinamikatik ihesi, elkarrekin afaltzera joango diren lau amaren azaletan sartuko dira. Baina gauak aurrera egin ahala, egoera surrealista eta komikoei aurre egin beharko diete, eta haien artean uste baino antzekoagoak direla ohartuko dira. Elethea Jones zinegilearen lehen film luzea da.
.
Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atarian!