Iraultzak eta egoera iraultzaileak

Iraultzak eta egoera iraultzaileak –

Euskarazko Wikipediak dioenez, iraultza aldaketa sozial fundamental bat da, botere edo estrukturari dagokionez, zeinak denbora tarte luze ala labur bat har dezakeen. Iraultzei buruz hitz egitean baina, beti dugu buruan iraultzetan iraultzena, iraultzen erregina, alegia: Frantziako Iraultza.

Iraultzak eta egoera iraultzaileak

Frantziako Iraultzatik asko dago ikasteko, eta iraultzei buruz ere. Izan ere, iraultzak egoera iraultzailerik gabe ezin ditugu ulertu, eta beraz, objektu historiko bezala, ikerketarako informazio interesgarriagoa eskaintzen digute. Baina institutu batera praktikak egitera joan naiz, eta oraindik Frantziako Iraultza nik ikasi nuen bezala ematen dela konturatu naiz.

Kontestuan jartzeko, Antzinako Erregimenaren bukaeran ematen diren iraultza eta matxinadak aro baten bukaeraren eta egun dugun mundu modernoaren sorreratzat hartzen dira. Akademikoek The Age of Revolution deituriko garaia litzateke, aurreko sistema irauli eta demokraziari bidea ireki zioten iraultzen prozesuak. Baina hau horrela ote?

Gaian adituak diren eta ikuspegi berriak eskaintzen dituzten autoreak eta lanak baliatuz, labur-labur honako hau ondorioztatu daiteke.

Iraultzaren azterketa, eta batik bat Amerikako Estatu Batuen (AEB) eta Frantziako Iraultzen historia modu nazional, isolatu, aparteko eta aitzindari baten baitan eraiki da, epe motzekoa eta barne kausalitateek eraginda. Hala egin dugu denok, bigarren ebaluaketako azterketaren galdera nagusia ikusi eta soilik Frantziako gertakariekin betetzen genuenean irakasleak ematen zuen orria.

Iraultzak ordea, egoera iraultzaile baten ondorio zuzena dira, eta egoera horiek uste baina ohikoagoak dira. Lenin, Trotsky eta bestelako lider sobietarrek egoera horiei buruz asko hausnartu zuten, nola sortu zitezkeen eta batez ere, nola eragin zitezkeen jakiteko.

Adibidez, krisi garai batek nahigabe orokortua sortzen duenean, egoera iraultzaile batean sartzen gara, baina iraultzak egoera horren baitan sortzen diren kasualitate askoren ondorio dira. Frantziako txaleko horien matxinadek egoera iraultzaile bat sorrarazi zuten eta 200 urte atzera eman zen Frantziako Iraultzarik ez zen jazo. Zergatik? Ezin dugu jakin, egoera iraultzaile batzuek iraultzan bukatuko duten jakitea ezinezkoa baita.

Iraultzak eta egoera iraultzaileakBaina gehien amorratzen nauen mitoetako bat iraultzen zentralizazioa eta isolamendua lirateke. XIX. mendeko Parisko kaleetako miseria azaltzen da herriaren nahigabea justifikatzeko. Egoera iraultzaileak ordea, ez dira metropoliaren zentroan ematen, periferian gertatzen dira. Lehengo Globalizazioaren testuingurua kontutan izanik, inperioen proiekzioa mundiala den garaian, Haitiko beltzen matxinadak Frantziako erregearen kontra, Parisko intelektualetan izan zuen oihartzuna aintzat hartu behar da. Iraultza liberalak, Aro Modernoan etengabe ematen diren liskar sozialen puntu gorenak lirateke eta XVI. mendeko erlijio gerrekin hasi ziren. Periferiek zentroarekiko etengabeko erresistentzia ezartzen dute, eta horrenbestez, zentro periferia menperatu hauen arteko akordioak haustean liskarrak sortzen dira.

Horregatik, iraultzen jatorri eta kausak deszentralizatu, eta analisia periferiako dinamikak eta hauek zentroan duten eraginak diskurtso historikora erdiratu behar dira. Iraultza paradigmatiko hauen jatorria eta eragileak barnean daudela irakasten dugunean, errealitate historiko partziala eskaintzen ari gara, eta aitzitik, prozesuok faktore askoren konbergentzia direla birplanteatu beharko genuke.

Estatu Batuen eta Frantziaren identitate nazionala sustengatu duten prozesu hauen apartekotasuna zalantzan jartzen dituen dinamikak eskaini behar dizkiegu ikasleei. “Mito fundazional” hauetatik haratago historiografia etnozentrikoa behin betiko uzteko prozesu horretan urrats bat egite aldera.

Azpimarragarria da unibertsitate eta akademia munduan hain errotuak dauden ideia hauek “gaindituta” egonik, derrigorrezko hezkuntzan eta batxilergoan aldaketarik eragin ez izana. Hots, zer dela eta egiten da hain zaila institutuetako ikuspegi etnozentriko eta androzentrikoa aldatzea?

Oraindik ere, iraultza liberalak iraultza demokratiko gisa aurkezten dizkiegu gazteei, askatasun unibertsalen sorrera gisa, horrek dakarren distortsioa eta ezkutatzen duen gezurra kontutan hartu gabe. Iraultza hauen ondorioetatik abiatuta sortzen diren egitura politiko-ideologiko horietan ideal demokratikoak txertatzea, demokrazia kontzeptua bera XIX. mendean testuinguratu gabe, historiari eta errealitate sozialari iruzur egitea da. Gogoratu besterik ez dugu egin behar, emakumeek esklabuen komunitateek ia mende bat beranduago parte hartu zutela “demokrazian”.

Beraz, eta bukatzeko, iruzkin honekin historiaren garai esanguratsu honen inguruan ematen ari diren ikuspegi berrien sintesi hauxe litzateke: Iraultzen Aroa fenomeno konplexu, zabal, interkonektatu, periferiko eta globala da.

ITURRIAK:

David Armitage eta Sanjay Subrahmanyam (2009). The Age of Revolution in Global Context, c. 1760-1840, Londres: Macmillan International Higher Education.

Pierre Serna (2012). Toute révolution est guerre d´indépendence, in Jean-Luc Chappey, Bernard Gaignot, Guillaume Mazeau, Frédéric Régent eta Pierre Serna, Pour quoi faire la Révolution.

José M. Portillo (2012). La crisis imperial de la Monarquía Española, Historia y espacio, vol. 8  (39), 160-167orr.

Iraultzak eta egoera iraultzaileak
Iraultzak eta egoera iraultzaileak
Iraultzak eta egoera iraultzaileak