Gamere-Zihigako Ligetx pastorala
Gamere-Zihigako Ligetx pastorala –
Aurten, Xiberoan, Gamere-Zihiga herriak prestatu duen “Ligetx koblakaria(k)” pastorala izan dugu ikusgarri eta gozagarri uztailaren 28an, igandearekin, eta agorrilaren 3an, larunbatarekin, eta bi-biak jendez mukuru izan dira, bero sapa ororen gainetik. 2007an jokatu zuten Junes Casenave-Harigile apez euskaltzale handiak idatzi “Eñaut Elizagari” pastorala eta geroztik, 2013an, maskarada airosak eskaini zituzten Xiberoko herrietan barna. Aurten pastoral berria jokatzeko tenorea iritsi zaie.
Goiz-goizean, adiskideekin batera, Urruñako etxetik ilki eta Gamerera abiatu ginen. Iritsi ginenerako, Jeannot Etxeto apeza herriko plazan mezarako azken antolamenduak prestatzen ari zen. Berehala, bete ziren hango jarlekuak, eta inguruko bazterretan jendea zutik pausatu zen. Apez jaunak meza bukaeran argitu zuenez, bezperan, Jainkoari eskatu omen zion goiz goxoa izatea herritarrek mezan sufritu ez zezaten, eta arratsaldean eguzkia, pastoral ederraz goza zezaten. Eta, aitortu behar dizuet, Jainkoak apezaren eskaera kontuan hartu zuela , goizean, meza garaian, giro goxo eta apala egin baitzuen, baina pastoralerako, hango mendietatik ateratako eguzkiak indarrez berotu baitzituen Gamereko bazterrak. Gehiegi, ene irudikoz, arratsaldean tenperatura 34 gradura igo baitzen.
1.- Ligetx anai-arreba koblakarien nondik norakoak
Luis Ligetx Larraineko Ligetxenean sortu zen 1901. urtean. Haren etxea Ligi eta Larraine herrien artean kokaturik dago, Bostmendietaren mazela batean. Gazte zelarik, lehen gerla handia zela eta, Pierra anaia gehiena soldadu eraman zuten eta han hil zuten. Horren testigantzak bere bertso edo koblatan eman zituen. Gerora, Zihigako Baratzabal etxalteko Mariana Arhantzet alabarekin ezkondu eta orduz geroztik, bertan bizi izan zen laborari gisa. Bi seme-alaba izan zituzten: Margarita eta Sengrat.
Ligetxeneko Luis eta Madalena anai-arrebak koblazale eta koblakari izan ziren gazte-gaztetik eta horrela jarraitu zuten heriotzak eraman zituen arte. Zorigaitzez, Madalenaren bertsoak ez dira gureganaino iritsi, inork ez baitzituen jaso eta idatzi. Luis Ligetxen bertsoetatik, berriz, hamar bat bertso-sail iritsi zaizkigu. Horietako ezagutuenak, zalantzarik gabe, Boneta eta txapela, Oihan beltzean eta Espos-esposen kantorea izenekoak. Iruri herri auzoan, bera baino gazteagoa zen Pierre Bordazarre Etxahun-Irurirekin maiz aritzen zen bertsotan, gehien bat, merkatu egunetan, eta iduriz, bera baino hemeretzi urte gazteagoa zen Xalbadorrekin ere, bertsotan ari izan zen. Mixel Irigarai Harbüztan Ohitx Aloze-Zibozeko ostaler koblakariarekin ere, maiz aritzen omen zen koblatan.
Zoritxarrez, 1940an, hogeita hemeretzi urte zituela zendu zen Luis Ligetx, eritasun baten ondorioz. Madalena arrebak, han-hemenka, familia eta lagun giroan, bertsotan jarraitu bazuen ere, anaiaren heriotzak izugarri kolpatu zuen eta badirudi orduz geroztik, garai bateko zaletasun gartsua galdu zuela. Hala eta guztiz ere, gure emakume bertsolarien historian oso kontuan hartzekoa da. Gure miresmena Ligetx anai-arrebei!
