“Checkpoint Rock”: gustuak eta iritziak

Aitor dezadan Checkpoint Rock dokumentala ez zitzaidala gustatu. Aitor dezadan ere, pelikula guzti-guztia ez nuela ikusi. Baliteke, haria galdu ezkero aspergarri izatea Fermin Muguruzak egindako lana. Dena den, ikusi nuen zatiak ez zidan arreta jartzeko arrazoirik eman, eta zapping egiteari gogotsu ekin nion.

Oker egon naiteke, izan ere, iritziak subjetiboak dira eta irakurri ditudanak Muguruzaren lana goraipatzen dute. Baina euskal kulturaren kontuekin, Hedoi Etxartek Argian idatzi zuen bezala, nik ere susmatzen dut hemen kritikatzeari diogula beldurra. Ematen du, kultura txikia izanda, ezin diogula geure buruari kritikatu.

Halere, nire hitzak zehaztu nahiko nituzke, inork pedantetzat har ez nazala. Susmoa diot, ni ez bainaiz aditua; baizik eta zalea. Egun, ez daukat “iritzi borobilak” emateko irizpiderik eta informazio asko falta zait. Beraz, ezin dut esan “hau ona” edo “txarra” den, baina bai “hau gustatu zaidala” edo “ez zaidala gustatu”. Uste dut bereizketa handia dela; guztiok noizbait egin beharreko aitorpena ere.

Beste kulturetan bezala, euskal kulturan egiten den guztia ezin dugu denok atsegin. Ez bakarrik “goi mailakoa”, baizik eta “herrikoa” ere. Batzuk nire zutabea gustuko izango dute eta beste batzuk aharrausi egingo dute hitz bi leitu bezain laster. Dena den, Muguruzaren dokumentala beste behin ere ikusteko gogoa daukat neure “iritzi osoa” plazaratzeko. Atzetik egon den lan guztiak merezi du, baita Fermin-en ibilbideak ere.

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.