Fortnite sukarra: Zer da eta zergatik egin da birala?
Fortnite sukarra –
Fortnite izeneko bideo-jokoa birala bihurtu da azken hilabeteetan, eta sekulako sukarra sortu du gaming zaleen artean. Egun, aski arrunta da guraso bat Play Stationean jolasten ikustea, kasik alaba edo semea ikustea bezain beste. Gaming-ak mainstreama konkistatu du eta jada ez da eta ez da inoiz izango frikien kontua. Epic Games enpresak garatutako Fortnitek jada 40 milioi erabiltzaile baino gehiago lortu ditu, eta badirudi ez dela une bateko hype-a izango, Pokemon Go-rekin gertatu bezala. Aztertu dezagun: Zer da Fortnite? Eta zergatik lortu du halako arrakasta?
Fortnite hirugarren pertsonan jokatzeko shooter generoko jokua da. Hirugarren pertsona esaten zaio, jokatzen ari zaren bitartean zure pertsonaia ikusi dezakezulako. Lehenengo pertsonako shooterretan zure eskua eta arma baino ezin ditzakezu ikusi, eta horrek dezente aldatzen du jokatzeko era. Epic Gamesen jokuan bi jokamolde nagusi daude, Save the world (Mundua libratu) eta Battle Royale. Bigarren hau egin da birala. Irla batera paratxutean salto egin eta bizirautean datza jokuak. Zuk aukeratzen duzu nondik hasi, nora salto egin. Bertan era askotako armak topatu ditzakezu, eta berauek erabili gainerako jokalariak hiltzeko. Jokatzen ari zaren bitartean ekaitza izenekoa agertzen da, eta honek zehazten du uhartearen zer zatitara mugatuko den jokua. Denbora pasa ahala geroz eta leku txikiagoa izango dute jokalariek.
Tira, esango duzu, baina Battle Royale erako joku gehiago ere badira! PUBG (PlayerUnknown Battlegrounds) esaterako. Eta orduan zergatik egin da horren birala Fortnite alaena? Hona hemen faktore batzuk.
1) Muxutruk deskargatu eta jokatu daiteke
Gako nagusia honakoa da. Dohain dela jokua, alegia. Edonork jaitsi eta jokatu dezake zentimo erdia ordaindu gabe. Eta horrek ikaragarri errazten du dena. Epic Gamesek apustu egin du dohakotasunaren alde, eta asmatu egin du. Izan ere, diru sarrera mordoa ari da izaten joku barruko erosketen bitartez. Aukeratutako pertsonaia pertsonalizatzeko skin, animazio, objetu, jantzi eta dantzak erosi egin behar dira.
2) Marrazki bizidun itxurakoa da
PUBG-en ez bezalaxe, honakoa marrazki bizidun itxurakoa da. Ez da odolik inon ikusten, eta animazio zein interakzio denak haurrentzako zein helduentzako eginda daude. PUBG askoz ere errealistagoa da, gordina zentzu guztietan. Honek edozein adineko jokalariak erakartzea ahalbidetu du. 9 urteko haurretik hasi eta gurasoen adineraino.
3) Multiplataforma muturrera
Dohakoa bai… baina kontsola izan beharko duzu etxean, ala? Ez. Multiplataforma kontzeptua muturrera eraman du Epic Gamesek, joku hau edonoren eskura jartzeko. Kontsola guztietan dago eskuragarri (Nintendo Switchen salbu), baina PC/mac/linuxen ere jokatu daiteke. Eta hori gutxi balitz mugikorretan ere bai! Horra jokua birala bihurtzeko beste gako nagusia, dohakotasunarekin batera. Ez dago aitzakiarik jokua ez probatzeko.
4) Mundu dibertigarria
Bakarrik edo lagunekin jokatu dezakezu, denbora errealean, elkarrekin hizketan. Zure pertsonaiarekin dantza egin dezakezu, janzkera eta itxurarik arraroenak eraman. Ahalik eta pertsona gehiena ezabatzen saiatu sniperrarekin, edo sastraka artean ezkutatuta partida irabazten saiatu. Aukera asko ematen ditu jokuak. Gainera denboraldiro (Orain jokuaren 4. denboraldia hasi berri da) Epic Gamesek aldaketak sartzen ditu jokuan: objetu eta gaitasun berriak sartu eta mapa berrituz.