“Tomboy” (2011) eta “The Florida Project” (2017) filmak eskuragarri Filmazpit katalogoan
“Tomboy” (2011) eta “The Florida Project” (2017) filmak eskuragarri Filmazpit katalogoan –
Alde batetik, Céline Sciamma zinemagileak haurtzaroa eta sexu-identitatea jorratzen ditu Tomboy (2011) filmean eta bestetik, Sean Baker-ek Floridan turistak erakartzeko guneen kanpoalde txiroetan bizi direnen argazkia dakarkigu The Florida Project (2017) filmean.
Céline Sciamma zuzendariak Tomboy bere bigarren film luzea Berlinale-ko Panorama sailean aurkeztu zuen, aurreneko film luzearekin Naissance des pieuvres (2007) Cannes-etik igaro ondoren. Zalantzarik gabe, zinemagile ibilbideari indartsu ekin dio Sciammak eta etorkizun handiko zuzendaria, gorantz ari den emakumezko zuzendari belaunaldi baten barruan koka dezakegu (Mia Hansen-Love, Léa Fehner, Rebecca Zlotowski…). Tomboy filmak erraztasun ikaragarriz erakusten digu Laure 10 urteko neskato protagonista bere auzo berrian Michaël bilakatzen dela. Bertan egiten dituen lagun berriak ez dira aldaketa honetaz ohartuko eta ahizpa txikiak zalantzati baina onartu egingo du iruzurra. Udarak luze eta bero joko du gazteei aire zabalean gozatzeko aukera emanaz. Hala ere, oporraldiaren amaierak errealitatera itzulera dakar denentzat. Haur taldeak bikain lan egiten du Sciammaren esanetara eta batez ere Laure/ Michaël (Zoé Heran), berebiziko naturaltasunaz eta hunkigarri agertzen zaigu.
Sean Baker zuzendariaren The Florida Project filmaren izenburua, egun batean Walt Disney-k community of tomorrow izeneko bizileku utopikoa eraikitzeko egin planei keinu ironikoa da. Gaur egun, dirua egiteko makina bilakatu den Disneyland-etik gertu, AEBetako familia txiro askoren bizileku bilakatu dira Magic Castle edo Futureland izeneko hainbat motel. Horietako batean bizi dira 6 urteko Moonee (Brooklynn Kimberly Prince) eta bere ama Halley (Bria Vinaite). Askotan moteleko gela ezin ordainduta, Halley-k edozeri eusten dio dirua lortzeko. Bitartean, Mooneek abentura ezberdinak bizi ditu moteleko hainbat laguntxorekin. Willem Dafoe bezalako aktore ospetsuen ondoan, hainbat dira aktoreak ez direnek antzeztutako pertsonaiak, Bria Vinaitek bizitza ematen dion Halley-rena bezala, Baker-ek Instagramen aurkitutako izar berriaren lana. Nahasketa honek berak ematen dio filmari berebiziko benetakotasuna.
Tomboy filmak honako sariak jaso ditu besteak beste: Berlinale 61, Teddy saria; Xixoneko Zinemaldian, Publikoaren Saria; Toronto Zinemaldian, Publikoaren saria. The Florida Project filmak bere aldetik: Urteko Filma Onena saria, AFI Awards, AEB; Aktore Gazte Onena saria, Broadcast Film Critics Association Awards; edo/eta Zuzendari Onenari Saria, Heartland Film.
Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak jatorrizko bertsioan eta publiko zabal bati zuzendutako kalitatezko film sorta ederra jartzen du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura, kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira. Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.
Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua www.filmazpit.eus webgunean.