Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari

Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari –

Badira hamar bat urte Hegoaldeko herrietan Gau Beltza izeneko usaia zaharra berpizten eta indartzen hasi zela. Betirako galduta ematen zuena aitzina doala ikustean, denok harritzen gara. Euskaldunok horrelako gauzetarako trebeak eta burugorrak gara, dudarik ez. Hegoaldetik Lapurdira pasatu zen duela bizpahiru urte, Baionara, Itsasura…, iaz Hendaiara eta aurten Urruñara.  Baina zer da Gau Beltza?  Eta nondik dator?

Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari

1.- Uda eta neguaren arteko banaketa

Antzinatean, Europa osoan naturaren zikloekin loturiko sinesmen animistak zabalduta zeudenean, jai erritual ainitz egiten zituzten solstizio eta ekinozioetan, edota ilargiaren aldien ardatz ziren egunetan. Ilargi beteko gauetan ere horrelakoak egiten zituzten. Laborantzak indar handia hartu zuen arbaso zaharren bizimoduan eta uztekin edota ereiteko aroekin loturiko erritoak eta egun bereziak sortu zituzten. Gure mintzairan dugu horren adierazle diren izen ugari: jorraila, loraila, ereinaro, uztaila, garagarrila, garila, iraila, azaroa, hazila, lotazila….. eta abar.

Hasieran urtea bi arotan banatzen zuten: uda eta negua, eta berantago, tarteko bi aro berri sortu zituzten: udaberria eta udazkena. Urriaren bukaera aldean uzten bukaerarekin loturiko bestak ospatzen zituzten. Uztek banatzen zuten antzinako nekazal gizartearen bizimodua, nolabait erraiteko. Uzten aroa amaitzean negua zetorren. Ordura arte indarrean izan zen natura neguko loaldirako prestatzen hasia zen. Eguzkiaren indarra apaltzen ari zen, urteko eguzkia pittaka-pittaka hiltzen ari zen, eta neguburuan, hau da, neguko solstizioan, Eguberri deitzen zuten egunean, sortzekoa zen eguzki berriaren zain zeuden. Bitartean, negu luzean, Ilargiaren indar ezkorrak ziren nagusi.

Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari

2.- Bizitza eta heriotza euskaldunen iruditerian

Europako herri zaharren sinesmenetan bizidun guztien barnean bizi-indar bat zela pentsatzen zuten. Bizi-indar horrek buruan zuen aterpe. Euskaldun zaharrek gogoa deitzen zioten bizi-indar horri. Gorputza hiltzean, gogoa libratzen zen beste bizidun baten barruan sartzeko. Gure gogoak etengabeko ziklo horretan sar zitezen baziren hainbat errito eta ohitura. Erleek laguntzen zituzten gure hildakoen gogoak betiereko gurpil horretan sar zitezen. Argizaiolak ere horretarako pizten zituzten.

Euskaldun zaharrek uste zutenez, ortzadarreko bidea zen hartu beharreko xendra, ama-lurra eta ilargia uztartzen zituena. Urriaren bukaera zen beraz, garairik egokiena, gogoek bide hori har zezaten.  Uzten amaiera aldi horretan, hainbat jai eta usadio ziren, bai Euskal Herrian eta bai Europa zahar osoan. Urriaren bukaerako egun erritualetan familiaren gogoei dei egiten zieten, bide zuzenetik abia zitezen. Bide horretako bazterretan ezkutaturik ziren indar ezkorrak uxatzeko ere, hainbat errito egiten zuten.

Izpiritu gaiztoengandik babesteko mozorro eta arropa zaharrez janzten ziren, horrela jantzirik, izpiritu txar baten itxura harturik, ezagutuko ez zituztelakoan eta min eginen ez zietelakoan.

Erromatarrek Europa konkistatu zutelarik, ohitura eta errito zahar horiek ezagutu eta bereganatu zituzten. Horrela urriaren bukaerako eta azaroaren hasierako egunetan uzta jaiak ospatzen hasi ziren. Inperioko erlijio berria, hau da, kristau erlijioa Europa osora zabaldu zutenean, jai pagano zaharrak bereganatu eta birmoldatu zituzten. Eguzkiaren sortze eguna zen Eguberri Jesus Haurraren sortze eguna izatera pasatu zen. Udaburua Jondoni Joanerekin lotu zuten, udaberriko ekinozioa Garizumarekin eta udazkenekoa San Migelen inguruko jaiarekin. Uzten bukaera ospatzen zituzten egunak desagertu ziren, eta haien ordez, Domu Saindua eta Hilen Eguna ezarri zituzten.

Domu Sainduaren bezperan, hau da, urriaren azken gauean, Izpiritu edo gogoen gaua ospatzen zen Europan. Zeltek ere erritual eta jai handiak egiten zituzten gau horretan. Britainiar Uharteetan tradizio handia zen gau honen inguruan, eta irlandarrek eta eskoziarrek eraman zuten Halloween izeneko besta Ipar Amerikara. Eta hortik orain, janzkera kontsumista eta materialista onartezinaz jantzirik, itzuli zaigu Euskal Herrira. Izatez eta itxuraz ez du zer ikusirik gurean XX. mendera arte ospatu izan dugunarekin. Zeren eta, giristinoek eraberriturik zabaldu zutenez geroztik, Euskal Herriko luze-zabalean Arimen edo Animen Gaua ospatu baitugu urriaren 31ren inguruan. Oraindik badira gure geografia osoan, gazteak zirelarik,  besta horretan parte hartu zutenak eta egiten zutenaren berri ematen digutenak. Are eta gehiago, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan, azken urte hauetan Arimen Gaua berpizteko ahaleginetan ari dira, baina euskal usadio zaharrari jarraituz.

Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari

3.-  Ikerketak eta gogoetak

Oier Araolaza dantzari eta antropologoak sekulako lana egin du Arimen Gaueko oihartzunak eta lekukotasunak biltzen. Berari esker, jakin badakigu mozorro eta arropa zaharrez janzteaz gain, arbiak eta kuiak ezartzen zituztela bide bazterretan. Arbi eta kuia horiek hustu ondoren, begiak eta ahoa irudikatzen zituzten zuloak egiten zizkieten, eta barruan piztutako kandelak jartzen zituzten. Gazteak biltzen ziren eta jan-edanean ibiltzen ziren, mozkortu arte. Gehienetan gaztaina erreak jaten zituzten. Etxez etxe eta baserriz baserri kantuz eta eskean ibiltzeko ohitura zen.

Gaur egun, deus gutti gelditzen zaigu uzten bukaerarekin loturiko besta horietatik. Urriaren 28an, San Ximun eta San Juda izeneko eguna oroitzen dugu urtero, horixe baita giristinoek egun honi ipini zioten izena.

Nire ustez, aitzinateko jai haiekin loturik egon daiteke etatradizio zaharrak dioenez, hortxe bukatzen zen uda eta negua hasten. Tradizio zahar horretatik abiaturik, Gabriel Arestik olerki bat idatzi zuen, gero Xabier Letek musikatu eta zabaldu zuena, eta gaur gure artean oso zabaldua dena. Kantuak udaren bukaeraren eta neguaren etorreraren berri ematen digu. Ikus dezagun

San Ximun eta San Juda,
joan zen uda eta negua heldu da.                              

Halloween izeneko jai amerikarra zabaltzen ari zaigu gaurko euskal gizarte materialista-kontsumista honetan. Zein txotxoloak garen! Guk  badugu gure jaia, Gau Beltza edo Arimen Gaua deitu izan duguna, beti urriaren 31ren inguruan ospatzen zena, eta gaur egun, Euskal Herriko herri askotan berpizten ari dena.

Ene irudikoz, Gau Beltza Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian galdu zen 1936ko gerlarekin batera. Gerla galdu genuelarik, gauza ainitz galdu genituen, eta zenbait errito isildu edo galdu egin ziren, hau horietako bat izan zelarik. Nafarroako Pirinio aldeko ibarretan, Nafarroako iparraldean eta Iruñerrian, iduriz, hirurogeiko hamarkadaren azken urteetan galdu zen, horregatik badira oraindik kantu zatiak eta errito zahar batzuk oroitzen dituzten adineko herritarrak. Iparraldean, galera lehenago gertatu zela uste dut, XIX. mendeko bukaeran aski galdua zen, baina Lehen Mundu Gerlarekin azken arrastoak eta oroitzapenak galdu zirela erran dezakegu.

Gaur, berriz, beste zenbait usaia zaharrekin gertatu den bezala, hau ere berpizte aro batean sarturik dagoela erran daiteke. Hegoaldean hainbat herritan piztua da, eta Iparraldean jadanik, Baionan, Itsasun eta Hendaian, arrakasta handiz, egiten dute azken urte hauetan,  aurten, lehen aldiz, Urruñan.

 

4.- Urruñako Gau Beltza

Urruña dugu Lapurdin Gau Beltza antolatzeari ekin dion laugarren herria, Baiona, Itsasu eta Hendaiaren ondotik. 2014an urruñarrek Kabalkada-Zintzarrotsa jokatu zuten arrakasta handiz, eta 2017an eta 2019an karrikaldi mitologikoa antolatu eta jokatu zuten herriko karriketan barna. Beraz, erran daiteke, urruñarrek badutela usaia elkarrekin gauzak antolatzeko. Aurten, Berttoli elkarteak Gau Beltza antolatzeko proposamena plazaratu du eta lauzpabost elkarte (Airoski dantza taldea, Hazia euskal kultur elkartea, gazte taldeak…, herriko etxearen laguntzaz) proiektuari lotu zaizkio. Oihana Zanponi aditua eskolaz eskola ibili da bestaren zehazkizunak azaltzen eta irakasle zein ikasleak animatzen, herritarrak kuiak husten eta kandelaz hornitzen, urruñarrei besta berriaren nondik norakoak azaltzen, afixak eta esku-orriak egiten eta zabaltzen, eta abar. Eta hori dena euskara hutsez, euskara baita besta honen ezinbesteko osagaia.

Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari
2023ko Gau Beltzaren aurkezpena

Urriaren 31n, pilota plazan elkartu ziren parte hartu nahi zuten guztiak eta tailerrak eskaini zizkieten herriko haur eta gazteei: mozorro egitea, krakada, ipuin kontaketa, makillajea, kriseiluak, kuiak… Jadanik giro polita zen, zetorrenaren aitzindari.

Arratseko zazpietan, ttanko, Berttolitik  karrikaldia abiatu zen herriko plaza aldera. Herritarrak bazter guztietan zeuden hango mozorroz eta musikaz gozatu nahian. Elkarte, ikastola eta eskola bakoitza bere egoitzatik abiatu zen, eta herriko karriketan ibili ondoren, herriko plazan elkartu ziren denak.

Han izan ziren dantzak eta kantuak; aipa dezagun Xerar Urrutiak “San Ximun eta San Juda” kantuaren doinua baliatuz egin kantu ederra, jadanik, Urruñan Gau Beltzaren martxa bilakatu dena.  Horra:

 

Euskaldunek ziotena,

bizi-indarra,

bidaiatzen da zeru aldera.

 

Ohitura zaharrak, sinesmen zaharrak

geureak, betikoak,

arbasoek bai eskainiak.

Ez gira sorginak, ez gira ez, mamuak,

zuziekin gaude, argitzen gau iluna,

uda bukatzen da,

Gau Beltza agertzen da. (2 aldiz)

 

Ortzadarreko bidea,

ama-lurra da

ilargiarekin lotzen dena.

 

Ohitura zaharrak, sinesmen zaharrak

geureak, betikoak,

arbasoek bai eskainiak.

Ez gira sorginak, ez gira ez, mamuak,

zuziekin gaude, argitzen gau iluna,

uda bukatzen da,

Gau Beltza agertzen da. (2 aldiz)

Txar guztiak bota zituzten. Horren ondotik, mutxikoak eta fandangoak izan ziren su-metaren inguruan, eta bukatzeko momorroz jantzi parte-hartzaileek kuia zopa banatu zuten hurbildu ziren guztien artean. Besta ederra, zinez, heldu diren urteetan errepikatzeko modukoa. Ene idurikoz, jadanik, Gau Beltzak ildo polita urratu du Urruñan, eta urruñarrek jarraipena emanen diotelakoan nago.

Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari Gau Beltza Lapurdin hedatzen ari

Euskaltzalea eta irakasle-ohia