Gasteizko bi artista

Gasteizko bi artista –

Gasteizko belaunaldi bereko bi artistari buruz hitz egin nahi dizuet, aitzakia: bien lanen erakusketak daudela bata Artiumen (Juncal Ballestín) eta bestea Zuloa liburudendaren erakusketa gelan, Zas kultura elkartearen bidez (César San Millán).

Gasteizko bi artista

Juncal Ballestín duela 6 urte hil zen gazterik. Mota guztietako artelanak egiten zituen: margoak, marrazkiak, instalazioak… Serietan aurkeztuak eta askotan zoriz topatutako materialekin eginak eta sorkuntza prozesuei garrantzia emanez. Adituek diote, errealitatea begiratzen zuela erreflexiotik eta gauzak diren moduan azaltzeko nahia zuela. Bere ustez, azalpen gutxi eman behar ziren, ikusleak askatasunez egin zezan bere lanen ulermena.

Hainbat bildumetan daude bere lanak (Artium Museoa, Gasteizko Udala, Vital Fundazioa, Arabako Arkeologia museoa Bibat, etab.) eta erakusketa interesgarriak egin zituen Gasteizko Eder Arten (1978), Araba Gelan (1980), Amarica gelan (1993), Trayecto Galerían (1998, 2005 y 2008) eta Montehermoso Kulturunean (2008) eta 2021ean bere lana ulertzeko erakusketa osatu dute Artiumen.

César San Millán argazkilaria da. Mota guztietako argazkiak egiten ditu, baina eraikinez eta arkitekturaz egiten dituen argazki oso pertsonalek, arkitektu ezagunentzat lan egitera eraman dute. Hala ere, gizon apala da, beti sortzen eta artista moduan pentsatzen: zurekin hizketan dagoenean, zure eskuek egiten dituzten keinuei begira, zure izaera ulertu asmoz. Bere argazkiak beti doaz argazkian ateratako objektu edo eraikina baino haratagoko esanahiaren bila eta berak ikusten duena transmititzen saiatzen da. Amarica gelan (2011) eta Montehermoso Kulturunean (2015) egindako erakusketez gain, 2021ean Zuloa liburudendaren erakusketa aretoan “Sorat” tarotari buruzko erakusketa sortu du Zas Kulturren laguntzarekin eta crowdfundingaren bidez: hainbat objektu arrunt anitzen hondakinen irudiekin, irudi guztiz sinbolikoak sortu ditu.

Gure Gasteiz honetan, artista ugari daude sortzen egunero. Gure kultura aberasten dute eta gure egunerokotasuna hobea egiten dute. Bi hauek adibide bi baino ez dira. Ez ditzagun baztertuta utzi. Kultura ezinbestekoa zaigu.

Gasteizko bi artista