2.- Ligetx pastoralaren pasarte eta istorio zenbait
Pastoral eder eta aberatsa, zinez, Beñat Larrorik idatzirik, eta Gamere-Zihigako herritarrek emanik gozatu duguna. Ikus ditzagun pasarte zenbait.
Lehen perediküak Luis Ligetxen gazte garaira garamatza, hau da, lehen gerla handiaren denbora hitsera. Bigarren bertsetan honela erraiten digu: “Hogeigerren mente hatsarrean / gerla handi bat partitü. / Ondorio gaitzak dira, / jente xümeer partekatü.” Halaber, hamargarren bertsetan, Madalena arrebarekin zuen lotura estua dakarkigu gogora: “Madalena hala egon / bere anaiaren itzalean, / plaza-emazterik ez beitzen, / plaza-gizon izan dadin.”
Lehen kantorea, Gerla ondoko ametsa izenekoa da, Ligetxek egina eta Jean Louis Bidabe Aranburuk musikatua. Hirugarren bertsoan, 1914ko Gerlan hildako Pierra anaia aipatzen du sentimendu handiz: “Pena egiten deitak bihotzarn erdian, / kürütxe beltz horietaz mintzo hizanean. / Anaie bat badiat haietarik batean, / plazer badük lili bat eraman ützültzean, / nahi haüt ontsa hazi aurtengo negüan.”
Basabürü eta Pettarra bertso-sail ederrean, Basabürüko Larraine herritik Pettarreko Gamere-Zihiga herrira, ezkondu eta bizitzera joan zenekoa kontatzen digu. Hona lehen bertsoa: “Orhin sortü txoriak Orhi dü maitatzen, / zonbat nahi hürrüntik, harat dü kausitzen. / Ni bortü txoria niz, Pettarrean bizitzen, / sorleküa ez beitzait gogotik jelkitzen.”
Hamahirugarren jelkaldiaren ondotik, artzainak, artaldea, zakurra eta astoa sartu ziren agertokira, pastoral guztietan ohikoa den bezala, eta hantxe abestu zuten artzainen kantorea. Hitzak Ligetxenak dira. Ikus dezagün errepika: “Bostmendi, Orhi, Phixta, haiekin Holtzarte / Larraine zabalean hain eder dirade! / San Jüsef haien erdian denek begiralea, / olatiarrak eginez beti eüskalzale.” Kantua bukatu ondoren, artzainek ohiko taloak jaurti zituzten publikoz betetako harmailetara.
Hamabosgarren jelkaldian, Zalgizeko bestetan, Etxahun-Irurirekin batera lehen aldiz bertsotan bertsotan aritu zenekoa kontatzen zaigu. 137. bertsetan Etxahun-Irurik honela erraiten dio Ligetxi. “Ohore bat enetako / hoberenarekin ikastera, / hire manaspenean nükek / alde hortarik ez düda”. Eta 138. bertsetan Ligetxek honela erantzuten dio: Lagün hon izanen gütük / hirekin beiniz laketürik. / Hire mihia ez dükek / sekülan ere lanpüstürik” Hura izan omen zen bi koblakarien arteko adiskidetasunaren hastapena.
Hamaseigarren jelkaldian Luis Ligetxen heriotza goiztiarra kontatzen zaigu. 141. bertseta: “Indarrik ez düt haboro / heltü da ene tenorea. / Anai gehienarengana / atzamanen düt bakea”. Azken kantorean, 178. bertsetan, Ligetxek Xiberoko bertsogintzan izan zuen garrantzia aipatzen digute: “Ezagütü düenek erranik / Ligetx zela jokü hortan / Xiberoan beno haboro / bürüzagi Eüskal Herrian.”
3.- Ligetx pastoralari buruzko gogoetak eta iritzia
Arestian erran bezala, Gamere-Zihigako pastoralaren süjeta edo protagonista Luis eta Madalena Ligetx anai-arreba koblakariak izan dira, eta Beñat Larrori kantari, koblakari, eta Xiberoko Botzan albiste-emaile denak idatzi du. Berak aditzera eman duenez, kobidaren garaian idazten hasi omen zen. Pastorala lehen perediküaz, hogei jelkaldiz, hamabi kantorez (kantuz)—artzanen kantorea tartean–, bi güdükaz, 185 bertsetez eta azken pederiküaz osatua da. Horretaz guztiaz gain, satanak hiru aldiz ateratzen dira oholtzara dantzatzera eta euren mezu zirikatzaileak hedatzera.
Pastoral hau molde klasikoen barnean antolatua eta jokatua izan da. Azken aldietan Xiberoko pastoraletan agertu ez den deabrüa berreskuratu dute, eta satanen pozoizko mezuekin batera, etengabean, dantza gaiztoan aritu izan da, arau zaharrei jarraituz. Aipatu irudi hau, ate gorriaren gainean edo alde batean kokatzen da.
Marie Urruti da Madalena Ligetxen papera jokatu duena eta Ximun Hegiaphal Luis Ligetxena egin duena. Xantiana Etxebest izan da errejenta, lehen aldiz, eta biziki ongi aritu dela esan beharra dago. Plazer handia izan da, berriz, errejenta eta bere bandera jokoa kanpoan ikusi ahal izatea.
Ateak ohiko kolorekoak izan dira: eskuinean infernuko gorria, erdian paradisuko zuria, eta ezkerrean zeruko urdina. Azken kolore hau ez da beti agertzen Xiberoko pastoraletan, hiru kolore horiek frantses banderaren itxura hartzen baitute; horregatik zenbait pastoraletan ate berdea ezarri dute horren ordez. Aurtengo pastoralean ate urdina zen, baina urdin ilun-iluna, abantzu beltza zena. Beraz, aipatu banderaren antzik ez.
Pastoral klasikoa izan arren, zenbait berrikuntza izan direla aipatu behar da. Aipa ditzadan satanen kapeluetan ziren behi adar handiak eta arizaleen urratsetan, tarteka egiten zuten gibel-urrats modukoa.
Oholtza da azken urte hauetan bezala, lur apalean, jarraitu duena, hau da, kobida etorriz geroztik, lur mailan egiten dena. Ez da garai bateko zola handia egiten, eta hori ez egitean, bertan gaiztoenak amiltzeko edota ardien gorotzak jaurtitzeko zegoen zuloa edo borta ttipi modukoa desagertu da, eta horrelako jokoak harekin batera desagertu dira. Ene ustez, zola garai hori kentzean pastoralak, hurbiltasuna atzeman badu ere, ikusgarritasuna galdu du. Zalantzarik gabe, horrela egiteak nik ez dakizkidan beste abantailak izanen ditu, prefosta!
Nik, lehen erran bezala, lehen emanaldia ikusi nuen, hau da, uztailaren 28an jokatu zutena. Bukaeran ohiko antxerak izan ziren, eta Barkoxe eta Atharratzerekin gogor lehiatu izan bazen ere, azkenean, Urdiñarbek irabazi zituen, diru kopuru handiena eskainiz. Horren ondotik, pastoral ikustera joandako urdiñarbetarrak oholtzara hurbildu eta ohiko moneinak eta aintzina-pika dantzatu zituzten uros eta alai. Barkoxe izanen da heldu den urtean, pastorala jokatu duen herria.
Pastoral-egilearen lana bikaina, euskara garbiaz eta aberatsaz idatzia, errejentaren jarduera fina eta zuzena, arizaleak izugarri onak, janzkerak ere biziki ederrak eta pertsonaiei ontsa egokituak, satanak eta gainerako dantzariak biziki onak, kantariak ezin hobeak…, hau da, pastoral eder, uros eta bikaina aurten Xiberoan jokatu dutena. Bertara hurbildutakoek bihotzez maitatu zuten, eta 34 graduraino iritsi zen eguzki indartsu baten azpian, interes handiaz jarraitu zuten, txalotzen, animatzen edota tarteko zitalkeriak indarrez arbuiatzen. Bero sapa ikaragarri handia zela eta, eguzki kolpeaz, hogeita hamar pertsona inguru artatu behar izan zituzten osasun zerbitzukoek.
Buka dezadan kronika moduko hau, Gamere eta Zihigako biztanleak zoriontzen, berriro ere, jakin izan dutelako pastoral ederra jokatzen. Gaurko arrakastak biharko pastoral berria ekarriko duelakoan nago. Biba zuek eta beti aitzina!