Franz Kafkaren eskuizkribuak nazionalizatu nahi ditu Israelek

Israelgo Auzitegi Gorenaren aginduei jarraiki, idazlearen argitaragabeko hainbat eskuizkribu eta marrazki atera dituzte UBS bankuaren Zuricheko egoitzan gordeta zeuden lau kutxa gotorretatik. Idazlearen argitaratzailea izan zen Max Broden azken nahiak ematen ei dien autoritate morala banderatzat hartuta, Kafkaren dokumentu horiek nazionalizatu nahi ditu Israelek.

MjkzMw==

Dirudienez, Kafkak berak agindu zion Max Brodi, bera hil ondoren, eskuizkribu hauek deuseztatzeko. Idazlea hil zenean ordea, deuseztatu ordez gorde egin zituen testuok Brodek, eta berekin eraman zituen 1939an, naziengandik ihesi, Israela joan zenean.

1945ean bere idazkariari, Esther Hofferi, eman zizkion Kafkaren eskuizkribuak, oraindik proiektu bat baino ez zen Israelgo Biblioteka Nazionalari eman ziezazkion. Max Brod 1968an hil zen, dokumentuen helmuga izan zedin nahi zuen biblioteka oraindik amaitzeke zegoela.

Urte batzuk beranduago ordea, Israelgo Biblioteka Nazionala errealitate bihurtu zenean, bere nagusia izan zenaren aginduei entzungor eginda, Zuricheko UBS bankuan gordeta zituen dokumentuak zeuden lekuan mantendu zituen Hoffek. Are gehiago, 1988an Alemaniari saldu zion “Der Prozess” (Prozesua) nobelaren jatorrizko eskuizkribua bi milioi dolarren truke.

2007an hil zen Esther Hoffe. Bere alabek Kafkaren eskuizkribuen gaineko eskubideak erreklamatu nahi izan zituzten, eta orduan hasi zen familiaren eta Israelgo autoritatearen arteko borroka.

Hofferen alabek diote Israelek ez duela inolako eskubiderik dokumentuak erreklamatzerako garaian, beren amak Brodi egin zion gauza bera egin ziolako azken finen Brodek berak Kafkari. Beraien esanetan, Israelek dokumentuak bereganatzeko darabilen argumentua, Broden azken nahiak ematen dien “autoritate morala”, ezin da sekula beren amaren azken nahiak bi ahizpei ematen dien “autoritate morala” baino indartsuagoa izan. Israelgo Auzitegi Gorenak erabaki beharko du orain eskuizkribuen jabetza eskubideak Esther Hofferen alabenak ala Israelgo estatuarenak diren.

Baina, azken finean, ez al luke beste inoren azken nahiak baino balio gehiago izan beharko Kafkaren beraren azken nahiak?

Irudia | Franz Kafka | Yan Basque | Creative Commons By SA
eskuizkribuak, Franz Kafka, Israel

Zer duzu buruan “Franz Kafkaren eskuizkribuak nazionalizatu nahi ditu Israelek”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude