Gabonetan galdu ezin dituzun 5 estreinaldi
Gabonetan galdu ezin dituzun 5 estreinaldi –
Gabonak gainean ditugu eta, urtero legez, dagoeneko iritsi da estreinaldi uholdea zinemetara. Ez dakigunez filmen batek arreta piztu ote dizun, hemen dituzu gure ustez galdu ezinezko 5 pelikula (Hego Euskal Herriko estreinaldi datekin).
1- Alanis
(Abenduaren 15ean)
Zuzendaria: Anahí Berneri
Alanisek prostituta moduan egiten du lan Buenos Airesko kaleetan. Urte eta erdiko Dante seme txikiarekin eta Gisela izeneko emakumearekin bizi da, prostitutak biak. Baina ikuskatzaileak joango zaizkie, eta Gisela atxilotuko dute salerosketa egotzita. Maizterrak etxetik botako du orduan Alanis, eta izebarengana joango da, bizimodu berri bat abiatzeko asmoz. Ez da horren erraza izango, ordea.
Filmak zuzendari onenaren (Berneri) eta emakumezko aktore onenaren (Sofía Gala) Zilarrezko Maskorrak irabazi zituen 65. Donostia Zinemaldian.
.
.
2- Muchos hijos, un mono y un castillo
(Abenduaren 15ean)
.
Zuzendaria: Gustavo Salmerón
Kritika oso onak lortu ditu 2008ko krisi ekonomikoaz Gustavo Salmeronek zuzendutako dokumentalak.
Julita amak bere amets guztiak errealitate egin ditu familia ugaria, zimino bat eta gaztelu bat lortuta. Orain, baina, krisi ekonomikoaren ondorioak sufrituko ditu, etxe erraldoia mantentzeko sosik gabe. Hala ere, ekinbideaz eta tentu handiz familia ez hondoratzea lortuko du.
.
.
3- Coco
(Dagoeneko zinemetan)
Zuzendaria: Lee Unkrich eta Adrián Molina
Pixar eta Walt Disney animazio-etxe ezagunek Miguel izeneko gaztetxo mexikarraren abenturei buruzko proiektua aurkeztu dute. Senideak aurka izango dituen arren, bere ametsa musikari ezagun bilakatzea izango da. Bada, Mexikon ospatzen duten Hildakoen Egun koloretsuan, zendutako pertsonak bizi diren mundura joateko aukera izango du hamabi urteko mutikoak, eta arbasoak ezagutuko ditu bertan, baita haiek utzi dioten ondare preziatua ere.
Pixar etxearen azken urteetako proiektu interesgarriena dela azpimarratu du kritikak, eta Gabonetako arrakasta izango dela aurreikusi dute.
.
.
4- The Disaster Artist
(Abenduaren 29an)
.
Zuzendaria: James Franco
Greg Sesteroren liburuaren moldaketa. Itxura guztien arabera Gabonetako film ederrenetarikoa izango den honek, paradoxikoki, historiako zine ekoizpen txarrenaren istorioa kontatzen du: 2003an Tommy Wiseauk zuzendu zuen The Room pelikularen istorioa, hain zuzen ere.
Filmak Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen, eta Urrezko Globoetan komedia onenaren saria jasotzeko hautagaia da.
.
.
5- Molly’s Game
(Urtarrilaren 5ean)
.
Zuzendaria: Aaron Sorkin
Aaron Sorkin gidoilariaren opera prima.
21 urte bete baino lehen aberastu zen Molly Bloom eskiatzailearen istorioa kontatzen du. Joko Olinpikoak galdu ostean, Los Angelesera bizitzera joan eta bertan zerbitzari lanetan aritu zen, besteak beste. Enpresari bikaina izaki, milioiak irabazi zituen pokerraren munduan, FBIak ikertu aurretik.
Aupa Zinea!
Eskerrik asko gomendioengatik 🙂
Ba dakizue hauetako filmeren bat euskaraz bikoiztua estreinatuko ote den?
Mikel
Kaixo Mikel! Guk dakigula ez, ez dira euskaraz bikoiztuta estreinatuko.
Eskerrik asko zuri!