Familiatik kanpoko transmisio lortua (III)
Familiatik kanpoko transmisio lortua (III) –
Abaituaren erlazioa transmisioarekin ez da mugatzen seme Loiolarekin duen harreman zailera. Garrantzitsua da halaber Sagastizabal iraunarazteko erakusten duen ausardia, bestelako ñabardura eta lorpenak erakusten baititu.
Saizarbitoriaren literaturaren ezaugarri sakonetako bat dugu hemen. Ez da bakarrik Saizarbitoriaren eleberrietan ageri, baina nekez aurki daiteke, oraingoz behintzat, goi-mailako literaturatik at.
Erabaki zentzuzkoak ez ditugu hartzen lasai eseri, gure buruari galdetu, hausnartu eta erantzuna garbi zehaztu ondoren. Ikusi nola deliberatzen den Abaitua amerindiar etorkinari baserrian erditzen laguntzera, nola hartzen ditugun erabaki itxuraz libre eta autonomoak: Lynnek proposatzen dio Peruko ohitura bati Sagastizabal baserrian eustea, Luz bertan erditzen lagunduz, horixe baita, amerindiar tradizio horren arabera, etxe berrian txertatzeko modua. Abaitua ilustratua ez dago ados eta haserre ihardetsiko dio (lehenbiziko haserrealdia Lynnekin).
Bestalde, Abaitua errudun eta nazkagarri sentitzen da aspalditik, Teresa Hoyosi, esplorazio ginekologiko batean, beharrik eta eskularrurik gabe, atzamar bi baginan sartu eta bertan eduki zituelako zenbait segundoz. Geroztik, ez du Hoyos ikusi.
Lynnekin zapuztu ostean, ordea, Hoyos klinikan topatu, Sagastizabalen erditzearen aukeraren berri eman eta Hoyosek ere eskatuko dio Luzi baserrian erditzen laguntzeko. Lynnek eskatuz geroztik, orduak aurrera, bigunduz joan da pixkanaka Abaitua, malgutuz eta burubidez aldatuz, eta Hoyosek eskatutakoan amore emango du zeharo, orduan inplikatuko da buru-belarri hemengo aurrerapen ilustratuak agindutakoa, ospitalean erditzea, hautsiko duen jokabide batean, ondo badaki ere zigorra ekar diezaiokeela (eta ekarriko dio).
Abaituaren pozak goia joko du Antigonaren alde eta Kreonteren aurka egitean, aldi berean bere burua Argien fundamentalistatzat hartu eta aitaren legearen beharra onartzen duen arren, Saizarbitoriaren obran sarritan gertatzen baita protagonista bakar baten baitako ikuspuntu eta jarrera inkonpatibleak batera izatea egiazkoak bizitza errealean.
Ikusgarria da zelako talentuz darakutsan Saizarbitoriak kulpan dituela sustraiak Abaituari unerik zoriontsuena ekarriko dion erabaki lehen begiratuan askeak: Lynnek txantaje emozionalaren pilota bota dio, baina Abaituaren hisialdiarekin talka egin eta atzera egingo du pilotak; ezustean, ordea, Abaituaren erruaz inbestitua den Teresa Hoyosek pilota berriro jo eta Abaitua, azkenik, Sagastizabalerako bidean jarriko zaigu.
Kulpa dago arrazoiaren eta zorionaren oinarrian. Pozaldia pasako da, baina Abaituaren errua gelditu egingo da, aireportuko uhal garraiatzaileak biraka eta biraka daramala, inork hartzeke, erru hori garbitu zezakeen bakarra, Lynn, elbarri-aulkian baitatza, Martinek jagona.
Familiatik kanpoko transmisio lortua (III)