Fikzioaren ipurdia
Ur Apalategiren ipuin liburua kaleratu zenetik (2010eko irailean) ikusmina sortu zidan azaleko argazkiak. Segur aski norbaitek (Gorka Lasa egileak kasu) azaldu du dagoeneko argazki horren misterioa. Interneten bilatu dut azalpena, eta ez dut aurkitu. Agian hortxe dago, baina miope xamarra naiz. Begi laburra, ikusmenaren zein teknologiaren aldetik.
Beraz, miopiaren lanbroetatik, saiatuko naiz argazki horren misterioan sartzen. Besterik ez bada ere, uda betean gaudenez, oso argazki freskagarria delako, bai bisualki –blogari batek nabarmendu duen bezala-, bai intelektualki.
Beste batek (Satorralde), “Fikzioaren pubisa” sarreran seinalatzen du, batetik, neskari ez zaizkiola izterrak ikusten. Bestetik, honela dio: “Neskak urpean liburu bat irakurtzen du, liburu horren azalean neskak urpean liburu bat irakurtzen du, liburu horren azalean… liburu hori bera da guk esku artean duguna. Gu ere fikzioa gara.”
Saia gaitezen, bada, irudikatzen liburu bat irakurtzen ari garela –komunean, demagun-, eta geu agertzen garela liburu horren azalean, liburu hori komunean irakurtzen. Noiz atera digute azaleko argazkia?
Hortxe dago gakoa: Nola sartu da argazkiko neska igerilekuan liburu hori eskuetan?
Neska igerileku batean dago, urpean –esan bezala-, igeri egiteko antiojoekin liburu bat irakurtzen. Neska igerilekuaren fondoan jarrita dago, praka motzetan, eta apenas ikusten zaizkion izterrak. Ordea koska ez dago horretan. Neskak begi aurrean duen liburua gure eskuetan dagoen liburu bera da, itxuraz: azalean neska bera agertzen da, toki berean, postura berean, eta testu berberak buru gainean: “Ur Apalategi. Fikzioaren izterrak”.
Koska honetan dago, nire irudiko: ez dela guk eskuetan dugun liburu bera. Beste liburu bat dela.
Beste liburu bat du neskak eskuetan. Ez dut esango beste liburu bat irakurtzen ari denik, nahiko lan du hatsari eustearekin. Bera beste liburu batekin sartu zen igerilekuan. Beste azal bat zeukan liburu bat. Eta beste azal hori estalita geratu da.
Ez ordea kontrazala. Guk eskuetan dugun liburuaren kontrazala antzekoa da, baina ez berdin-berdina.
Batetik, goiko zerrenda beste kolore batekoa da –argiaren efektua izan liteke?-. Bestetik, kontrazaleko testuak hiru paragrafo ditu bi liburuetan, baina paragrafoen lerro kopuruak ezberdinak dira. Eta paragrafoen azken lerroak ere ezberdinak.
Bi liburuen bizkarrak ere ez datoz erabat bat. Zerrenden koloreak aldatzen dira hor ere, eta testuak. Neskak eskuetan duen liburuko testuak ez dira ongi bereizten, baina ezin dira inola ere “Ur Apalategi” eta “Fikzioaren izterrak” izan.
Liburutegian, Susaren liburuetan bilatu dut, bizkar eta kontrazal horiek zer libururenak izan litezkeen. Eta uste dut topatu dudala. Baina miopea naiz, eta ez naiz ausartzen hemen ematera. Ea norbaitek ikusten duen nik baino garbiago -edo badakien, nik baino seguruago-, zein den, benetan, Fikzioaren izterrak liburuaren azaleko neskak eskuetan duen liburua.
Niri Xabiertxo dakarkit gogora.
Egia da. Guztiz ahaztua nuen Xabiertxoren aurrekaria. Esker mila.
Oso lotura interesgarria da, bestalde, fikzioaren ipurdiaren bila segitzeko. Sakontzeko. Argazki eta marrazkiaren arteko aldea aztertuz, adibidez. Argazkian badaude geruza ezberdinak, elkarren gainean. Marrazkian dena geruza berean dago. Edo zirriborroak baino ez daude marrazkiaren eta orri zuriaren artean.
