Gabriela Mistral, euskal odoleko olerkari txiletarra
Gabriela Mistral, euskal odoleko olerkari txiletarra –
Ainitz izan ziren, etorkizun hobe baten bila, Ameriketara joan zirenak, eta ainitz dira euskal diaspora amerikarra osatzen dutenak. Horietako bat izan zen Gabriela Mistral, amaren aldetik euskal odola zuen Txileko olerkari handia.
1889ko apirilaren 7an sortu zen Txileko Vicuña izeneko herrian, eta egiazko izena Lucila Godoy Alkaiaga zuen. Aita Jeronimo Godoy zuen, nekazal arloko herrietako maisu. Haren lana zela eta, egun askotako irtenaldiak egiten zituen. Lucilak hiru urte zituela, joan zen betiko. Ama euskal jatorriko Petronila Alkaiaga zuen, Euskal Herritik Ameriketara joandako gipuzkoarren ondorengo zena. Aitaren faltan, maistra lanetan zebilen Amelina ahizpak atera zuen, bere soldataz, familia osoa aurrera. Berak piztu zuen Lucilaren bihotzean literatura eta irakaskuntzarekiko miresmena.
1904. urtean hasi zen hainbat egunkari eta aldizkaritan kutsu erromantiko handiko kolaborazioak plazaratzen. Horretaz gain, maistren laguntzaile gisa aritu zen luzaz, maistra egin zen arte. 1906an, La cantera herrixkako eskolan maistra zela, euskal jatorriko Romeo Ureta izeneko mutila ezagutu zuen. Bere amodio handia izan zen, eta zenbait olerkitan hari eskainitako gogoetak ikus daitezke. Tamalez, mutil honek bere buruaz beste egin zuen hiru urte berantago, hau da, 1909an.
Urte berean, eta Uretaren heriotza tragikotik urrundu nahian, Santiago ondoko Barrancas izeneko herrira joan zen, eta hor aritu zen bigarren hezkuntzako irakasle lanetan. Geroxeago, Txileko iparraldean den Antofagasta herriko lizeoan irakasle aritu zen. Hori izan zen bizitzan hartu zuen aro berri baten hastapena. 1910ean olerkiak plazaratzen hasi zen Txileko egunkari handietan. Berehala ospe handia erdietsi zuen. 1914an Santiagoko Lore Jokoetan lehen saria eskuratu zuen eta hortik aitzina hasi zen Gabriela Mistral ezizenaz izenpetzen.
Hezkuntzako ministroa zen euskal jatorriko Pedro Agirre adiskide handia zuen eta horren bitartez, Txileko hegoaldean den Punta Arenas-eko lizeoan irakasle eta zuzendari izendatu zuten 1918. urtean. Hurrengo urtean, Temuco-ko lizeora bidali zuten zuzendari gisa. 1922an Mexikoko gobernuak deitu zuen bertako irakaskuntzaren antolaketan lagun zezan. 1922an lehen olerki liburua argitaratu zuen, Desolación izenekoa. 1923an Estatu Batuetara bidaiatu zuen eta hortik Europara, Italiara, Suitzara, Frantziara, Espainiara… Bidaia luze hori egiten zuen bitartean, kolaborazioak bidaltzen zituen Ameriketako eta Europako hainbat egunkari eta aldizkaritara.
Txilera itzuli zenerako ospe handiko olerkaritzat onartua zen mundu osoan. Estatuak goi mailako irakasletzat hartu zuen. 1926an Gabriela, Txileko kontsul bihurturik, Europara itzuli zen, Nazio Batuen Erakundean hainbat lan eginez. 1935ean, Txileko Alessandri lehendakariaren gobernuak hil bitarteko kontsul izendatu zuen. 1945ean, Literatura Nobel Saria eskuratu zuen eta bost urte beranduago, hau da, 1951n, Txileko Literatura Sari Nazionala eman zioten. 1957an, minbiziak beste mundura eraman zuen. Gaur, Coquimbo eskualdeko Montegrande herrian ehortzia da.
Bizitzan zehar hamar bat olerki liburu plazaratu zituen: Sonetos de muerte (1914), Desolación (1922), Lecturas para mujeres (1923), Ternura (1924), Nubes blancas y Breve descripción de Chile (1934), Tala (1938), Antología (1941), Lagar (1954), Recados contando a Chile (1957), Poema de Chile (1967an, hilondokoa)…
Gabriela Mistral euskal jatorrikoa zen amaren aldetik, Alkaiaga abizenekoa, eta beti harro azaldu zen bere odolaz. Erdi aimara eta erdi euskalduna zela zioen eta horregatik Indio euskalduna deitzen zioten. 1936ko gerra samin handiz jarraitu zuen, eta Euskaditik haurrak erbesterazten hasi zirenean, haien aldeko aldarriak egin zituen, eta lagundu nahian, Tala liburuaren egile-eskubide guztiak horretarako bideratu zituen.
Buka dezadan artikulu hau, Gabriela Mistralen omenez itzuli dudan bere olerkietako bat lerro hauetara ekarriz. Xirimiria izena du. Horratx:
Euri lasai eta triste hau,/ minez den haurraren antzera,/ lurra ukitu aitzin / arras ahultzen da .// Zuhaitza geldi-geldirik dago,/ haizeak ez du ufatzen,/ eta isiltasun handi horretan / xirimiria etengabe ari du.// Zeruak zabaltzen ari zaigun / bihotz handi baten itxura du./ Ez du erauntsirik botatzen, / odoluste luze-luzea da. // Etxe barneko goxoan / gizon-emakumeek ez dute / goitik doakien xirimiri lasai tristea / abantzu entzuten.// Etxe barnean egonik,/ ia ez dute zeruetako/ ur emaria / inolaz ere sumatzen.// Euria ari du / eta mendietan / gaua zelatan dago. / Zer emanen digu ama-lurrak?//
Etxe barnean loak harturik zarete,/ anartean, xirimiria ari du,/ mantso, lasai, hits, triste…/ heriotzaren ahizpa dugu.