Nazio kontzientzia, abertzaletasunaren ezinbesteko irizpidea

Nazio kontzientzia, abertzaletasunaren ezinbesteko irizpidea –

Euskal Herrian, «abertzale» terminoa ardura erabiltzen dugu. Berez, etimologikoki, aberria maite duen hura seinalatzen du.

Nazio kontzientzia, abertzaletasunaren ezinbesteko irizpidea«Aberri egunaren» kasu berezian izan ezik, «aberri» terminoa gutitan erabiltzen dugu. Guretzat gaurko doxaz besteko edo haraindiko kutsua ote lukeelako? Zer nahi gisaz, Sabino Arana Goirik asmaturiko neologismo bat da, gure arbasoen herria izendatzeko.

Ene ustez, «aberri» terminoak «herri» terminoak baino esangura esplizituagoa dauka. Izan ere, aberria da gure arbasoenganik oinordetzat ukan dugun herria.

«Arbaso» terminoak badu, bada, esangura kolektibo eta etniko nabaria. Gaur, erran daiteke beharbada «ene aita», lehen «gure aita» gehiago aditzen bazen ere; «ene arbasoak» erraitea bera, berriz, bitxi egiten zaigu, eta «gure arbasoak» erraitea, aldiz, naturalagoa.

Orduan, aberriak iradokitzen du giza komunitatea zentzu zehatzean eta betean, alegia, lur, hizkuntza, bizimodu eta arbasoen oroitzapen komuna dauzkana: ez da «ene» herria, baizik eta «gure» herria, gure «arbasoenganik» oinordetzat ukan duguna.

«Aberri» izan daiteke erdaratik datorkigun eta guk ere erabiltzen dugun «nazio» hitzaren sinonimoa. Frantziarrek gogotik baliatzen dute; batez ere, Frantzia egiaz edo gezurrez lanjerrean dela sentiarazi  nahi dutelarik.

Beharbada «nazio» terminoak zentzu zabalagoa adieraz lezake, barruan sartuko bailituzke arbasoak kanpotik etorri arren gure aberriarentzat hautu bat egin dutenak eta horrengatik aberkidetzat onartuak izan direnak.

Gure historian zehar, eta bederen Nafarroako erreinua zatitua izan zenetik, salbuespenak salbu, euskal nazioaren batasunaren sentimendua oso gutitan baizik ez da argi egon. Gehienetan entzun dira «biba Bizkaia», «biba Nafarroa», «biba Xiberua», «hirurak bat» edo «laurak bat» ere, bainan «biba zazpiak bat» guti…

Gaur ere, bakoitzak bere lurraldea, bere euskalki berezia, bere historia partikularra, bere bizipen gogorren eragina, eta askatasunerako bidean bakoitzak bere erritmo propioa…

Horiek oro arrunt oker ez izanikan ere, dena ere on dugu batasuna gerora gibelatzeko!

Berrikitan, EAEko aldizkari ezagun batean, bi politikarik independentziarako baldintzak ba ote dauden ala ez dauden jakiteko eztabaida luzea egin, eta nehon ageri ez Nafarroa, ez eta Iparraldea.

Berak aspaldian batu diren nazio biren kontra ari garela, gure portaerak emaiten du suizidio kolektibo bat.

Horrela arituz, gure determinazioa ez da sinesgarria, ez etsaien begien aurrean, ez eta gure begi propioen aurrean.

«Hil edo biziko» premia da aldarrikatzea aberria bat dela, nazioak bat izan behar duela.

Horrengatik, hau buruan argi eduki gabe, gaur egun ez dagoke gehiago ez abertzaletasunik ez abertzalerik.

Nazio kontzientzia abertzaletasunaren ezinbesteko irizpidea da.

.

*Jatorrizkoa Gure Berriak webgunean.

.
Nazio kontzientzia, abertzaletasunaren ezinbesteko irizpidea
.

.

.

.

2018ko apirilaren 16a.
Beñat Castorene.
Nazio kontzientzia, abertzaletasunaren ezinbesteko irizpidea

aberria, abertzalea, Beñat Castorene, Euskal Herria, herria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude