Fikzioan guztiak balio du?
Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko zinema jaialditik ezaguna genuen Srdjan Spasojevic zuzendariaren A serbian film, ezin baikenuen azkenean ikusi ahal izan. Donostiako epaitegiek zentsuratu egin zuten, baina ala ere, ikusleen saria jaso zuen, adierazpen askatasuna aitortzeko.
Porno star erretiratu batek muturreko sexua eta indarkeriazko sekuentziak filmatzeko txeke zuri bat jasoko du, eta horixe da A Serbian Film pelikulak erakusten ei duena (ez baitugu trailerra besterik ikusterik izan). Bi eszena bereziki gogor omen ditu filmak: batak haur jaio berri baten bortxaketa erakusten du, eta besteak sumatzen denez, adin txikiko batekin ari da harreman sexualak izaten pornoko izarra. Alabaina, eszena gogor guztiak simulatuak dira, haur jaioberri bortxatuaren kasuan, adibidez, panpina batekin simulatua.
Bi eszena horiengatik adin txikikoen defentsoriak salaketa jarri zuen Bartzelonako epaitegietan, eta Fiskaltzaren arabera bi eszena horiek Espainiako Kode Penala urratzen dute, haur pornografia dela iritzita. Ondorioz, zinema jaialdiko zuzendari artistikoa Angel Sala inputatu dute, ez filmaren zuzendari edo produktoreak. Eta filma ezingo da ikusi Sitgeseko jaialdian.
Filmaren zuzendariaren arabera, serbiarrengan gerrak utzi zuen beldur kolektiboaren metafora bat da filma, sentsazionalismoa eta transgresioa baliatzen dituena. Haur pornografia, gainera, gizakiaren degradazioaren baxueneko adibidetzat erabiltzen ei du zuzendariak.
Horror movie gisa izendatu dute filma ikusi dutenek, muturreko indarkeria erakusten ei duena. La naranja mecánica-ko indarkeriarekin konparatu dute. Eta polemikak Nagisa Oshimaren 1976ko filmarekin gertatutakoa ekartzen du gogora, El imperio de los sentidos.
Eta noski, gertatutakoak zalantzak sortzen ditu: Guztiak balio du fikzioan? Mugarik jarri behar zaio sormenari? Horiexek dira Bartzelona eta inguruetan dabiltzan galderak. Fikzioa izan al daiteke delitu? Epaile batek film bat zentsuratzen duenean, nola jokatu behar dute artistek? Epaileek diote Kode Penalak ezartzen dituen mugak errespetatu behar dituela fikzioak ere, hau da, ez duela guztiak balio, ezta fikzioa izanagatik ere.
Errazena, euren burua zentsuratzea izan liteke. Horrek, hasteko eta behin, generoa bera, beldurrezko zinemaren generoa zalantzan jarriko luke, kode penalari begira. Eta gainera, epaileek beti lortzen dute kontrako efektua: jendearengan jakin-mina eta ikusmina sortzen dute, orain jende guztia ari da A Serbian Film-i buruz hizketan, eta bere horretan eman izan balute, ZuZeun ez luke lerrorik izango.
A Serbian film dozena bat jaialditan erakutsi ahal izan dute, eta Donostian eta Bartzelonan izan ditu bakarrik zentsurak eta salaketak. Sariak ere jaso ditu, Portugalen, Serbian eta Quebecen.