Ordea argazkian badago, erdiko geruza batean ezkutatuta, beste liburu bat. Liburutegietan eta liburu dendetan nornahiren eskura dagoen bat. Uste nik dudana bera bada, benetan, irakurri egin nuen, “Fikzioaren izterrak” baino lehenago, liburu hori.
(Aparte, Xabiertxoren kasuan ere badago beste liburu bat. Begiak zorroztuz, Xabiertxo irakurtzen ari den “Xabiertxo” liburuaren azalean ez dira egileen izenak agertzen. Inprentako akatsa izan liteke. Baina azal horretako Xabiertxo irakurtzen ari den liburuak ez du izenbururik. Beste liburu bat da, naski. Baina ez dugu jakiterik: Xabiertxo horrek beste inork ez du liburu hori irakurri, ez irakurriko. Fikzio huts-hutsa da).
Kugema, arretaz aztertu duzu FIKZIOAREN IZTERRAK ipuin liburuaren azala. Eta bistan da, ez zara zuk diozun bezain miopea. Beraz, esaguzu zuk zeuk zein den argazkian ostenduta geratu den liburua, dagoeneko ezagutu baituzu. Nola nahi ere, liburuaren idazleak Ur baldin badu izena eta argazkiko irakurleak urpean leitzen badihardu, ez da zaila izango Susako liburuen zaleentzat asmatzea zein liburu dagoen argazkian ezkutaturik, uretan burbuila bat berehala desagertzen den antzera.
Oso miopea naiz, benetan, Gorka. Txikitatik. “Laubegi” deitu didate maiz. Beti bi begi gehiagoren beharrean, nire bi begi laburrak (eta daltonikoak, gainera; hori ez dago nola zuzendu). Baina beste bi begi horiek ez dira inoiz erabat “nireak”. Agian horregatik naiz hain mesfidatia, ikusten (uste) dudanarekiko.
Bereziki ur azpian. Hor erabiltzen ditudan antiojoak ez dira graduatuak. Azken partean sartu dudan irudi horretan bezain lainotsu ikusten dut dena.
Segurtasun falta fedez bete behar izaten da: ikusi eta sinistu, horixe dela ikusi duzuna, benetan. Zeharka, askotan. Ingurukoei hartzen dizkiozun erreferentziei esker. Esaterako, zure komentarioa irakurri eta ondorio hauek ateratzen ditut:
1-Zuk bai ongi dakizula nola egin den argazki hori.
2-Zuk onartu egin didazula beste liburu bat dagoela neskaren eskuetan.
(Lehen zalantza: edo ziria sartu nahi dit, hanka hondoraino sar dezadan?)
(Tira, Gorkaz fidatu. Aurrera)
3-Zuk ongi dakizula zer liburu den.
(Bigarren zalantza: zertarako nahi du ba, nik esatea? Zer axola dio ba, nik asmatzeak edo hanka sartzeak, liburu hau, hori edo hura dela esatean?)
(Tira, fidatu, Gorka fede onez ari dela. Hau joko bat baino ez da. Bota pistinara!)
4-Pista on bat eman duzu.
(Hirugarren zalantza: despistatzeko zerbait ere utzi du, aski gaiztoa. Zer da burbuilaren kontu hori?)
zulo bat da burbuila.
Esker mila, Gorka.
Beharrezkoa nuen zure edo beste norbaiten konfirmazioa. Ez zen jakinmin hutsa. Azken batean, azal horretako uretan agertzen diren burbuilak ez dira desagertuko. Igerilekuko neskaren eskuetan geratuko da liburu hori, niretzat. Kontrazala eta bizkarra beste liburu horrenak ziren, ustez. Orrien goiko ertz zuriak. Orri horietan (benetan) dagoen testua. Irakurri nuen testu hura. Liburu hura. Barrutik ezagutu nuena –irakurle honen gaitasuna zela muga bakarra-. Azala baino ez zitzaion falta. Azala, eta konfirmazioa.